Mendi korrikalaria

Oier Zubeldia: «Gure aurrekoek asko korritzen zutela konturatu naiz azken urteetan»

Euskal selekzioko korrikalari fidagarrienetako bat da Zubeldia. Bosgarren urtea du mendi lasterketetan, eta aurrerapauso handiak eman ditu urtero. Sasoi honetan Munduko Kopan lehiatuko da batez ere. Euskal Herriko txapeldun da jada, eta gehiago nahi du.

Oier Zubeldia mendiko korrikalaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
Unai Ugartemendia.
Amezketa
2026ko apirilaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oier Zubeldia mendi korrikalariak (Amezketa, Gipuzkoa, 2000) bere herriko plazan egin du hitzordua kazetariarekin. Lanetik atera berri iritsi da, irribarretsu. Txindokiren itzalean izan da elkarrizketa, beraz, lehen mendi lasterketa jokatu zuen mendiaren babesean. Begiak ñir-ñir egiten diote hari begira jartzen denean.

Lasterketa batzuk jokatu dituzu jada. Nolakoa ari da izaten denboraldi hasiera?

Denboraldia Garingo mendi lasterketan abiatu nuen, urtarril hasieran, Beasainen [Gipuzkoa]. Hiru urte daramatzat sasoia han hasten. Denek ezagutzen dugu elkar, eta oso gustura korritzen dut. Ondoren, Bedian [Bizkaia] Euskal Herriko Txapelketa jokatu aurretik, Hernioko igoeran hartu nuen parte. Hiru lasterketak irabazi nituen, eta oso sentipen onak eduki nituen korrika. Gainera, Euskadiko Kopako lehen postuan jarri nintzen. Jokatutako azkena, aldiz, Munduko Kopako proba bat izan da, Calamorro Skyrace [30 kilometro, +2.200 metro], Benalmadenan [Espainia]. Hori beste kontu bat izan zen!

Ez zinen gustura aritu?

Beldurrez joan nintzen! Iaz ere bertan hartu nuen parte, eta helmuga zeharkatu bezain laster esan nuen ez nintzela berriro itzuliko. Halere, itzuli egin naiz. Arratsaldez jokatzen da, bero handia egiten du, eta iaz urdaileko minez utzi behar izan nuen lasterketa. Aurten ere berdintsu ibili naiz: oso sentsazio txarrak izan ditut berriro. Arratsaldeko lasterketetan urdaila itxi egiten zait lehen ordu eta erditik aurrera. Ezin dut ez jan, ez edan. Ez nuen berriro erretiratu nahi, baina batere indarrik gabe eta deshidratatuta amaitu nuen. Orain argi dut ez naizela berriro itzuliko!

Euskal Herriko Kopako lehen postuan zaude. Helburuetako bat al da hori irabaztea?

Ez. Hurrengo lasterketa Txindokiko Bertikala izango da, eta ondoren Zegama-Aizkorrira begira jarriko naiz. Gero, Munduko Kopako probekin jarraituko dut. Aurten, lehenbizikoz, euskal selekzioak aukera eman dit egutegiko sei lasterketa aukeratzeko eta buru-belarri horretan pentsatzeko.

Euskal Herriko Txapelketa irabaztearekin amesten al zenuen?

Bai. Iazko arantza atera nahi nuen! Iaz, Galdamesen [Bizkaia], lehen postuan nindoala, galdu egin nintzen. Bidea ez zegoen ondo markatuta, eta amorru handia eman zidan ez irabazteak. Aurten arantza kentzeko aukera izan dut. Lasterketa ezagutzen nuen, eta, iaz bezala, euria eta lokatza izan genituen. Hotz handia pasatu nuen, gainera! 24 kilometroko lasterketa izan zen, +1.600 metroko desnibelarekin, eta bukatzeko bi ordu pasatxo behar izan nituen. Min hartzeko arrisku handia zegoen, eta tentuz ibili behar izan nuen jaitsieretan. Korrika asko egin behar izaten den lasterketa horietako bat izan zen.

Urte batzuk daramatzazu euskal selekzioan. Gogoan duzu lehenbizikoz deitu zintuzten aldia?

Nola ez dut gogoratuko! 2023an izan zen, Kanpezu-Ioar lasterketaren ondoren [Kanpezu, Araba]. Hamargarren amaitu nuen, baina Euskal Herriko Kopako lider jarri nintzen. Selekzioko hautatzaileek iragarri zuten lehen postuan zegoen korrikalariak deia jasoko zuela. Lanean nengoen, eta zenbaki ezezagun baten deia neukan. Lana amaitzean deitu, eta hautatzailea zela esan zidan. Ikaragarria izan zen niretzat; ezin sinetsita ibili nintzen hurrengo egunetan. Hirugarren urtea egingo dut selekzioan.

Aurten, aipatu duzun moduan, Munduko Kopan lehiatuko zara. Horrek ez du zerikusirik orain artekoarekin, ezta?

Hala da. Lasterketak oso ezberdinak dira: luzeagoak, gogorragoak, teknikoagoak… Desnibel handikoak izaten dira, eta hankak txikituta uzten dizkizute. Tenperatura aldetik ere denetik izaten dugu: hotza, bero sargoria, hezetasuna… Bertan munduko lasterkari onenek hartzen dute parte.

Lehen hamarretan sartzea al da helburua?

Bai. Horretarako gai ikusten dut neure burua gaur egun. Iaz hiru lasterketa korritu nituen, eta bigarren, seigarren eta hamargarren izan nintzen. Helburu horren bila joango naiz aurten ere. Borroka horretan egon nahiko nuke, eta ea horretarako gaitasuna dudan. Beste helburuetako bat lasterketaren batean podiumean amaitzea da. Munduko Kopen artean Euskal Herrian proba bat izango dugu: Gorbeia Suzien. Bertan goi mailako korrikalariak lehiatuko diren arren, zerbait egiten saiatuko gara. 

«Munduko Kopan lehen hamarren artean egoteko gai ikusten dut neure burua. Iaz hiru lasterketa korritu nituen, eta bigarren, seigarren eta hamargarren izan nintzen»
Azken urteetan selekzioaren deialdiak korrikalarien sasoiaren arabera egiten ziren. Aurten, ordea, korrikalari batzuek egutegi finkoa izango duzue. Ezinbestekoa al da hori sailkapen orokorrerako?

Lau korrikalari finko arituko gara Munduko Kopa hasieratik lehiatzen: Ainhoa Garikano, Ainara Alcuaz, Paul Ormaetxea eta ni. Iazko emaitzen arabera osatu dute laukotea. Esan digutenaren arabera, beste asko ere lehiatuko dira, baina ez dira finkoak izango. Sailkapen orokorraren lehian sartzeko, ezinbestekoa da egutegi jakin bat izatea. Lasterketa solteak jokatuta oso zaila da gero sailkapen on bat lortzea. Orain, lasaitasun handiagoz prestatuko dut denboraldia. Gutxienez lau lasterketa lehiatu behar ditut finala jokatu ahal izateko.

Zer hartu duzu kontuan Munduko Kopako egutegia osatzeko?

Ameriketako Estatu Batuetara eta Txinara joateko aukera eskaini digute, eta bietara joatea erabaki dut. Lanean ez didate arazorik jarri egunak hartzeko, eta aukera aprobetxatu nahi dut. Beste lau lasterketak Europan dira: aipatutako Calamorro Skyrace; Matterhorn Ultraks, Suitzan, abuztuan; Gorbeia Suzien, irailean, eta Sobrescobio Skyrace, Espainian, urrian. Hori izango da finala.

Iaz Sobrescobion atzeraka eman zenituen azken pausoak. Irudi hori asko zabaldu zen. Zer gertatu zitzaizun? 

Bigarren urtea nuen lasterketan. Ibilbidea ondo ezagutzen nuen, eta banekien hiru igoera eta jaitsiera gogor zituela. Hezetasun handia zegoen, eta urdaileko arazoak zirela medio, ez nuen nahi adina edan. Deshidratatuta iritsi nintzen azken metroetara, eta karranpekin hasi nintzen. Laurehun metro falta zirenean, errepidea zapaldu orduko, hanketako gihar guztiak uzkurtu zitzaizkidan. Hamargarren nindoan, eta atzekoa gerturatzen ari zitzaidan. Baina ezin nuen pauso bat ere eman. Halako batean, atzeraka probatzea bururatu zitzaidan. Modu horretara ondo nindoan, baina, badaezpada, aurreraka hasi nintzen berriro. Giharrak kolpetik uzkurtu zitzaizkidan berriz. Ez nuen beste aukerarik izan: atzeraka joan behar izan nuen ia helmugara arte. Gogorra izan zen, baina Calamorron gehiago sufritu dut.

Askok Zemaga-Aizkorrin egindako denboren arabera alderatzen dituzte belaunaldiak. Kalitatea galdu dela uste al duzu?

Azken urteetan konturatu naiz garai batean izugarri korritzen zutela. Lau korrikalarik bakarrik jaitsi dute lau orduko langa Zegaman. Urte batzuetan geldialdi moduko bat egon dela iruditzen zait. Orain, belaunaldi gazteok badugu erronka hori. Aurten, esaterako, iruditzen zait norbaitek jaitsiko duela; eta jaitsi ezean, hurbilduko garela behintzat.

«Entrenatzailearekin ere oso gustura nago; gustatzen zait zer egin behar dudan jakitea. Bestela, lan bikoitza da egunero zer egin behar duzun pentsatzea. Astean sei egunez entrenatzen naiz»

Gauzak asko aldatu dira azken urteetan mendi lasterketetan. Gaur egun, korrikalari gehienek dituzte entrenatzaileak, nutrizionistak edo psikologoak. Naturaltasuna galdu dela iruditzen al zaizu?

Nik ere badut entrenatzailea 2024tik, eta iaz nutrizionista batekin ere aritu nintzen. Asko ikasi nuen harekin, eta aurten jada neure kabuz nabil nutrizioaren kontuarekin. Hobekuntza handia nabaritu dut denbora honetan guztian. Entrenatzailearekin ere oso gustura nago; gustatzen zait zer egin behar dudan jakitea. Bestela, lan bikoitza da egunero zer egin behar duzun pentsatzea. Astean sei egunez entrenatzen naiz. Psikologoaren beharrik, berriz, ez dut ikusten oraindik. Asko harritzen nau jendeak bere buruari jartzen dion presioak. Nik ez dut halakorik sentitzen. Alde hori ondo menderatzen dut. Sare sozialek ere ez diote onik egiten askori; badirudi egiten dugun guztia erakutsi behar dugula. Askotan geure buruari harriak botatzen dizkiogula iruditzen zait.

Zegama-Aizkorri gertu dago. Iaz, estreinakoan, euskal korrikalarien artean bigarren sailkatu zinen. Zer asmo duzu aurten?

2022an joan nintzen lehen aldiz Zegama-Aizkorri ikustera, eta ez nuen uste nigan horrenbeste eragin izango zuenik. Oilo ipurdia izan nuen lasterketa osoan. Han pentsatu nuen noizbait parte hartu behar nuela. Iaz izan nuen horretarako aukera. Bero handia egin zuen, eta karranpekin asko sufritu nuen. Aurtengoa urteko helburu nagusietako bat da. Denbora jaitsi dezakedala iruditzen zait, batez ere azken jaitsieran. Baina Zegamak aldagai asko ditu. Azken zatira indar handiagoz iritsi nahiko nuke.

MOTZEAN

Mendi lasterketetan egindako lagunik onena?

Paul Ormaetxea, Gontzal Murgoitio, Ibai Larrea, Ainhoa Garikano, Aitor Zunzunegi… Orain selekzioan gabiltzan denak.

 

Lasterketa bat? Txindokiko Bertikala.

Korritzeko duzun bat? Etorkizunean, UTMBkoren bat.

 

Entrenatzeko leku bat? Aralar.

Beste kirol bat? Txirrindularitza.

 

Kirolari bat? Jokin Altuna.

Mendi korrikalari bat? Iker Karrera.

Sareetan gehien ikusten duzun kirolaria? Sara Alonso.

Mendi lasterketetako talde bat osatzeko lau korrikalari? Jokin Lizeaga, Malen Osa, Oihana Kortazar eta Kilian Jornet.

 

Jateko? Etxeko oilaskoa patatekin.

Edateko? Sagardoa.

 

Talde bat? Linkin Park.

Abesti bat? In the End [Linkin Park].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA