Amaiur bat Ladakhen

Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat eskalatzaile gaztek jarduera bizia osatu dute Himalaiako eskualde hartan. Hamazazpi bide zabaldu dituzte, zailtasun handikoak, eta inor igo gabeko orratz zorrotz batera ere igo dira, material oso gutxirekin eta gorriak ikusita: 'Amaiur Peak' (5.760 m).

Amaiur bat Ladakhen.
ramon olasagasti
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun

Ladakh Himalaiako mendebaldean dago, India, Pakistan eta Txinako mugaldean. Tibet Txikia, Ilargiaren Lurraldea edo azken Shangri-La ere esaten diote eskualde menditsu hari. Tibeteko Kailash mendira erromes joaten ziren herri budistek sortua da, herri eta kultura askoren bidegurutzea, baita inbasio askoren larruazal zauritua ere. Egun, India da Indiako lurralderik urrunenetakoa, Kaxmirko mugalde gatazkatsuan: batez beste, 3.000 metrotik gora kokatzen da, Indus ibaiak blaitutako goi-lautadan. Mendiz josita dago Ladakh, Nun (7.135 m) eta Kun (7.077 m) dira mendirik garaienak, baina badira beste hainbat gailur eta horma ere, ibar galdu eta esploratu gabeetan. Eskalatzaileentzat ere bada Shangri-La moduko bat Tibet txiki hura.

Ladakhen izan dira uda honetan Ekaitz Maiz (Etxauri, Nafarroa, 1979), Urko Zabala (Izkue, Nafarroa, 2003), Ibon Mendia (Iruñea, 2002), Mikel Ezkurdia (Arazuri, Nafarroa, 1999) eta Joseba Iztueta (Gabiria, Gipuzkoa, 1991) eskalatzaileak, Shafat ibarrean hain zuzen. Gaztetasuna, indarra eta grina zainetan, «gogo biziz» joan ziren, eta berealdiko gozatua hartuta itzuli dira. Zabaldutako hamazazpi bideak eta eginiko jarduera bizia horren lekuko, eta hori eguraldia on-ona ere izan ez dutelarik. «Egin izan ditudan espedizioetan gehien eskalatu dudana aurtengoa izan da».

Taldeko argazkia. Ezker eskuin, sukaldariaren laguntzailea, Mikel Ezkurdia, Gyalpo sukaldaria, Joseba Iztueta, Urko Zabala, Ibon Mendia eta Ekaitz Maiz. Ekaitz Maiz

Lekua ere, Ladakheko Shafat ibarra, horregatik aukeratu zuten. Oriol Baro lagun katalanak eman zien lehenbizikoz Ladakh-eko berri, geroztik han izan diren beste lagun euskaldun eta katalan batzuek ere pasatu zieten informazioa, normalean eguraldia ona izaten dela, eskalatzeko ezin konta ahala pareta eta orratz daudela, granitoa ikaragarri ona dela... «Shafat ibarrean aukera asko zabaltzen dira: badira 100 metro eskaseko paretak, eta badira 1000 metroko hormak ere, Shafat Fortress mendian esaterako. Beheko kanpalekua 7.000 metrotik gorako Nun eta Kun mendi ezagunen berdina da; hortik atera kontuak zer eskaintzen duen Ladakheko inguru horrek. Alpinismoa egiteko nahi beste mendi eta aukera», Ekaitz Maizen hitzetan.

Esploratu gabeak

Delhin eskala egin, Lehra hegaldi bat hartu eta Ladakheko hiriburutik furgonetan hamahiru orduko bidaia egin ondoren, uztailaren 4an heldu ziren kanpaleku nagusira. Kargil herritik Padum herrira doan ibar luze eta zabal batean dago kanpalekua, 4.000 metroan. «Lekua zoragarria da: haran nagusitik beste hainbat zain eta haran txikiago sortzen dira iparrera eta hegora, eta haietan mendi eta horma pila bat dago. Kargil eta Padum arteko haranaren %10 baino gutxiago ezagutzen dugu. Eskalada eta alpinismorako joko asko emanen du inguru horrek datozen hamarkadetan»; hala uste du Maizek.

Shafat Fortress da kanpalekutik begien bistan geratzen den mendirik handiena, eta haren ipar aurpegian bideren bat zabaltzea zen hasierako asmoa, baina mendiak ez zien aukerarik eman. «Egun guztietan blai eginda zegoen, eta tarteka elur purgak edo erlaitz zatiak erortzen ziren. Eskalatzeko zaila eta arriskutsua zegoen». Ondorioz, jomuga bakar batekin itsutu ordez, beste horma batzuetan hasi ziren eskalatzen.

Lehen astean, 20 zentimetroko elurtea izan zuten, baina izan zituzten eguraldi oneko boladak ere, eta, horiek baliatuz, hainbat bide zabaldu zituzten, granito bikainean. Esaterako, Zabalak eta Ezkurdiak Ederra bezain gogorra (7a+ 240 m) bidea ireki zuten Agula Gyalpo orratzean, eta Maizek eta Mendiak Maitasunez beteak bidea (6c 320 m) Shafat Towerren. Lehen aste hartan bertan, Maizek barnealdi bat egin zuen oinez Shafat haranean, eta beheko kanpalekutik lau kilometrora, orratz dotore bat begiztatu zuen. «Geneukan informazioa begiratu, eta Gyalpo sukaldariari galdetu ondoren, biderik ez zegoela jakin genuen. Askatasunaren dorrea izena eman genion orratzari. Zorionekoak izan ginen, horrelako pareta bat biderik gabe aurkituta. Bost bide zabaldu genituen dorre horretan. 4.800 metro inguru ditu orratzak, eta bideetako bi gailurrean bukatzen dira. Guztiak oso bide logikoak dira, begietatik sartzen direnak».

Lehen egunetik, ordea, orratz ikusgarri eder eta estetiko bati eman zioten begia. Gainerakoak baino urrunago zegoen mendia, baina kanpaleku nagusitik ikus zitekeen. Gyalpok esan zien eskalatu gabe zegoela, eta izenik ez zuela. Ezin zuten sinetsi, eta galdezka hasi ziren. Jordi Mons lagun kataluniarrak jakinarazi zien iaz saiakera bat egin zuela hego-ekialdeko ertzetik, baina ezin izan zuela lepotik gora igo. Shafat haraneko artzainei, dendariei, taxistei ere galdetu zieten, baina ez zuten informazio askoz gehiagorik lortu. Halako mendi eder bat eskura izanda, tentazioa handia zen; saiatu beharra zegoen.

Amaiur Peak

Iztueta eta Maiz bera uztailaren erdialdera abiatu ziren erpin hartarantz, 60 metroko soka, friend joko bat, zortzi iltze eta rappel egiteko kordino batzuk hartuta. «Gure plana zen kanpalekua pareta azpian jarri, hurrengo egunean eskalatu, eta hirugarrenean beheko kanpalekura itzultzea, baina hormara hurbiltzen ari ginela, ohartu ginen beheko kanpalekutik ikusten zen baino askoz handiagoa zela mendia, eta, gainera, beheko partean elurrik gabeko pareta bat zegoela, ia 300 metrokoa. Bat-batean, aurreikusitako mendi hura hirukoiztu egin zitzaigun. Mistoko oso tarte teknikoak ere antzeman zitezkeen». Material gutxitxo halako mendi puska batentzat. Baina saiatu egin ziren.

Biharamunean, 04:00etan, ekin zioten eskaladari. Eraldatu gabeko elurretan egin zituzten lehen urratsak. Berehala jabetu ziren luze joko zuela egunak. Egunsentirako, beheko horma eskalatzen hasi ziren. «Lehen pareta horren ondoren, elurrezko malda bat zetorren, zailtasun teknikorik gabea, baina 50-60º-ko malda oso luzea egin zitzaigun, elurretan belaun eta gerri artean hondoratzen ginen eta». Elurrak ertz bati ematen zion bide. «Eremu hura bertikalagoa zen. Mistoko lehen zatian ikusi genuen zer zetorkigun: eraldatu gabeko elurra, granitozko harri xaflak estaltzen. Babes puntuak asko murriztu ziren, eta igoera moteldu».

Sorbalda moduko batean bloke handi bat begiesten zuten. Handik gora igoerak errazagoa zirudien. Hara bitartean, ordea, broma gutxi: M4 eta M5eko luzeak, M6ko bakarren bat... «Sorbaldara iristean, zailtasunak baretu beharrean, elur ustelez estalitako ertz bat agertu zitzaigun aurrez aurre, irtengunez betetako ertz bat. Gu ere oso nekatuta gindoazen». Nola edo hala, gora egin zuten hala ere, baina gailurraren usaina sumatzen hasiak zirenean, murru bertikal bat agertu zitzaien: ezkerraldetik, elurrez estalitako granitozko xafla leuna, eta eskuinaldetik, plaka bertikal bat, izotzezko kanal batera eramaten zuten sabai batzuek ebakia. «Ezkerretik oso arriskutsua zen; beraz, eskuinetik saiatzea erabaki genuen. Igoera han bukatzea ere pasa zitzaigun burutik, baina halako batean, iltze on bat jartzeko artesia aurkitu, eta plaka bertikala seguru pasatzeko aukera ikusi genuen. Sabaien azpian bilgunea egin, eta sabaietako eskalada babesteko izotzezko torlojuak jarri genituen. Handik gora, elurra oso egoera txarrean zegoen, eta oso tentuz igo ginen. Azken metroetan, ertz zorrotz bat gainditu, eta iltze on bat jarri ahal izan genuen. Gailurrean, bideo azkar bat egin, eta beherako bideari heldu genion. Bai Iztu eta bai ni leher eginda geunden, %200a emanda», oroitu du Maizek.

Jaitsiera osoa geratzen zitzaien, ordea, material gutxirekin eta baldintza nahiko kaskarretan. «Eguraldia, zorionez, oso ona zen. Blokeetan soka zatiak edo zintak utziz, eta beste aukerarik ez zegoenean, iltzeak utziz, joan ginen rappel egiten. Friend-ak uztea zen azken aukera, baina ez ginen horretara iritsi. Bloke handietan, soka zuzenean pasatuta egin genituen makina bat rappel. Batzuetan, soka kateatu, eta berriz igo beharra ere gertatu zitzaigun. Genituen baliabide denak erabili genituen. Rappeletako batean, bloke bat askatu, eta soka zortzi metro ebaki zigun. Rappelak motzago egitera behartu gintuen, baina zortzi metro soka gehiago geneuzkan rappelak muntatzeko».

Ilunarekin batera heldu ziren pareta gaineko lepora. Beste 300 metro desnibel, eta glaziarrean izango ziren. Salbu. «Glaziarra zapaltzean, leher eginda geunden, dendara iristea besterik ez genuen buruan. 22:30 pasa ziren iritsi ginenean. Motxilak, botak eta material guztia kanpoan utzi, eta zaku gainean etzan ginen. Te bat egiteko elurra urtzen ari nintzen tartean, Iztuk lo hartu zuen… Bion artean tea edan, eta lo geratu ginen». Goizean, laino itxi batek esnatu zituen. Euria ari zuen, zarra-zarra. Material guztia blai eginda geratu zitzaien. «Baina behe kanpalekura jaistea besterik ez zitzaigun geratzen…».

Mikel Ezkurdia 'Nassau Errepublika' bidea (8a 200 m) zabaltzen. Ekaitz Maiz

Ez Maiz berak, eta ez Iztuetak ez zuten inoiz eskalatu aurrez inor igo gabeko halako mendi ederrik. Zorioneko buruhaustea: «Zer izen jarriko zioagu dorre horri?». Eta beste gaztelu batez oroitu ziren, mendiaren bisaia bereko gaztelu beltz batez, inbaditutako beste Tibet Txiki batean erresistentziaren ikur izan zen Amaiurko gazteluaz, abestiak dion eran, beraiek bezala beldur-bako menditar gazte lerdenek defendatu zuten hartaz. Amaiur Peak. Bego. «Bideei esanahia duten izenak jartzea gustatzen zait, eta, nik uste, Himalaian euskal talde batek, hitz batean jar zezakeen esanahirik eta sentipenik handiena duen izena jarri diogula. Nafarroako erreinuko erresistentziaren eta borrokaren azken gotorlekua ekarri nahi izan dugu gogora, historia zabaldu eta gure omenaldi xumea egin. Bertakoei ere asko gustatu zitzaien izena; haiek L'Amaiur ahoskatzen zuten, menditik gertu dagoen monasterio budistaren izenaren antza hartzen ziotelako: Lamayuru». Ezin egokiago, beraz.

Amaiur Peakeko jarduerak, menturaz, zertxobait itzalean utz ditzake gainerako eskaladak eta bideak, baina Ladakhen zabaldutako beste hamasei bideak zinez goi mailakoak izan dira. Maizek Nassau errepublika bidea nabarmendu du, Ezkurdiak Zabalak eta hirurek Agulla del Centenar dorrean zabaldutakoa. «200 metro eta 8a inguruko zailtasuna izango du bideak, offwidth-eko bi luze zailekin [7b+ eta 7b inguru]. Paretari begiratu eta arreta ematen duten bide horietako bat da. Hiru egun oso behar izan genituen bidea zabaltzeko». Mendiak eta Iztuetak zabaldutako Delinkuentzia bertikala bidea ere azpimarratu du. «Big Shafateko gailurrean bukatzen da bide itzel hori, ia 6.000 metroan. Esperientzia polita bizi izan zuten, eta izena ere, esanahiz betea da…».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.