Eguneroko lanaldia amaitu eta Txindokin gora eta behera ibiltzen zen gaztetan Iraitz Ezkergain (Tolosa, 1978). Argiketari gazte baten ohiko bizimodua zeukan, mendia zaletasuna zuen. Sarri joaten zen mendira Pirinioetara, eta 30 urterekin egin zuen jauzi Alpeetara. Udako opor haiek goitik behera aldatu zioten bizimodua: etxea eta etxekoak utzi eta mendian eta mendiaz bizitzea erabaki zuen. Gipuzkoaren bihotzean zaildu zen gazte hark sei urte daramatza Frantziako Alpeetan eta Norvegian, mendiko gidari.
Noiz eta nola hasi zinen mendian?
Tolosan jaio baina Amezketa eta Larraitz artean hazi nintzen, hangoak baititut arbasoak, eta, horren ondorioz, umetatik izan dut harreman zuzena naturarekin. Hala ere, txikitan denbora gehiago igarotzen nuen surfean mendian baino. Koskortu ahala, ordea, eskiatzen ere hasi nintzen. Izugarri gustatu zitzaidan, eta, hala, eskia eta mendia uztartuta, alpinismoan sartu nintzen buru-belarri.
Tolosan jaio eta hazi, baina Frantziako Alpeetan bizi zara egun. Nolatan?
Aitaren urratsei segika argiketari hasi nintzen lanean gazterik, eta mendia zaletasuna baino ez zen niretzat. Orain sei urte, ordea, Frantziako Alpeetara joan nintzen udan, oporretan. La Grave herria ezagutu, eta erabat maitemindu nintzen. Mendian lan egin nahi nuela ohartu nintzen. Ordura arteko bizimodua utzi, eta Frantziako Alpeetako herrixka hartara joan nintzen. 30 urte neuzkan orduan, urtebeterako joatea zen asmoa, eta han segitzen dut oraindik.
Nolakoa izan zen hasiera?
Goitik behera aldatu nuen bizimodua, eta hasieran ez zen erraza izan. Tolosa, lanbidea, lagunak eta familia utzi, eta mendiko herrixka hartan hasi nintzen bizitzen. Ez nekien ingelesik, ezta frantsesik ere, eta derrigorrez ikasi behar izan nuen bi hizkuntza horiekin moldatzen. Hasiera ez zen erraza izan, baina bizimodua gustatu zitzaidan, mendi-mendian nengoelako. Afizioa ofizio bihur nezakeela ikusi nuen han, eta halaxe erabaki nuen mendiko gidari titulua ateratzea.
Urte osoa ez duzu, baina, han igarotzen.
Ez, abendutik martxora egoten naiz La Graven. Martxo erdialdetik ekainera eta uztailetik irailera, berriz, Norvegian egoten naiz, eta tartean, ekaina, Tolosan igarotzen dut.
Frantziako Alpeak euskal mendizale askoren jomuga dira. Ez, ordea, Norvegia. Nolatan aukeratu duzu herrialde hura?
Mendiko gidari ikasketak hasi, eta Espainiako titulua atera nuen lehenik. Alpeetan aritzeko, ordea, nazioarteko titulua behar da, eta, horrenbestez, ezin naiz han lanean aritu. Norvegian, berriz, ez da halakorik behar, eta horregatik joan nintzen hara lanera. Bitartean, nazioarteko titulua ateratzen ari naiz, Benasqueko mendi gidari eskolan (Aragoi, Espainia).
Nolakoa da Norvegiako mendizaletasuna?
Norvegia mendigune zoragarriz jositako herrialdea da. Norvegiar mendizaleak, berriz, oso gogorrak dira. Oso eguraldi txarra eginagatik, beti atera behar izaten dut mendira. Haiek diote ez dagoela eguraldi txarrik, arropa dela txarra, ez besterik (barrez).
Nola moldatzen zara batetik bestera mugitzeko?
Furgonetan bizi naiz, batetik bestera asko mugitzen naizelako. Beti esaten dut apartamentu txiki bat daukadala, baina terraza izugarriarekin eta nik nahi dudan lekuan gainera.
Ekaina Tolosan igarotzen duzula esan duzu. Zer egiten duzu hemen zaudenean?
Lagun eta senideekin egoten naiz, eta tartean hitzaldiak ematen ditut. Neure bizimodua azalduz jendea motibatzen saiatzen naiz. Nork bere ametsetan sinestea eta haiek betetzera animatzea da hitzaldien helburua.
Zer alde on eta txar ditu zure bizimoduak?
Alde on asko dauzka: askatasuna, bizimodu xumea, kultura ezberdinak ezagutzea, hamaika tokitara bidaiatzea… Alde txarrak ere badauzka, noski: familia eta lagunengandik urruti bizitzea, zenbait unetan bakarrik ere sentitzen naiz, eta hotz handia ere pasatzen dut furgonetan! (barrez). Ikasbide handia ere bada, ordea: bizitza oso sinplea eta erraza dela konturatu naiz, ez dugula berez askorik behar bizitzeko, eta gizakiok egiten dugula zaila.
Euskal Herrira etorrita… mendizaletasunak indar handia dauka hemen; gidarien, filosofia, ordea, ez daukagu oso barneratuta. Zergatik?
Oro har, gure lana ez da asko baloratzen Espainiako Estatuan; Europan, ordea, bai, mendira gidariekin joateko kultura askoz handiagoa da. Dena den, gero eta gehiagotan gertatzen zait mendiko jarduera bat amaitu eta bezeroak aitortzea alde handia dagoela gidariarekin joanez gero. Pixkanaka, hemen ere handituz doa gidariak kontratatzeko kultura.
Gainerakoan zer azpimarratuko zenuke gure mendizaletasunaz?
Eskaladan, esaterako, harrobi izugarria daukagula uste dut. Kanpoan ere askok galdetzen didate euskal eskalatzaileen inguruan, eta gure nortasuna azaleratzen ari dela iruditzen zait. Ni neu kanpoan nabilenetik asko saiatzen naiz euskaldunok eskalatzen daukagun kalitatea azpimarratzen.
Zertan ari zara orain zehazki?
Udazkena oporretarako unea da niretzat eta Kalymnosen nago (Grezia) orain, Tolosa, Ibarra, Alegia, Anoeta eta Ameriketako lagun batzuekin eskalatzen. Hala ere, ni eskiatzailea naiz ororen gainetik, eta, une honetan, 55 graduko maldak dituzten korridore eta mendi malda teknikoetan ari naiz trebatzen. 4.000 metrora dauden alpinismo bideak egiten dihardut Alpeetan eta Norvegian.
Alpinismoan diharduen eskiatzailea zara orduan.
Bai, baina alpinismoa neure erara ulertuta. Alpinismoak abentura esan nahi du niretzat, tokian tokiko baldintzetara moldatzen jakitea. Leku asko oso arriskutsuak dira, ez dago akats txikiena egiteko tarterik ere, eta horretara ohitu behar duzu. Zentzumen guztiak eta kontzentrazio osoa egiten ari zaren horretan jarri behar dituzu. Alpinismoa mendizalearen eta mendiaren arteko jolas bat da. Askok borroka gisa hartzen dute, baina zu ezin zara mendiaren kontra aritu, hark nahi duenean kaleratuko zaitu eta. Horregatik, mendiak ematen dituen aukerak aprobetxatzea da mendiaz gozatzeko aukera bakarra.
Alpinismo berezia egiten duzu, ordea, eskiak bizkar gainean eramaten dituzu eta ia beti.
Bai, eskia eta alpinismoa nahasten ditut, gustatzen zaidan eski mota egiteko alpinismoa ere egin behar dudalako. Malda handiko korridore estuak jaistea gustatzen zait gehien, eta horietara igotzeko modu alpinoan igo behar dut mendia, piolet eta kranpoiekin, alegia, eskiak motxilan hartuta. Ingelesez Route Finding esaten diote alpinismo horri: eskiak hartu eta goi mendian noranzko jakinik gabe mugitzean datza, bideko oztopoak zeure baliabideekin gaindituz. Rapelatzea, hormak eskalatzea eta ertzak igarotzea egokitzen da tartean.
Hemendik aurrera zer?
Oraindik ez dut negua erabat antolatu, baina gidatzen eta mendiko eski ikastaroak ematen igaroko dut Pirinioetan eta La Graven.
Noiz arte jarraituko duzu bizimodu honekin?
Ez daukat inongo datarik buruan; gorputzak eta buruak eusten didaten bitartean jarraituko dut bizimodu honekin. Etorkizunean, berriz, neure ondorengoei mendizaletasuna transmititzen saiatuko naiz, baina batez ere pertsona xume izaten erakutsi nahi diet. Nik neure hautua egin nuen bezala, haiek ere euren bidea aukeratu beharko dute; mendian aurkitzen badute ondo, eta bestela, ere bai.
Iraitz Ezkergain. Mendiko gidaria
«Alpinismoa mendizalearen eta mendiaren arteko jolas bat da»
Frantziako Alpeetatik Norvegiara, Norvegiatik Greziara, beti motxila bizkarrean. Ezkergain tolosarrak sei urte daramatza mendiko gidari lanetan. Eskia eta eskalada uztartuta, goi mailako alpinismoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu