Malgaxe hizkuntzan, Madagaskarko hizkuntza ofizialetako batean, sarri erabiltzen dute mora-mora esamoldea: lasai-lasai da esanahia. Halaxe iragaten da bizitza uharte hartan, gurearen aldean beste patxada batean, nahiz eta munduko herrialde pobreenetako bat izan. Urko Zabala (Izkue, Nafarroa, 2003) eta Abel Armendariz (Zumaia, Gipuzkoa, 1995) uztailaren 4an abiatu ziren harantz, baina ez, preseski, lasaitasun bila. Tsaranoroko hormetan bide gogorren bat edo beste eskalatzea zen haien asmoa. Ordurako, Madagaskarren zebiltzan Lur Irazusta (Ziriza, Nafarroa, 2000) eta Mikel Lana (Zizur, Nafarroa, 1996), herrialdea ezagutzen. Iruñean San Fermin eguna ospatzen ari ziren egunean batu ziren lauak Indiako ozeanoko uharte hartan.
Bide gogorrak franko dira Tsaranoroko hormetan. Mundu mailako eskalatzaileen jomuga preziatua dira granito marroizko pareta haiek. Iker eta Eneko Pou anaiek, esaterako, han egin zuten Zazpi pareta, zazpi kontinente egitasmoko Afrikako urratsa: Lyn Hillek zabaldutako Bravo les filles (600 m, 8b) bidea eskalatu zuten poutarrek Tsaranoron. Zabalak eta Armendarizek ez zuten garbi zer bideri heldu, baina bidaiatzeko bezperatan, Zabalak «bihozkada bat» izan zuen, eta hala esan zion Armendarizi: «Argi samar daukat zer bidetan saiatuko garen, Mora Mora bidean». Handira hordagoa jotzea zen hori.
Mora Mora bidea 1999an zabaldu zuten Toti Vales kataluniarrak eta Francisco Blanco espainiarrak. Hamaika urteren buruan, 2010ean, Adam Ondra txekiarrak era askean kateatu zuen bidea, eta 2017an gauza bera egin zuten Edu Marin kataluniarrak eta Sasha DiGiulian estatubatuarrak. Kito, horiek ziren orain arte bide hori eskalatzea lortu zuten bakarrak; mundu mailako eskalatzaileak guztiak.
«Adam Ondrak esan zuen bere bizitzan eskalatutako luze politenetakoak izan zirela. Politak bai, baziren, baina baita nekagarriak ere»
URKO ZABALA Eskalatzailea
Tsaranoro herritik noranahiko ibilgailuetan heldu ziren lau eskalatzaileak Camp Cattara, hormen azpira. Armendarizek gogoan du unea: «Autotik atera eta pareta ikusi genuenean, saltoka hasi ginen biok. Zirrara handia sortzen dute 800 metroko horma puska haiek». Mora mora ez, baizik eta denborarik galdu gabe, uztailaren 8an ekin zioten bideari Zabalak eta Armendarizek, «ipurtarin elektrikoak» baitira biak ala biak. Eta, sartu orduko, «sekulako ezustea» hartu zuten: «Lerroak aseguru kimikoak zeuzkan jarrita, eta magnesioz beterik zegoen. Ez dakigu nork jarri zituen, eta nork egin duen ahalegina bidea magnesio aztarnez betetzeko, baina aurten egin du. Zorte handia izan dugu alde horretatik», jakinarazi du Zabalak. Bihozkadak zentzua hartu zuen.

Bideak hamalau luze ditu, eta zazpigarrena da gogorrena. Adam Ondrak 8b+/c zailtasuna eman zion. «Lehen egunean, bistaz (aurretik landu gabe) eskalatu genuen seigarren luzera arte. Seigarren luzea 8a bat da, eta Urkok ia-ia lehen kolpean egin zuen hori ere. Gero, nik saiakera bat egin nuen zazpigarren luzean, eta ikusi genuen posible zela», azaldu du Armendarizek. Hurrengo saialdian, zazpigarren luze horren azpiraino igo zuten hamaka, lurretik 350 metrora, eta Urko Zabalak aukera izan zuen luze gogorra probatzeko eta pauso guztiak isolaturik ateratzeko.
Bete-betean ekiteko unea zen. Beheko luzeak eskalatu eta urez eta hornigaiez lepo betetako zakuto astuna hamakaraino garraiatu zuten hurrengo saiakerako lehen egunean. «Xixko eginda bukatu genuen». Hamakan lo egin eta bigarren egunean 8c graduko luze hori landu zuten. Zabalak ia-ia lortu zuen luze zail hori kateatzea, eta Ariznabarretak ia pauso guztiak atera zituen, baina «ia-ia» horretan geratu zen ekina. «Bideak ez du saiakera asko egiten uzten. Granitoak garbantzu zakar moduko batzuk ditu, eta azala segituan urratzen da, hatz mamiak haragi bizitan uzteraino», azaldu dute bi eskalatzaileek. Horixe gertatu zitzaion Armendarizi.
«Neukan den-dena eman nuen. Etsita ez, pozik jaitsi nintzen, zoriontsu egindakoarekin eta Urkok luzea kateatu zuelako»
ABEL ARMENDARIZ Eskalatzailea
Pare bat egunetan atseden hartu eta hirugarren saiakerari ekin ziotenean, bazekiten ez zela besterik izango. Lehen sei luzeak behetik goraino aurrenekoan atera zituzten, eta, ondotik, hamakan pausa bat egin zuten, giharrei menia txiki bat emateko. Zabalaren bihozkadak luze erabakigarrian bihotz-arima saiatzea eskatzen zuen, eta halaxe egin zuen. 8b+/c graduko tiraldi horretan «borroka gogorra» izan ondoren, Izkueko eskalatzaile gazteak luzea kateatzea lortu zuen. Armendarizen begiak izan ziren horren lekuko: «Zirrara handiko unea izan zen Urko luzea kateatzen ikustea». Horrenbestez, bidea oso bideratuta utzi zuten.
Bigarren egunerako, eskalatzaile zumaiarrak zuen «pastela», Zabalak bezperan egindakoa errepikatzea, alegia. «Hiru saiakera egin nituen, eta bigarrenean sekzio gogorrena gainditu nuen, baina gero, ausazko pauso batean, erori egin nintzen». Hirugarren egunean, zer gerta ere, berriz ahalegindu zen Armendariz, baina ez zuen aukerarik izan, eta gorantz jarraitzea erabaki zuten. «Zazpigarren luzetik gorako guztia ere bistaz eskalatu genuen. Goian estiloa erabat aldatzen zen: plakatik diedro edo tximinia berezi batzuetara igaro ginen. Adam Ondrak esan zuen bere bizitzan eskalatutako luze politenetakoak izan zirela. Politak bai, baziren, baina baita nekagarriak ere. Hankak eta gorputz osoa txikituta bukatzen genuen luze bakoitza», azaldu du Zabalak.
Azken aurreko luzeari Ondrak 7c+ gradua eman zion, baina Zabalak eta Armendarizek uste dute 8a zailtasuna ez duela urrun izango. Sasha DiGiulianek eta Edu Marinek 8a+ izango zela esan zuten. Zabalak luze hori bistaz ateratzea lortu zuen, ordubetean «latz» borrokatu ondoren. «Hor erori izan balitz, psikologikoki gogorra izango zen. Beste bideren batean, agian, bizpahiru ahalegin egin genitzakeen, baina halako luze nekagarri batean, zaila. Zorionez, Urkok atera egin zuen, eta nik, soka goitik nuela, baita ere», oroitu du Armendarizek.

Gailurrera pozez saltoka heldu ziren, balentria handia eginda. Uztailak 18 zituen, arratsaldeko ordu biak ziren. Zer den soka bat, ordea: laguna eta biak bat izatea. Gailurreko pozean arranguratxo batek azkura egiten zion Zabalari: lagunak luze erabakigarria kateatu ez izanak, alegia. «Lan guztia bion artean egin genuen, eskuz esku aritu ginen, maila berean, eta nahi nuen berak ere bidea osorik era askean egitea. Hala, beherakoan hamakan lotan geratzea proposatu nion, hurrengo egunean berriro luze horretan saia zedin».
Armendarizek bazekien «eman beharrekoa emanda» zuela eta «aukera gutxi» zeuzkala, baina onartu zuen lagunaren keinua, eta berak ere «ehuneko ehuna emanda» jaitsi nahi zuen paretatik, damurik gabe. «Laugarren egunean, hamaka desmuntatu aurretik, eguzkitan beste bi ekinaldi egin nituen, eta komeriak izan nituen katera iristeko, baina behintzat den-dena eman nuela jakinda jaitsi nintzen. Etsita ez, pozik jaitsi nintzen, zoriontsu egindakoarekin eta Urkok luzea kateatu zuelako». Zabalak ere horixe azpimarratu du: «Hau bion kontua izan da».

Mikel Lanak eta Lur Irazustak, bien bitartean, bide klasikoago batzuk egin zituzten Lemur Wall horman: Pectorine, Txarandonga eta besteren batzuk. Lurrean bat egin zutenean, Camp Cattan, behar den moduan ospatu zituzten nork bere eskaladak. Logistika lanetan «izugarri» lagundu zieten Faly eta Joseph ere lagun izan zituzten ospakizunetan.
Handik aurrera ere, mora mora jarraitu ordez, «eskaladaz gozatzen» jarraitu dute lau lagunek, abuztuaren hasieran etxerako bidea hartu aurretik. Irazustak eta Lanak, besteak beste, Out of Africa klasiko eder eta zaila (600m, 7a) eskalatu dute. Eta Zabalak eta Armendarizek, berriz, bi bide preziatu kateatu dituzte: Cucumber Flying Circus (580 m, 7b+), egun bakarreko ahaleginean, eta bidaiaren hondarrean, Lalan'i Mpanjaka (King Line) (600 m, 8a+) bide luze eta gogorra, hori ere egun bakarreko saioan.