Alpinista, mendi eskiatzailea eta mendi korrikalaria

Uxue Loizu: «Erreferenteak falta izan ditut mendiko kiroletan»

Euskal Herrian badira mendi kirolari osoak, eta, hain zuzen, Uxue Loizu da osoenetako bat. Iraupen eskian hasi zen umetan, eta, hura utzi ondoren, alpinismoan, eskaladan, mendiko eskian eta mendi lasterketetan dabil gaur egun. Nafar selekzioko kidea da.

Uxue Loizu mendi eskiatzailea eta alpinista
Uxue Loizu. IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Ugartemendia.
2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da geldirik egotekoa Uxue Loizu (Iruñea, 1996). Asteburuan, lehiatzen aritu da bi egunez, eta nekea ezagun du. Hala ere, azterketa bategatik ez balitz, mendian egongo litzateke eskiatzen. Mendi eskiko denboraldi bete-betean dabil azken hiru hilabeteetan. Gozatu egiten du edozein mendi kirol hizketagai duenean.

Nola hasi zinen mendiko jardueretara zaletzen?

Umetatik izan dut mendirako zaletasuna. Askotan eramaten gintuzten Ordesara eta Torlara [Aragoi, Espainia]. Igandeetan ikastolako mendi taldearekin ere joaten ginen, baina ez nintzen mendiarekin kateatuta gelditu zen horietakoa. Gerora, lagun batekin batera, aste zuriaren aitzakian hasi nintzen iraupen eskian lehiatzen. Gutxira, Uharteko [Nafarroa] taldean eman genuen izena. Unibertsitateko lehen bi urteetan ere jarraitu nuen talde horretan. Denborarekin, begirale lanetan aritu nintzen, haurrei iraupen eskia irakasten. Lehen soldatarekin, mendi eskiko lehen eskiak erosi nituen. Hemen nabil geroztik.

Nondik datorkizu mendi eskirako zaletasuna?

Orduko bikotea jada mendiko eskian ibiltzen zen. Harekin hasi nintzen. Nik ere pistetatik harago ibili nahi nuen mendian. Mendiko eskiko material osoa erostearekin batera hasi nintzen mendiko eskian murgiltzen. Eta mendiko eskian hastean, iraupeneko eskiak alboratu nituen. Aldi berean, eskalatzen ere hasi nintzen. Handik gutxira, mendiko jarduera guztietara kateatu nintzen: eskaladara, mendiko eskira, alpinismora…

Alpinismoan ere buru-belarri aritu zinen Nafarroako Alpinismo Taldean.

Alberto Urtasunen bidez sartu ginen taldean. Iraupen eskiko begiralea zen. Jendea behar zutela eta, bertan sartzeko aukera eskaini zigun. Profila bagenuela, eta sartzeko aukera izango genuela esan zigun. Ikaragarri ikasi genuen garai hartan! Hiru urte izan ziren Nafarroako taldean. Handik, FEDME Espainiako Mendi Federazioko Alpinismoko Taldeara egin genuen jauzi.

«Aurreko udan jada entrenatzaileari esan nion fundamentuz entrenatzen hasi nahi nuela, nire mugak non zeuden jakiteko»

Nondik iritsi zitzaizun aukera?

Nafarroako taldean bi emakume ginen: Amaia Segurola eta biok. Hark aipatu zidan FEDMEko taldera aurkezteko aukera. Ni, aldi berean, suhiltzaile izateko oposizioak prestatzen ari nintzen, baina sarrerako probetara aurkeztea erabaki genuen. Sartzeko aukera izan genuen biok. Espainiako taldean beste hiru urte pasatu genituen.

Garai hartako zer oroitzapen gordetzen duzu?

Oso oroitzapen politak ditut! Beste mundu bat ireki zitzaidan. Asko ikasi nuen. Autonomoa izaten ere ikasi nuen. Egun nire kuadrilla osatzen duten kideak talde horretan ezagutu nituen. Kolpetik, hazi egin nintzen urte haietan guztietan.

Uxue Loizu 2026ko Bandres-Karolo Memorialean
Loizu aurtengo Bandres-Karolo Memorialean. JOSEBA ARLEGI
Orduan hasi zinen espedizioetan?

FEDMEko alpinista taldearekin, Saudi Arabiara eta Jordaniara, Groenlandiara eta Nepalera joan nintzen. Groenlandiako espedizioa oso gogorra izan zen. Nire lehen espedizioa izan zen dena gainean eramanda. Hasiera batean, Islandiatik belaontzi batean joan behar genuen hara, eta belaontzia bera izango zen hilabete osoan gure kanpaleku nagusia. Baina kapitainak arazo bat izan zuen, eta geure kabuz joan behar izan genuen. Azkenean, azken herritik sei ordura zegoen leku batean gelditu ginen. Bederatzi ginen espedizio hartan, eta hilabete pasatu genuen.

Zer egin zenuten Groenlandian?

Eskalatu eta bide berriak ireki. Gure helburuetako bat esploratzea ere bazen. Big wall-eko edo horma handietako bide dezente ireki genuen Groenlandian. Abuztua zen, eta tenperatura bikaina eduki genuen. Oso espedizio desberdinak izan ziren Groenlandiako hori eta azken urtean Nepalera egin genuena.

«Erorikoek errespetu handiegia eta beldurra ematen didate. Geroztik ez dut paraxuta hartu, eta ez dut hartuko. Gertuko jendeak eta nik neuk izandako erorikoen ondorioz, askoz ere kontu handiagoz ibiltzen naiz orain»

Nolakoa izan zen Nepaleko esperientzia?

Betiko alpinismoa egitera joan ginen Nepalera. Jugaleko haranera joan ginen, eta bertan inoiz igo gabeko bi mendi zeuden; Takura zen horietako bat [6.799 metro]. Altuerara egokitzeko, Ladies Peak [5.800 metro] igo genuen. Ez nintzen batere ondo egokitu altuerara, eta buruko min etengabea izan nuen egun askotan. Azkarregi igo ginen, eta gorputza ez zen behar bezala egokitu. Espedizioko denak antzeko ibili ginen altuera zela eta. Kanpaleku nagusia ia 5.000 metroan zegoen, eta hara iritsi orduko hasi ginen igotzen. Egun gutxira, istripua izan genuen. Nahi baino lehenago itzuli behar izan genuen etxera. Helburua bertan behera utzi behar izan genuen.

Nepalekoa izan da orain artean egin duzun espediziorik gogorrena?

Bai. Altueragatik, fisikoki oso gogorra izan zen. Gure lehen aldia zen, eta gogorregi jo gintuen. Indartsu geundela uste genuen, ez ginen oso gauza teknikoak egiten aritu, eta hala ere porru eginda geunden. Negar egiteko gogoa sartzen zitzaigun! Ikasteko asko balio izan zigun espedizio hark. Orduantxe bertan zortzimilakoetara joateko gogoa joan zitzaidan!

Zuk ere istripu bat izan zenuen paraxutean.

Bai. Bizkarra apurtu nuen lurreratzerakoan hartutako kolpe baten ondorioz. Zortez, nahiko azkar osatu nintzen. Sei hilabete betetzerako berriro ere eskalatzen ari nintzen. Hala ere, geroztik, trauma txiki bat daukat erorikoak direla eta. Erorikoek errespetu handiegia eta beldurra ematen didate. Geroztik ez dut paraxuta hartu, eta ez dut hartuko. Gertuko jendeak eta nik neuk izandako erorikoen ondorioz, askoz ere kontu handiagoz ibiltzen naiz orain.

Garai batean zortzimilakoek izan zuten sona alboratuta, egungo gazteek gauza teknikoen aldeko hautua egin dute. Zu ere horren aldekoa zara?

Nik ere hautu bera egin dut. Mendi garaiak globalizatuegi daudela iruditzen zait. Ez zait batere gustatzen nola kudeatzen den gaur egun mendia. Zortzimilakoetako kanpaleku masifikatuek atzera eragiten didate. Nahiago dut mendi bakartietan ibili nire gustuko gauzak egiten.

Alpinismoan ez ezik, mendiko eskian eta mendiko lasterketetan ere bazabiltza gaur egun. Nola uztartzen dituzu?

Julen Errandonea da nire entrenatzailea, eta hark prestatzen dit denboraldia. Helburu nagusia, hala ere, neguko denboraldia izaten da. Hura amaitzean, udaberri eta udako garaiari ekiten diot. Halere, mendiko lasterketek ez dute, oraindik, mendiko eskiak duen garrantzia nire bizitzan. Nafarroako selekzioarekin lehiatzen ari naiz, eta motibazioz gainezka nago. Udako sasoian gozatzeko parte hartzen dut gehiago. Aurten, esaterako, baditut buruan mendiko lasterketa batzuk.

Uxue Loizu 2026ko Bandres-Karolo Memorialean
Loizu bete-beteko denboraldia ari da osatzen mendiko eskian. ANDER CARMONA
Noiz erabaki zenuen buru-belarri mendiko eskian hastea?

Iazko denboraldian. Orain bi urte, Nafarroako selekzioko hautatzaileak, emakumeak falta zirela eta, ea interesik banuen galdetu zidan. Orduan ezezkoa eman nion. Iaz, berriro ere aipatu zidan, eta, orduan baiezkoa eman nion. Neure kasa aritu nintzen. Probatu egin nahi nuen gehienbat. Orduan artean ere ez neukan material arinik. Baina aurten serioago saiatu nahi nuen. Udan jada entrenatzaileari esan nion fundamentuz entrenatzen hasi nahi nuela, nire mugak non zeuden jakiteko. Azarorako sasoiko nengoen jada. Buruan nituen proba batzuk bertan behera utzi zituzten arriskuagatik. Amorru pixka bat badaukat horregatik.

Zein ziren aurtengo helburuak?

Espainiako Kopako probak eta Espainiako Txapelketa ziren aurtengo helburu nagusiak. Ondoren, Tour de Rutor Extreme (Alpeak, Italia) jokatuko dut martxoaren 28an eta 29an. Andrea Zarranz nafar selekzioko taldekidea izango dut bikotekide. Oso talde polita dugu aurten Nafarroako selekzioan.

«Zortzimilakoetako kanpaleku masifikatuek atzera eragiten didate. Nahiago dut mendi bakartietan ibili nire gustuko gauzak egiten»

Bandres-Karolo Memorialean eta Boi Taullen Espainiako Kopan lehiatu zinen asteburu berean. Nola sentitu zinen?

Izugarrizko ibilbidea prestatu zuten Izaban, baina erorialdi txar bat izan nuen, eta ez zen nik nahi bezain ondo atera. Erori nintzen arte, lehia polita izan nuen Claudia Gutierrezekin eta Nahia Quincocesekin. Asko izutu nintzen erori nintzenean! Buruan kolpe handi samarra hartu nuen, eta, handik aurrera, iristea zen asmo bakarra. Igandekoa beste kontu bat izan zen. Bizkarreko arazoekin ibiltzen naiz, eta ez nuen berriro erori nahi. Larunbateko nekeaz harago, lasaiago joatea erabaki nuen. Hala ere, gustura aritu nintzen. Oso lasterketa polita antolatu zuten.

Uxue Loizu, Claudia Gutierrez eta Nahia Quincoces 2026ko Bandres-Karolo Memorialean
Uxue Loizu, Claudia Gutierrez eta Nahia Quincoces 2026ko Bandres-Karolo Memorialean. RAMON OLASAGASTI
Gustura ari zara lehiatzen?

Bai, oso gustura. Aurreikusita neuzkan helburuak betetzen ari dira. Altitoy jokatzeko gogo handia neukan. Bi eguneko lasterketetan nola moldatzen naizen ikusi nahi nuen, baina bertan behera geratu zen, eta ez zen posible izan. Datorren urterako beste helburu bat daukat, handiagoa: Pierra Menta egin nahiko nuke.

Zer lortu nahi izaten duzu lehiatzen zarenean?

Esperientzia bizitzea! Lasterketa aurreko momentuak, lehia, proba amaitu ondorengo uneak, talde giroa… Bestalde, fisikoki, nire mugetara iristea da nire helburua; alegia, ahal dudan guztia ematea. Entrenamenduetan baino emaitza hobeak lortzen ditut dortsala jartzen dudanean. Presio puntu bat izateak on egiten dit.

Hainbat diziplinatan zabiltza lehian. Nola dago emakumeen egoera?

Oro har, emakume gutxi ikusten dut lasterketetan. Taldeetan ere antzeko arazoa dugu. Nafarroako selekzioan, esaterako, iaz eta aurten bi emakume besterik ez gaude. Alde horretatik, nahiko bakarrik sentitu izan naiz beti. Oso gustura nago taldeko gizonezkoekin, baina emakumeen falta sumatzen du. Mendiko eskian eta alpinismoan emakumeen gutxi gabiltza. Neure buruari askotan egiten diot galdera: zergatik hain emakume gutxi? Erreferente falta izan daiteke arazo horren guztiaren arrazoia. Nik ere falta izan ditut erreferenteak nire kirol ibilbidean. Nire inguruan inork ez du nik egiten dudan ezer egiten, etxean ere inork ez… Entrenatzeko besterik ez bada ere, gustura hartuko nuke emakumeen taldetxo bat.

MOTZEAN

Mendian egin duzun lagunik onena?
Nafarroako alpinismoko selekzioan izan ditudan kideak.

Lasterketa bat?
Mendi lasterketetan, Camille Extreme; mendiko eskian, Bandres-Karolo Memoriala. Biak Belaguan.

Egiteko duzun bat?
Mendiko eskian, Pierra Menta.

Entrenatzeko leku bat?
Etxauri (Nafarroa).

Beste kirol bat?
Piraguismoa.

Kirolari bat?
Uxue Fraile.

Sareetan gehien jarraitzen duzun kirolaria?
Nire gertuko lagunak.

Musika talde bat?
Silvana Estrada eta La Señora Tomasa.

Abesti bat?
Dime (Silvana Estrada).

Parrandarako festa bat?
Sanferminak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA