Jonatan Larrañaga. Mendiko gidaria eta alpinista

«Alpeetako eskalada Himalaiara eramatea zen helburua, eta lortu dugu»

Orain bost urte Nepalgo Khumbu bailaran egon zenean ikusi zuen lehenengoz Rolwalling ibarra Jonatan Larrañagak. Begiz jota zeukan mendigunetik itzuli berri da; bide bat zabaldu du Chekigon, 6.200 metroko tontor «berri» batean.

JONATAN LARRAÑAGA.
Ainhoa Lendinez
2014ko abenduaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Alpeetako eskalada Himalaiara eramatea da gure helburua», esan zion Jonatan Larrañagak (Algorta, 1980) BERRIAri maiatzean, Joxe Takolo beka irabazi zuela jakin eta proiektua jakinarazi zuenean. Orain bost urte, Nepalen, Khumbu bailarako gailurretatik ikusi eta liluratu zuen ibar hartara eraman ditu Azpeitiko Udalaren sariak: Rolwalling ibar ezezagunera. Iritsi da udazkena, eta bete da ametsa: 20 egunean 6.000 metroko bi tontor eskalatu dituzte, eta 1.300 metroko bidea zabaldu dute horietako batean, estilo alpinoan. Manu Cordova eta Jordi Corominas izan ditu sokalagun.

Alpeetako eskalada Himalaiara eramatea zen helburua. Lortu duzue?

Bai, zorte handia izan dugu, eta oso pozik gaude egindakoarekin. Nepalen ez da ohikoa, ezta erraza ere, hogei egunean bi mendi igotzea, tartean bide zail bat irekita, gainera.

Hori guztia ibar ezezagun batean. Nolakoa da Rolwalling?

Ibar izugarri ederra eta nahiko ezezaguna da. Nepal iparraldean dago, Txinako mugan. Ekialdean Khumbu bailara dago, Himalaiako ezagunenetako bat, Lhotse, Everest eta Cho Oyu han daudelako. Khumbutik gertu egonagatik, oso ibar bakartia da oraindik Rolwalling, baina aldi berean nahiko erraza da hara iristea; 3-4 egunean goi mendian egoteko aukera ematen du, Himalaia erdian; oihanean hasi eta glaziarretara eta goi mendiara iritsi arte, 4.200 metroraino.

Bakardade bila joan zineten... Aurkitu duzue?

Bai; alpinismo aldetik, bai. Txinatarrek itxi egin zituzten euren mugak, eta 2004ra arte Rolwalling itxita egon da turistentzat. Hori horrela, azken hamar urteetan bertan egin diren igoera asko lehenengoak izan dira, inoiz inork zapaldu gabeko mendietan. Gu geu ibili garenean ere beste hiru bikote baino ez dira aritu eskalatzen; amerikarrak, katalanak eta japoniarrak. Alde horretatik, izugarri ederra izan da. Hala ere, uste baino jende gehiago aurkitu dugu behean, enpresak hasi direlako jada hango trekkingak ustiatzen.

Leku ezezagun baina teknikoetan ibili ohi zara. Hori ere hala izan da?

Bai, erabat. Espedizioan joan garen hiru lagunok esplorazio alpinismoa maite dugu. Ohiko bide jendetsuetatik urrundu eta Himalaiako ortzi muga zabaldu nahi genuen. Mendigune askok ematen dute halakoetarako aukera, eta urtero saiatzen gara halako zerbait bilatzen. Alaskan ibili gara, Patagonian... Aurten, Nepalen, bete-betean asmatu dugu.

Orain dela bost urte Nepalen egon zineten, ezagutzen zenuten, beraz, ingurua. Alderik aurkitu duzue?

Oinarrizko kanpalekua, esaterako, ezberdina da ibar honetan. Guk 4.200 bat metrora jarri genuen, baina leku berean 3-4 lodge daude, artzainen etxeak, eta han hartu genuen ostatu. Oso erosoa da gainerako oinarrizko kanpalekuekin alderatuta. Pakistanen edo Indian elur gainean jartzen dira kanpin dendak, eta deserosoagoa da.

Chekigo igo duzue (6.270 m), hori zen helburua?

Bai, baina aurretik beste pare bat gain egin genuen girora egokitzeko eta mendia nola zegoen ikusteko. Chuquima Go (5.950m) eskalatu genuen aurrena. Hogei egun lehenago lagun batzuk igo ziren hara, eta guk ipar hormatik bigarren igoera egin genuen. Hiru eguneko atsedenaren ostean, Chekigo aukeratu genuen. Zuzen-zuzen goraino eramango gintuen bide bat zeukala iruditu zitzaigun mapa eta liburuetan, eta bete-betean asmatu genuen.

Nolako eskalada izan zen?

Gauez atera ginen, 00:00etan, eta 22 ordu egin genituen eskalatzen. Ilargi betea izan genuen, etaasko lagundu zigun horrek. Halako mendi garaietan ez dago argia oztopatzen duen ezer inguruan, eta ilargia itsasargi bat da halakoetan. Eguraldia ere lagun izan genuen, eta hormaren norabidea hegoaldekoa zenez, goizean goizetik jotzen zuen eguzkiak. Zero azpitik hamalau gradutan hasi ginen eskalatzen, baina orduek aurrera egin ahala, bero sentsazioa handiagoa zen. Alpeetan neguan eskalatzen izan ohi ditugun baldintzetan aritu ginen; baina Himalaiako handitasunaren erdian, 6.000-7.000 metrotik gorako mendiez inguratuta. Luxua izan zen.

Zer entzuten da halakoetan eskalatzen?

Ezer ez, hilobietako isiltasuna, erabatekoa.

Shiva bidea zabaldu zenuten han. Nolakoa da?

1.200 metroko bidea da, hiru zailtasun gradu dauzkana: VI, M6 eta AI5/+. Oso bide ederra da, estetikoa, baina arriskutsua ere bai, serac asko zeudelako. Arrisku objektiboa handia zen oso. Zailtasunari dagokionez, oso horma teknikoa zen, oso tentea eta zuzena, gailurrerainokoa, guri gustatzen zaizkigun modukoa. Eskalada mistoan eta izotzetan aritu gara, 6. graduko luzeetan, estilo alpinoan eta 6.000 metrora. Alpeetako zailtasuna Himalaiara eraman nahi genuen, eta lortu dugula uste dut.

Eta gailurra? Nolakoa izan da?

Egia esan, gailurrean ez ginen luzaro egon. Haizeak gogor jotzen du azaroan, eta hotza handia zen. Horrez gain, halako mendietan, lurrera iritsi arte ez zara erabat lasai egoten. Ertz arriskutsu eta zail bat ere zeharkatu behar izan genuen jaitsiera hasteko, erlaitz askokoa eta, beraz, ez ginen luzaro egon goian. Beherakoa ere gogorra izan zen; pare bat elur-jausi gertu izan genituen eta soka bat ere hautsi zitzaigun. Bi egun geroago hasi ginen egindakoaz ohartzen eta gozatzen. Argazki eta bideo labur batzuk egiten genituen goian, lagun eta ingurukoei han bizitakoa erakusteko; baina bizipenak, han sentitutakoak, begietan eta bihotzean guk baino ez dauzkagu iltzatuta.

6.000 metrotik gorako mendi bat 22 orduan eskalatzea ez da ohikoa, ezta?

Ez; egia esan, ez. Zortzi kiloko motxilarekin eskalatu dugu, estilo alpinoan eta atsedenik hartu gabe, eta horrek baditu alde txarrak; edozein akats edo gorabehera suertatzen bada, ez dago horman itxaron eta aurrera egiterik, behera joan behar duzu nahitaez. Horregatik, etxetik irten ginenean asmo batzuk bageneuzkan ere, esan genuen hara iritsi eta mendia nola zegoen ikusita hartuko genituela erabakiak. Eskalatzen hasi aurretik ondo aztertu behar dugu bailara, horma nolakoa den eta zer ezaugarri dituen. Aurreko egunetan materiala hormaren oinera eramaten dugu, eta mendia ikertzen saiatu, okerrik ez egiteko, bidea egun bakarrean burutu ahal izateko eta, edozer gertatuta ere, B plana prest edukitzeko.

Erlojuaren kontrako alpinismoa da etorkizuna?

Orain urte batzuk hiru edo lau egun beharko ziren guk egin duguna egiteko, baina orain azkarragoak gara, hobeto prestatuta gaude, eta azpiegitura ere lehen baino hobea da. Horrez gain, azkartasuna segurtasuna ere bada mendian, denbora gutxiago egiten duzulako arriskuan.

Nola moldatu zarete taldean?

Manurekin [Cordova] oso harreman estua daukat azken sei urteetatik. Espainiako alpinisten taldean elkarrekin egon ginen, eta azken urteetan asko bidaiatu dugu; Nepalen ere elkarrekin egonak ginen. Oso ongi ulertzen dugu elkar, eta eskalada estilo berbera gustatzen zaigu: ezohikoa, azkarra, teknikoa eta mistoa. Jordi [Corominas], berriz, lankidea da, eta hitz egin gabe ere oso ongi ulertzen diogu elkarri. Jordik esperientzia luzea dauka Himalaian, eta oso lagungarria izan da irteera honetan; Manu eta ni suharragoak gara, eta Jordik lasaitu eta patxadaz lan egiten erakusten digu.

Eta orain, zer?

Datozen hilabeteetan Benasquen (Huesca, Espainia) eta Alpeetan arituko naiz, mendiko gidari, baina udaberria dut buruan, beste espedizio bat egin nahi genuke orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.