Sehaskatik bizitzara salto egin zutenetik dira lagunak Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro (Donostia, 1998), 2 urterekin biak Zurriola ikastolan hasi zirenetik. Kuadrillan elkartu ziren gero, eta mendian ere sokakide izan dira betidanik. «Eskalatzen normalean batera aritzen gara. Baditugu lagun gehiago eskalatzen dutenak, noski, baina lehen aukera beti batak bestea izaten du. Gozamena da: elkar oso ondo ezagutzen dugu, eta keinurik txikienarekin badakigu besteak zer esan nahi duen», nabarmendu du Murok. «Txikitako soka garela esan daiteke», gehitu du Txintxurretak. Adiskidetasuna da, sakonean, istorio honen oinarrian sumatzen dena, sokaren korapiloa estutzen duena.
Gurasoen bizkarrean edo haien eskutik mendian hastea, etxe inguruko mendietan zailtzea, lehen eskaladak —Santa Barbara eskola maitean, nola ez—, Pirinioak, Alpeak —Kuffner ertza, Bionnassayko integrala, Peutereyko orratzaren hegoaldeko ertza...—, harkaitza, elurra eta izotza, korridoreak... urratsez urrats trenkatzen da mendizaletasuna. Hala izan da Muroren eta Txintxurretaren kasuan. Duela bi urte, berriz, Andeetako urratsa etorri zen: Peruko Cordillera Blancan hainbat eskalada egin zituzten bi donostiarrek; aipagarriena, Pou anaiek irekitako Hanan Paccha bidea, Ekialdeko Urus mendian.
Aurtengo udarako, berriz, ezohiko latitude eta mendietan jarria zuten mira bi gazte donostiarrek: Kirgizistango Dzhangart mendietan. Kirgizistan eta Txinako mugaldean goratzen dira mendi haiek, Issyk-Kul aintzira erraldoiaren hegoaldean. Inor gutxi barneratu izan da orain arte mendilerro hartan eskalatzaile begiekin: zortzi bat espedizio baino ez. Ez dira oso urrun Tien Shan mendilerroko erraldoiak, Pobeda, Khan Tengri eta beste, eta agian hori izan daiteke Dzhangartera hain jende gutxi joateko arrazoia, 5.000 metro inguruko mendiak baitira doi-doi. Nolanahi ere, esplorazioa, bakardadea, inor ibili gabeko lekuetan eta mendietan ibiltzea, bide berriak zabaltzeko aukera... mendiaren altuera bera baino osagai erakargarriagoak iruditu zitzaizkien Txintxurretari eta Murori. Baita Takolo Bekaren antolatzaileei ere, bi gazteontzat izan baita aurten beka.

Uztailaren 26an Bixkek hiriburura iritsi, Vladimir Komissarov kontaktuarekin elkartu, eta Tossor herrira joan ziren zuzenean. «Issyk-Kul aintziraren ondoan dago herri hori, 1.700 metro inguruan. Altueran dauden aintzira handienen artean munduko bigarrena da Issyk-Kul, Titicacaren ondoren. Fruta arbola ugari dago inguru hartan, abrikotondoak, sagarrondoak... Ederra da lekua. Hondartzak ere badaude gaur egun: turismoa iristen ari da, hotelak eraikitzen ari dira...», azaldu dute bi donostiarrek. Haiek, ordea, hondartzara ez, mendira abiatu ziren segituan, sobietar garaiko GAZ-66 kamioi batean. «Hango errekak gurutzatzeko ibilgailu egokienak dira, ia traktoreenak diruditen gurpil handi horiekin», azaldu dute.
Ezusteko pista
Dzhangart mendilerrora bidean hasi ziren ezustekoak. Lur arre eta idor haietan gora eta gora, pistak etenik gabe jarraitzen zuela ohartu ziren. «Iaztik hona pista zabal bat eraiki dute Dzhangart Pass leporaino, eta guk ez genuen horren berririk, ezta Vladimirrek ere. «Pista horrek asko erraztu zigun kanpaleku nagusira iristea eta gure dendatxoa aurreikusi baino dezente gorago jartzea». Izan ere, azpiegitura handirik ez, birentzako denda kozkor bat izan zen haien kanpaleku nagusia, bazter polit batean, 3.700 metrora.
«Bakartuago egongo ginela uste genuen, agian mendi tenteagoak espero genituen, baina, gainerakoan, oso gustura gaude egin dugun jarduerarekin»
MIKEL TXINTXURRETA Eskalatzailea
Donostiarrek jasotako informazioaren arabera, urre meategiren bat atzeman dute txinatarrek Dzhangart Pass lepo horren beste aldean, eta hango lur itxuraz elkorretan behar beste pista trauskil hondeatzeko aski arrazoi izan da hori. «Ondorioz, aurreko espedizioek izan zuten bakardade hori ez dugu horrenbeste sumatu. Meatzariak zeuden, aldian behin ibilgailuren bat igarotzen zen, geofisikoen espedizio bat ere etorri zen elektrizitate instalazio bat jar ote zitekeen aztertzera... Beraz, urrun eta bakarrik egon nahi genuen, baina ez dugu halakorik aurkitu. Halere, pistak asko erraztu digu mendietara hurbiltzeko bidea. Eta, gero, mendian, bakar-bakarrik egon gara. Gu ginen han eskalatzaile bakarrak», azaldu dute.
Aurrez Google Earth-en ikusitakoaren aldean, bertatik bertara, «espero baino borobilagoak» iruditu zitzaizkien mendiak: «Ez dira Cervino modukoak, ez dira mendi zorrotz eta malkartsuak, ez dira itzelezko paretak, baina mendi puskak dira hala ere, eta jarduera interesgarriak egiteko aukera dago haietan», azaldu dute.
Dzhangart Pass leporaino igo, haran nagusian behera zertxobait jaitsi eta, eta handik bederatzi haran txiki sortzen direla ikusi zuten. Zain haietan aurrenekoan egin zuten lehen barneraldia, altuerara girotzeko begiz jota zuten mendi batera. «Litekeena da glaziar hura zapaldu duten lehenak izatea. Sekulako glaziar puska da, eta lortu genuen goitik, arroketatik, ia kasualitatez bide on samar bat topatzea glaziarrean sartzeko, eta igo nahi genuen mendirako bidea aurkitzeko», azaldu du Txintxurretak. Ondoren, 300 metroko izotzezko horma eskalatu zuten, eta amaieran «ertz polit bat», gailurreraino. Mendiak doi-doi 5.000 metroak harramazkatzen zituela adierazi zien GPSak: 4.925 metro zehazki. Lehen mendi horri Pik Manzano izena jarri zioten, duela bost urte errepideko istripu batean hildako kuadrillako lagun baten omenez. Adiskidetasunezko lehen keinua.

Bederatzi haran txiki haietatik bigarrenean sartu ziren hurrena, Thusumbodum mendia (5.081 m) jomuga. «Gailur hori Cati Llado eta Tomeu Rubi mallorcarrek eskalatu zuten lehen aldiz, duela hamabost urte. Haien argazkiekin alderatuta, gaur egun mendiak askoz elur gutxiago dauka, eta glaziarra ere okerrago zegoen, baina haiek irekitako bidearen ezkerrera zerbait zabaltzeko aukeraren bat ikusi genuen». Eguna argitzerako hormaren azpian zeuden. Izotzean, luze bat bestearen atzetik, hamaika egin zituzten azkenean, 60 metroko sokak ematen zuen luzera osoan. «Mistoko pasarteren bat kenduta, eskalada gehiena izotzetan izan zen, itzalean, gailurreko ertzeraino. Ertzean, ordea, eguzkiak jotzen zuen, eta gainean jarri orduko sekulako elur purga gertatu zen. Gailurra gertu ikusten genuen, baina baldintza haietan goraino igo gabe bide beretik rappel egitea erabaki genuen». Hamazazpi orduko ahalegina izan zen, dendatik dendara.
Zabaldutako bideak 500 metro inguru eta 60 graduko inklinazio iraunkorra duela azaldu dute, 80 graduko pasarteren batekin. Zailtasuna: M3. «Santa Barbara izena jarri genion bideari, gure ohiko eskalada eskolaren omenez. Old school edo eskola zaharrekoak garela esaten digute, eta horregatik Santa Barbara», azaldu du Txintxurretak. «Eta ekipatzaileei eskertzeko urte hauetan guztietan egin duten lana», gehitu Murok. Beste keinu bat laguntasunari.
Bikotekideei eta lagunei keinua
Eguraldi txarraren ondorioz pare bat egunetan atseden behartua hartu ondoren, hirugarren barneraldia egin zuten, beste haran txiki batean oraingoan. Han zegoen bi donostiarren helburu nagusia: Letaveta mendiaren iparra (5.285 m). Lekuan bertan, ordea, berehala baztertu zuten asmoa. «Baldintzak ez ziren batere onak: mendia oso lehor zegoen, beheko aldean ez zegoen ez glaziarrik eta ez elurrik, eta harkaitza oso hauskorra zen». Ondorioz, Letavetaren kate berean ageri ziren beste bi mendi jo zituzten begiz; inork igo gabeko bi mendi. Baina haietan ere, pioleta iltzatu orduko, jabetu ziren baldintzak ez zirela egokienak. «Lehen mendiaren tontorrera igo ginen, 50-60 gradu inguruko maldetan 200 metro inguruko bidea zabalduta eta bukaeran ertz bati jarraituta, baina eguzkiak bete-betean jotzen zuen, eta hurrengo mendirantz jarraitu gabe lehenbailehen beherantz egitea erabaki genuen, egunak aurrera egin ahala arriskutsu jar baitzitekeen», azaldu dute. Igotako mendiari Gama izena eman zioten (4.974 m), Garazi eta Maddi bikotekideen omenez.
«'Old school' edo eskola zaharreko eskalatzaileak garela esaten digute; horregatik jarri diogu 'Santa Barbara' izena bideetako bati»
IMANOL MURO Eskalatzailea
Kanpalekura bueltan, bi egun lehenago goizeko lehen orduetan gurutzatu genuen ibaia oso hazita zetorren arratsaldeko lehen orduan, eta komeriak izan zituzten. «Ni bota egin ninduen uraren indarrak eta blai eginda bukatu nuen», oroitu du Txintxurretak. Geofisiko errusiarren espedizioko kideek hurbiletik jarraitu zituzten bi gazteen aztarrikak, eta haietaz errukituta-edo, kanpalekura gonbidatu zituzten. «Kafea, haragia, zopa... eskaini ziguten, berotan sar gintezen. Harritu egin gintuen haien eskuzabaltasunak. Ingelesez ez zekiten, baina keinu bidez-eta, nola edo hala heldu ginen oinarri-oinarrizko solasaldi bat izatera».

Gama menditik begiztatu zuten beren azken helburua, Thusumbodum mendiaren haran berean, baina barrurago: triangelu formako mendi bat, glaziar labirintiko batek harresitua. Serac erraldoien eta elur zubien artean, sigi-saga zabal eginez urratu zuten bidea izotzezko labirinto kaotiko hartan. Glaziarretik atera eta izotzezko horma bat gainditu ondoren, gailurreko ertz dotorera atera ziren, eta egunsentiko lehen argi printzekin heldu ziren tontorrera. Mendi horri Drug izena eman zioten (4.912 m). «Errusieraz laguna edo laguntasuna esan nahi du. Gama menditik beherakoan errusiarrek agertu zuten eskuzabaltasuna dela eta, haiekiko esker onez jarri genion izen hori». Adiskidetasunari gorazarre, azken mendian ere.
Abuztuaren 12an itzuli ziren kanpaleku nagusira. «Kamioiak, berez, 18an jaso behar gintuen, baina eguraldi txarra zetorren, eta ez geneukan tarterik beste ezertarako. Beraz, gure bila bi egun lehenago etortzeko eskatu genuen».

Egindako jarduerarekin «pozik» itzuli dira. «Bakartuago egongo ginela uste genuen, agian mendi tenteagoak edo zailagoak espero genituen, baina, gainerakoan, izan ditugun baldintzak kontuan hartuta, egin dugun jarduerarekin oso gustura gaude», laburbildu du Txintxurretak. «Inguru hartan lehen euskal mendizaleak izateak, esplorazioaren eta ezjakintasun plusak, horrek guztiak niri satisfazio puntu bat sortu dit. Ikuspegi zabalago batetik begiratuta, berriz, Asian izan gara lehen aldiz, Kirgizistan herrialdea zoragarria iruditu zaigu, jendea oso atsegina, eta errespetu handikoa da...», gehitu du Murok. Takolo Bekaren laguntza ere eskertu nahi izan dute, «hori gabe ezingo baikenuen espedizio hau egin».