Besaideko Oroimen Eguna egingo dute igande honetan

Iazko irailetik hona mendian hil diren mendizaleak oroituko dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batzen diren ingurune hartan. Oinez igotzeko bi hitzordu finkatu dituzte: 09:00etan Arrasatetik, eta 09:50ean Udala auzotik. 11:00etan hasiko da ekitaldia.

besaide
Ricardo Hernani EMFko presidentea eta Miren Eizmendi NMFkoa, iazko ekitaldian. EMF
ramon olasagasti
2026ko irailaren 15a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraileko hirugarren igandean ohi bezala, euskal mendizaleak Besaiden elkartuko dira, mendian bizia galdu dutenak gogoratzeko eta omentzeko. Aurten, irailaren 20an izango da hitzordua, igandean, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak bat egiten duten gunean, euskal mendizaletasunaren oroimenaren ikur bilakatu den lekuan.

Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarrak, Euskal Mendizale Federazioak (EMF), Nafarroakoak eta mendi elkarteek bultzatu dute ekimena. Aurten, Besaide Mendizale Elkarteak antolatu du ekitaldia, eta parte hartu nahi duten guztiak oinez igotzera animatu ditu.

Oinez igotzeko, honako elkargune hauek zehaztu dituzte: 09:00etan Arrasateko Monterron jauregian, eta 09:50ean Udala auzoko San Esteban elizpean.

Besaideko ekitaldi nagusia 11:00etan hasiko da. Agurraren ondotik, oroimen ekitaldi zibila egingo dute, eta jarraian, EMFko eta MEKNFko presidenteek hartuko dute hitza. Goiz osoan zehar, txosna egongo da bertaratzen direnentzat, janaria eta edariak saltzen.

Oroimenerako lekua

Leku berezia da Besaide bestela ere, baina bertan dauden bi monumentuek adierazten dute badela bertan beste zerbait, begien bistan ageri ez dena, ikusi ez baina sumatzen dena, sentitzen dena. EAEko hiru herrialdeen elkargunea ez ezik, mendian hil diren mendizaleekin elkartzeko lekua ere bada.

1953ko uztailaren 18an, euskal mendizaletasunaren historian izan den zorigaiztorik handienetako bat gertatu zen Mont Blanc mendian: gailurretik gertu zirela, ekaitzak harrapatu eta bertan hil ziren Enrique Bacigalupe, Carlos Ugartetxe, Manuel Yanke eta Jose Maria Peciña euskal mendizaleak. Hunkidura handia eragin zuen ezbeharrak, eta, haien oroimenez, bai eta 1924an Mendi Federazioa sortu zenetik mendian hil ziren beste berrogeitik gora mendizaleen oroimenez ere, mendian oroigarriren bat jartzea erabaki zuten federazioak eta mendi taldeek.

Angel Sopeña zen orduan Euskal Herriko Mendi Federazioaren presidentea, eta bera izan zen proiektuaren sustatzaile nagusietako bat. Luis Pueyo arkitektoak diseinatu zuen monumentua, musu truk. 1955ean inauguratu zuten aurreneko monumentua. Ondoren, Yoshin Ogata artista japoniarraren eskultura paratu zuten, Udalatx eta Anbotoren magal hartan.

Oroimen Eguna irekia da bertaratu nahi duen ororentzat: falta direnak gogoratzeko eta mendizaleen arteko lotura partekatzeko hitzordua.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA