Alpinista

Alex Txikon: «Barru-barrutik idatzi dut liburu hau»

Neguko hurrengo espedizioaren atarian aurkeztu du Txikonek 'Manaslu neguan' liburua, Sua argitaletxearen zigilupean. Idatzi duen hirugarrena da, eta neguko haren azken espedizioa du ardatz.

Alex Txikon
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Unai Ugartemendia.
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Azaroa eta abendua bete-beteak izan ohi dira azken urteetan Alex Txikon alpinistarentzat (Lemoa, Bizkaia, 1981). Hamar urte baino gehiago daramatza neguko espedizioetan murgilduta, eta bi zortzimilako ere igo ditu: Nanga Parbat (Pakistan, Karakorum, 8.125 metro), eta Manaslu (Nepal, Himalaia, 8.163 metro). Hilabete barru, berriz, Annapurnarantz abiatuko da, hirugarrenaren bila, hain zuzen.

Hirugarren liburua argitaratu berri duzu. Nolatan?

Manasluko gailurra zapaldu izanaren ondorio zuzena da Manaslu neguan liburua. Hori egin eta Euskal Herrira iritsi bezain laster, Sua argitaletxeko Argiñe Areitio zuzendariak deitu zidan, esateko zerbait idatzi behar genuela. Azkar eman nion baiezkoa. Liburuaren hasiera eta amaiera hari zor dizkiot. Zerbait originala izatea nahi nuen, eta uste dut lortu dugula. Hirugarren liburua izango da, Mundu bat motxilan eta Mendi biluzia lanen ondoren. Aurretik beste zenbait kolaborazio ere eginak nituen: esaterako, aukera izan nuen Marco Berti idazle italiarrak Tom Ballard alpinista zenaren omenez idatzitako liburu batean bi atal idazteko. Oso gustura aritu naiz.

Asko kostatu zaizu liburua idaztea?

Ez, batere. Oso erraza egin zait; agian, oso motibatuta nengoelako. Prozesu oso polita eta dibertigarria izan da. Mendi biluzia liburua ez bezala, hau osorik ordenagailuan idatzitakoa da. Aurreko liburuko pasarte gehienak eskuz idazten nituen lehenik, eta gero pasatzen genituen ordenagailura. Manaslutik itzuli eta gutxira, berriro ere Pakistanera joan ginen, beste espedizio batean mundu guztiko alpinistekin Matthew Eakin australiarraren gorpua etxera ekartzeko asmoz. Azkenean, ezin izan genuen lortu helburua. Halere, espedizio hartan liburuko gauza asko idazteko aukera izan nuen. Gauero aritzen nintzen ordenagailuan. Esan genezake liburuaren hastapenak K2 [Karakorum, Pakistan, 8.610 metro] mendiaren beheko kanpalekuan daudela.

Mendi biluzia liburuan bezala, oraingoan ere gailurrera iritsi zinetela kontatzen duzu. Alde horretatik, errazagoa izan da liburua idaztea?

Ez. Politagoa da igotzen ez denean. Barru-barrutik idatzi dut liburu hau. Mundu bat motxilan euskara hutsean idatzi nuen; azken bi hauek, ordea, gazteleraz idatzi ditugu, eta ondoren itzuli ditugu euskarara. Argi daukat hurrengoa euskaraz idatziko dudala berriro. Zor bat daukat euskararekin eta euskal gizartearekin. Hurrengoan alderantziz egingo dugu. Manaslun egondako hainbat lagun hobeto mintzatzen dira gazteleraz, eta horrek ere baldintzatzen gintuen. Itzulpena Juanra Madariaga alpinistak egin du, eta konfiantza handia daukat harengan, baina beti gelditzen zait zalantza nire sentimenduak ondo islatzen ote diren. Oso lan txukuna egin dugula iruditzen zait.

«Oso erraza egin zait liburua idaztea. Prozesu polita eta dibertigarria izan da. Ordenagailuan idatzia da dena»

 

Manaslutik itzuli zinenean, aipatu zenuen izugarri sufritu zenuela espedizio hartan. Liburuan ere hori islatzea izan da zure asmoa?

Hori ere bai, eta oso agerian gelditzen da, gainera. Aukera izan dut berriro ere espedizio hartan murgiltzeko.

Manaslukoa igoera historikoa izan zen, askoren ustetan gailur nagusia inoiz igo gabea zelako neguan.

Tontorreko argazkian ikusten den gailurraren atzean dago orain esaten duten gailurra. Gu joan ginenean, biak parean zeuden altuerari zegokienez. Ez zegoen alderik bataren eta bestearen artean. Asko errespetatzen dut Eberhard Jurgalski kronikari alemaniarraren lana, baina kasu honetan egindako ikerketak eta analisiak ez dira hain zehatzak. Mendian historiak agintzen du, eta, niretzat, igoera bat ezin da ontzat eman ez bada beheko kanpalekura berriro itzultzen. Ez zait bidezkoa iruditzen hainbat urtetako historia datu jakin batzuetan oinarritzea. Pentsa, ez dakit zenbat urte geroago, zortzimilakoak igotakoen zerrendan zeuden askori gailurrak kendu dizkiete. Zer pentsatu behar dute orain Alberto Iñurrategik, Juanito Oiartzabalek eta Edurne Pasabanek? Errespetu falta iruditzen zait.

