Atxarteko inauteria eta bizitza ospatzeko aldarria

Gaur estreinatuko du Alfonso Garcia zinemagile bilbotarrak ‘Un día al año’ dokumentala Mendi Film jaialdian. 1975ean lehen aldiz egin zuten inauteri berezi hori oraindik ere ospatzen dute 50 urteren buruan. «Eskalatzaile komunitate baten istorioa da».

Atxarteko inauteria, 1980ko argazkia
Atxarteko inauteriaren 1980ko irudia. Garai hartako eskalatzaile historiko asko ageri dira argazkian. JUAN LUIS MARKAIDA 'KUKO'
ramon olasagasti
2025eko abenduaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko eskaladaren sehasketako bat da Atxarte (Abadiño, Bizkaia): Durangaldeko kareharrizko eztarri hartatik jalgi dira euskal mendizaletasunaren historia idatzi duten eskalatzaile eta alpinista asko. Eta Atxarteko zintzur hartan, egun berezirik bada, inauteria da egun hori. 1975ean ospatu zen aurreneko aldiz festa hori, eta 50 urteren buruan, bizirik da ohitura. Haitzarte hartan biltzen zen eskalatzaile komunitateko kide batek, Jose Quirante El Peke-k, istripua izan zuen, eta osatu zenean, bizitza ospatu egin behar zela erabaki zuen, eta inauteri egun bat egitea proposatu. «Erritual bat da, hainbat belaunalditako eskalatzaileak pasio baten inguruan biltzen dituen familia giroko ohitura bat», nabarmendu du Alfonso Garciak (Bilbo, 1981), Un día al año dokumentalaren zuzendariak. Gaur aurkeztuko du pelikula Mendi Film jaialdiko Sail Ofizialean, 19:45eko saioan. Festibaleko azkena izango da.

«1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan eskalatzaile komunitatearen batasun hori askoz sendoagoa zen gaur egun baino. Ez da kritika bat, garaiak aldatzen ari diren egiaztapen bat besterik ez»

ALFONSO GARCIA 'Un día al año' dokumentalaren zuzendaria

Inauterietako ohiko egunetatik kanpo ospatzen da Atxartekoa, maiatz aldera, eguraldia epeltzen hasten denean. Sugandilak bezala eskalatzaileak paretetara maizago hurbiltzen hasten direnean. «Alde horretatik, anarkikoa eta punki samarra da Atxarteko inauteria. Berez, ez dago egun jakinik, eta ahoz aho zabaltzen da deialdia. Oso familia giroko festa da: haur, gazte eta heldu, gehiengoa eskalatzera joaten da mozorrotuta, baina eskalada, errendimendua, gradua, hori guztia gutxienekoa da; garrantzitsuena elkartzea da, komunitatea, giro onean mendiaz eta lagunarteaz gozatzea. Gero, eskalatu ondoren, txingarretan haragia erre, mokadu bat egin eta solasean geratzen da jendea. Egun oso berezia da», Garciaren esanetan.

Joan den urtean Una mirada atrás. El arte de equipar filma aurkeztu zuen Garciak Bilboko Mendi Film jaialdian. Haren estreinako lana. Eskaladako bideak ekipatzen dituztenei aitortza egin nahi izan zien zinemagile bilbotarrak pelikula horren bidez, eta horretarako lau eskalatzaile hartu zituen bidelagun: Aritz Aparicio, Guillermo Bañales, Iñaki Marco eta Juan Manuel Hernandez. Filma mendiko 23 jaialditan aurkeztu du geroztik, eta hainbat sari lortu ditu. Hain zuzen, film hartarako dokumentazio grafikoa biltzen ari zela piztu zen gaur aurkeztuko duen lanaren lehen garra. «Atxarteko inauteriari buruzko argazki bat heldu zen nire eskuetara. Ederra iruditu zitzaidan. Hariari tiraka hasi, eta jabetu nintzen istorio txikia eta tokikoa izan arren geruza askokoa zela, eta gai unibertsalez hitz egiteko aukera eman zezakeela: osasunaz, komunitateaz, gure izatearen izaera efimeroaz, bizitza ospatzearen garrantziaz...».

Atxarteko inauteria
Atxarteko inauteriaren aurtengo irudia; filmeko fotograma. JON FERNANDEZ CASTAÑEDA

Hala, dokumentazioa biltzen hasi zen, Atxarteko inauteriari buruzko argazki zaharrak, Super 8ko bideo irudiak, baita komunitate hartako jendea elkarrizketatzen ere. Eta konturatu zen eskalatzaile komunitate hura lotzen duen lokarriaren sendotasunaz eta berezitasunaz. Jabetu zen, halaber, emakume asko biltzen zela bertan, 1970eko hamarkadako argazki zaharretan ere neska asko agertzen zela, «eta hori ez da batere ohikoa, emakumeak geroxeago iritsi baitira eskaladara eta mendira, baina Atxarten dezente izan dira garai guztietan».

Finean, komunitate baten historia eta aldarria da Un día al año. «1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan eskalatzaile komunitatearen batasun hori askoz sendoagoa zen gaur egun baino. Gaur egun, ia binaka joaten gara eskalatzera, eta bazkaltzera etxera itzultzen gara. Garai batean bestela zen. Ez da kritika bat, garaiak aldatzen ari diren egiaztapen bat besterik ez», azaldu du Garciak.

Gaur egun, 50 urteren buruan, ospatzen da oraindik ere Atxarteko inauteria, baina pixkanaka «galtzen» ari dela azaldu du zinemagile bilbotarrak. «Inauteria ospatzen hasi ziren aitzindari haiek 60 urtetik gorakoak dira jada, eta ez dira lehen adina biltzen. Eskalatzaile gazteak, berriz, biltzen dira, baina ahultzen ari da ohitura. Dena den, ez da galdu». Horregatik, gar horri eusteko hauspoa ere bada filma, hein batean. «Tradizio horri eutsiz bizitzaz eta lagunarteaz gozatzeko dei moduko bat da pelikula, azken batean horrelako tradizioek batu egiten gaituztelako. Aldi berean, ordea, galdu ere egin daitezke. Horregatik, inauteriaren tradizio honi eusteko aldarri bat ere bada: saia gaitezen, belaunaldiz belaunaldi, garrari bizirik eusten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.