Anbotoko KB, Sorginen Lasterketa eta bestelako ekitaldi ugari Atxondoko I. Mendi Asteburuan

Urriaren 3tik 5era egitarau betea izango da: ostiralean hitzaldiak, larunbatean bertikala, eta igandean Sorginen Lasterketa, luzea (22 km) eta laburra (11,6 km). Film emanaldiak eta umeentzako tirolinak ere izango dira.

Sorginen Lasterketa
Sorginen Lasterketako aurreko ekitaldiko irteera.
ramon olasagasti
2025eko irailaren 30a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atxondoko I. Mendi Asteburua ate joka ari da. Aurten Sorginen Lasterketa eta Anboto Kilometro Bertikala asteburu berean batu dituzte antolatzaileek, eta egitaraua bestelako ekitaldiekin osatu dute.

Anbotoko Kilometro Bertikalak 16. aldia izango du larunbatean. 10:00etan hasiko da proba, Arrazolan. Parte hartzaileek Anbotoko tontorreraino igo beharko dute biderik laburrenetik, 3,9 kilometroan 1.092 metroko goranzko desnibela gaindituta. Igoerako errekorrak Marco de Gasperi italiarrak (37.14) eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak (45.59) dituzte.

Igandean Sorginen Lasterketak hartuko du lekukoa, Axpen. Aurten bada berrikuntza nagusi bat: lasterketa luzeaz gainera (22 km), laburra ere antolatu dute lehenengoz. Laburrak 11,6 kilometro eta 890 metroko desnibela izango ditu. Biak Euskal Herriko Koparako puntuagarriak dira: luzea, nagusietan, eta laburra, gazte mailetan. Aurten ere Etiketa Berdearen zigilua du lasterketak.

Hitzaldiak, emanaldiak eta gehiago

Egitaraua ez da lasterketetara mugatuko. Ostiralean hitzaldi bana emango dute Garazi Abasolo nutrizionista eta korrikalariak eta Itsasne Blanco kirol psikologoak Apatako eskolan. Larunbatean, berriz, Mattin Iñiguez parapentelariak X-Alps lehiaketako irudiekin egindako film laburra emango du.

Umeei begira, Zintzilik enpresak tirolina eta ekintza gehiago antolatuko ditu Apatako frontoian.

Atxondon asteburu-pasa ibili nahi dutenentzat, antolatzaileek furgonetetarako eta autokarabanetarako gune bat egokituko dute Apatako eskolako patioan. Ostiralean 17:30etik aurrera egongo da erabilgarri. Bertako komunak ere erabili ahal izango dira. Eta lasterketa egunetan doako garraio zerbitzua eskainiko dute gune horretatik Arrazolara eta Axpera, partaideentzat eta proba ikustera joan nahi dutenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.