Zure neguko igoerak inork ez ditu ezbaian jarri.

Ez. Nik argi daukat gure neguko bi igoerak negu astronomikoan egin genituela, alegia, abenduaren 21etik martxoaren 21era bitartean. Espedizio asko neguan egin ziren, baina ez epe horren barruan.

«Berriro ere espedizioan murgiltzeko aukera eman dit liburuak. Oso agerian geratu da sufritu egin genuela»

2016ko neguan Nanga Parbat igo eta gero, urte askoan Everest (Nepal, Himalaia, 8.848 metro) eta K2 izan zenituen begiz jota. Iaz, ordea, Manaslu igo zenuen. Gailurrera ailegatu arren, beheko kanpalekura iristean «hustuta» zeundela aitortu zenuen.

Hausnarketa bat egin dut azken urteetan, eta, esan dezaket Nanga Parbat igo eta gero ez genuela asmatu Everesteko hiru saiakeretan eta K2an. Eta ez zen izan prest ez geundelako! Iaz erakutsi genuen gaitasuna bagenuela, eta gogoa ere bai. Baina Everesteko eta K2ko urteekin alderatuz, zorte handia izan genuen eguraldiarekin. Ez genuen prezipitaziorik izan. Hori bai, izugarrizko hotza pasatu genuen! Oso egun gutxi igaro genituen han, ez geunden ondo egokituta; gainera, estilo alpinoan igo genuen... Balio handia ematen diot igoera hari. Manaslurekin alderatuta, Nanga Parbateko igoera ume jolas bat izan zen. Inoiz baino gehiago arriskatu genuen. Atzera egiteko aukera izango banu, ziur nago ez nukeela hainbeste arriskatuko. Oso berekoiak izan ginen.

Azken urteetan bezala, aurten ere neguko espedizioren batera joango zara?

Bai, aurtengo neguan Annapurnara joango gara [Nepal, Himalaia, 8.091 metro]. Neguko espedizio bat muntatu ahal izateko, bederatzi hilabete pasatu behar izaten ditut etxean lanean, hitzaldiak emanez, irteerak eginez, liburuak idatziz eta beste. Egun hauetan ere ero baten moduan nabil. Kanpoan egun asko pasatuko ditut berriro ere Himalaiara joan aurretik, baina besterik ez dago.

Zergatik aukeratu duzu Annapurna?

Mendiak ez ditugu aurrekontuan oinarrituta bakarrik aukeratzen. Trangoko Dorreen artean oinez nindoala eta liburua idazten ari nintzela etorri zitzaidan burura Annapurna igotzeko ideia. Oso irrazionala da. Beste pertsona batekin maitemintzen garenean gertatzen denaren antzekoa izaten da. Guri hori gertatzen zaigu mendiekin. Oraingo honetan Annapurna egokitu da, baina ez galdetu zergatik izan den. Egia da garai hartan hustuta nengoela, eta 2016tik zortzimilako bat igo gabe nengoela, Manaslu igotzea lortu nuen arte. Halere, 2018an Everesteko gailurra prestatzen ari ginela, Pumori [Nepal, Himalaia, 7.161 metro] igotzea lortu genuen. 35 urte baino gehiago ziren neguan inork igotzen ez zuela, baina, ez dakit nepaldarrekin igo nuelako, edo oxigenoa erabili zutelako, ez zioten batere garrantzirik eman gure igoerari.

Hirugarren zortzimilakoa igotzen baduzu, neguko espedizioen historian sartuko zara, Simone Moro italiarrarekin eta Krzysztof Wielicki poloniarrarekin batera.

Ezin dira garaiak eta neguak alderatu. Aipatu dituzun alpinistak izen handia dute zortzimilakoen historian. Morok, esate baterako, lau zortzimilako igo ditu neguan, Wielicki poloniarrak ere hiru... Niri ere izugarrizko ilusioa piztuko lidake Annapurna 1987an Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer poloniarrek igo zuten bezala igotzeak. Bi urtez jarraian eta neguan igotzea gauza handia litzateke, eta izugarri motibatuta nago. Iazkoa egin eta gero, indarberrituta nabari dut neure burua aurtengo. Oso urte gogorrak eta zailak izan ziren aurrekoak, eta espedizio batzuetan ia ez genuen 6.000 metrotik pasatzeko aukerarik. Aldagai horiek guztiak kontuan hartuta, zalantzan jartzen nituen neguko espedizioak.

FITXA

  • Izenburua. 'Manaslu neguan'.
  • Egilea. Alex Txikon.
  • Argitaletxea. Sua Edizioak.
  • Bilduma. Narrazioa.
  • Hizkuntza. Euskara.
  • Orrialdeak. 224.
  • Prezioa. 24,70 €.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.