Kirol medikua

Kepa Lizarraga: «Inork ez digu esaten errendimenduko kirolak, trailak adibidez, gerora zer bidesari izan dezakeen»

Bizkaiko Mendizale Federazioak omenaldia egin dio Kepa Lizarraga medikuari, 40 urtetik gorako jardunean mendiko segurtasunaren eta prebentzioaren alde eginiko lan handia eskertzeko. Mendian seguru ibiltzeko formakuntza «gizarte osora» hedatzea du erronka.

Kepa Lizarraga mendizalea eta medikua
Kepa Lizarraga, Galdakao jaioterrian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ramon olasagasti
Galdakao
2026ko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 28an, Bizkaiko Mendizale Federazioak (BMF) omenaldia egin zion Kepa Lizarraga medikuari (Galdakao, Bizkaia, 1955), berrogei urtetik gorako jardunean federazioan egindako lan eskergagatik. Esker oneko agertu da Lizarraga bera ere, keinuagatik, eta «zorioneko» sentitzen dela adierazi du, maite izan duen horretan lan egiteko aukera izan duelako bere ibilbide profesionalean. Mendia eta lanbidea beti eskutik. Medikuntza ikasi ondoren, Muturreko Inguruneetako Medikuntza eta Biologia diplomatura egin zuen Bordeleko Unibertsitatean, eta hor «beste mundu bat» deskubritu. «Betidanik garbi izan dut kirol medikuntzara bideratu nahi nuela nire ibilbidea. Bilboko Kirol Etxean urte gehien lankide izan dudan Javier Serrak eta biok esaten genuen mundua bion artean banatzen genuela: zero mailatik behera harena zen, urpekaria delako, eta zero mailatik gora, nirea, mendizalea naizelako».

Galdakoztarra izanik, Ganguren mendi taldean eman zituen lehen urratsak mendian. Hura izan zuen eskola, eta horri buruz sarri hausnartu izan du, belaunaldi batetik gorakoek nola ikasi zuten mendian eta gaur egun mendian hasten direnek nola ikasten duten. «Guk norbaiten eskutik ikasi genuen, ume mukizu hutsak ginela: Itxinara joan, eta behe lainoa sartuz gero zeri erreparatu, zer egin eta abar. Ikasketa hori galtzen ari da». Irudipena du azken urteotan —are gehiago pandemiatik hona— jende asko hasi dela mendian formakuntzarik gabe, aurretiazko heltze prozesurik gabe. «Ondu gabeko ardoak bezala, nolabait. Lehen orain baino jende gutxiago zebilen mendian, baina, proportzioan, prestatuago zegoen gaur egun baino».

Bizkaiko Mendizale Federazioak Kepa Lizarragari eginiko omenaldia
Bizkaiko Mendizale Federazioak Kepa Lizarragari eginiko omenaldia. Irudian, Pedro Mari Aizarna presidentea eta Lizarraga bera.

Euskal Mendizale Federazioaren Aholkularitza Medikua sortu zutela ere berrogei urtetik gora dira. «Modu naturalean» hasi ziren, Ramon Garate Gipuzkoan, Xabier Garaioa Nafarroan, Jon Armentia Araban eta Lizarraga bera Bizkaian. Pako Iriondo zen orduan EMFko presidente. «Pakok bazuen jendea elkartzeko dohain hori. Gero, etxera lan gehiagorekin itzultzen ginen, beti musu truk, baina horren atzean zaletasun bat eta ahalegin bat zegoen. Hori ere gero eta nekezagoa bihurtzen ari da: erreleboa aurkitzea. Lehen boluntario lana zabalduago zegoen, eta, horri esker, federazio eta talde asko indartsu mantendu dira, baina boluntarioen rara avis hori ahulduz joan den heinean, zailtasunak handitu egin dira, eta lan batzuk ezinbestean profesionalizatu egin dira».

«Mendian gertatzen diren ezbeharren %80 formakuntzaren bidez eragotz badaitezke, argi dago asko daukagula egiteko»

Gizarte osora iristea erronka

Berrogei urtetik gorako lanean, mendiko segurtasuna eta prebentzioa zabaltzeko ezin konta ahala liburu eta artikulu argitaratu ditu Lizarragak, eta beste hainbeste hitzaldi eta ikastaro eman, eta horretan jarraitzen du gaur egun ere. «Uste dut ekarpen batzuk egin ditugula: Autobabesa mendian eskuliburua, adibidez, aitzindaria izan zen. Mendizaleentzako ikastaroak ere asko egin ditugu». Iaz, Mendizaletasun osasuntsu eta segururako eskuliburua argitaratu zuen Lizarragak berak, Bizkaiako Foru Aldundiaren eskutik, eta argitalpen horretatik hainbat unitate didaktiko ateratzeko asmoa du orain. «Asko egin da, baina asko dago egiteko. Mendi taldeetan eta federazioetan dagoen jakintza hori federatuei ez ezik gizarte osoari iritsaraztea, hori da erronka. Hezkuntzaren bitartez, adibidez. Hori izan zen Antxon Burcioren eskutik zabaldutako bideetako bat, eta horri jarraitu behar diogu».

Euskal Herrian, 50.000tik gora dira mendian federatutakoak, berrehun lagunetik bat hor nonbait. Mendiko kulturak gurean duen zabalkundearen isla da proportzio hori. «Estatuan, berriz, 250.000 federatu inguru dira, baina, Kiroletako Kontseilu Nagusiaren arabera, zortzi milioi inguru dira maiztasunez naturako jarduerak egiten dituztenak. Eta, datu zehatz-zehatzik ez badut ere, mendiko ezbehar eta erreskate guztien %80 inguru federatu gabeko pertsonenak dira. Beraz, mendiko jarduna sozializatu den hein berean sozializatu behar dugu jakintza ere».

Mendiko medikuek 1984an Chamonixen (Frantzia) eginiko biltzarra
Mendiko medikuek 1984an Chamonixen (Frantzia) eginiko biltzarra. Goian, Anton Ricart, Augusto Castello, Gregorio Martínez, Carmen Arnaudas, Antxon Bandres, Jose Ramon Morandeira, Kepa Lizarraga. Makurtuta, Xavier Robiro, Xabier Garaioa eta Manel Mateu. KEPA LIZARRAGAK UTZITAKOA

Ezbeharren arrazoiei dagokienez, EMFren Aholkularitza Medikuak eta zehazki Ramon Garate sendagileak duela hainbat urte eginiko azterlan baten arabera, kasuen %20 inguru ziren halabeharrezkoak edo inguruneak eragindakoak, eta beste %80 inguru, berriz, giza akatsen ondorioz gertatutakoak: kalkulu arazoak, erabaki okerrak, material egokirik ez eramatea, prestakuntza falta... «Gertatzen diren ezbeharren %80 formakuntzaren bidez eragotz badaitezke, argi dago asko daukagula egiteko».

Himalaian eta Karakorumen ere izana da zenbait espediziotan, mediku lanetan. 1997ko Everesteko Sarenet espedizioan, adibidez. «Urte hartan, besteak beste, erradiazio ultramoreei buruzko lan bat egin genuen, eta berretsi egin genuen lehendik bagenekiena: uste genuen baino erradiazio askoz gehiago jasotzen dugula». 25 urteren buruan, 2022an itzuli zen Khumbuko haranera (Nepal), erretiroa hartu berritan, eta aldeak ikusita, poztu eta tristatu egin zen aldi berean. «1997an, laborategiek dohaintzan emandako osasun material asko utzi genuen Khumjungeko ospitalean, bertako biztanleentzako ospitalean, eta, 25 urteren buruan, bertan ikasitako medikuak eta erizainak daudela ikusi nuenean, asko poztu nintzen. Gainerakoan, bizimodua asko eraldatu diegula uste dut, eta ez gauza guztietan onerako».

«Ikusten duzu mendian 30-40 urte korrika edo bizi antzean ibili den jendea, eta haietako askori belauneko ebakuntza ez bada aldakakoa egin diote jada. Baina gauza bera gertatzen da futbolean edo beste kirol batzuetan ere»

K2n ere izana da, Alex Txikonekin, 2019an. Menditik «denak onik itzultzea», hori izaten da mediku baten ahalegina espedizioetan. «Esan ohi dut gu berdintzera edo galtzera joaten garela; medikuak ez du inoiz irabazten, ez du gailurrik lortzen. Denak onik itzultzea, hori da berdinketa». Baina bere ondoko berbaldiak adierazten du baietz, irabazi ere irabazi izan duela, batez ere bertako jendeari laguntzeko aukera izan duenetan. Adibidez, Thyangbocheko monasterioko fraideak artatzen aritu zen (Khumbu, Nepal), eta Askolen (Karakorum, Pakistan), bertako medikuari ekografoa erabiltzen erakutsi eta bailarako haurdunei ekografiak egiten lagundu zion. «Gozamena izan zen emakume haurdun haiek irribarrez ikustea».

Kepa Lizarraga medikua Karakorumen
2019an Karakorumen, atzean Gasherbrum IV mendia duela.

Ariketa fisikoa eta errendimendua

Mendiari loturiko mediku jardunean, zortzimilakoetatik trail lasterketen mundura gertatu den bilakaeraren lekuko izan da Lizarraga ere. Lesio motetan, adibidez, «trailen sukarraldi» honen ondorioak nabarmenak direla dio. «Ariketa fisikoa ezinbestekoa da, kirola ez. Ariketa fisikoa egiteari uzten diogunean, gure gorputza hondatzen hasten da. Aitzitik, inork ez digu esaten errendimenduko kirolak, trailak adibidez, gerora zer bidesari izan dezakeen. Mendiko lasterketetan higadura izugarria da, grabitatearen indar soilagatik. Jaitsieretan, 70 kiloko pertsona batek 300 kilotik gorako inpaktuak jasan ditzake artikulazioetan. Tabakoaren edo alkoholaren kalteez ohartarazten digute, baina mendian korrika ibiltzeak ekar ditzakeen kalteez ez digute ezer esaten. Hemendik gutxira, hori izango da beste epidemietako bat. Ez dakit azterlan seriorik egin den oraindik, baina ikusten duzu mendian 30-40 urte korrika edo bizi antzean ibili den jendea, eta haietako askori belauneko ebakuntza ez bada aldakakoa egin diote jada. Baina gauza bera gertatzen da futbolean edo beste kirol batzuetan ere».

Kepa Lizarraga medikua (eskuinean) Khumjungeko Kunde ospitalean
Khumjungeko Kunde ospitalean (Nepal) 1997ko Everesteko espedizioko materiala uzten.

Enrique Areilza medikua ekarri du gogora —hari buruzko hitzaldi bat prestatzen ari da asteotan—, aurreko mendearen hasieran Meatzaldeko meatzarien mediku izandakoa. «Hark ere mendian ibiltzeak osasunerako duen onura azpimarratzen zuen, Pagasarriko igoeraren errekorra egiten saiatzen zirenak alde batera utzita. Natura eta ariketa fisikoa beharrezkoa dugu osasunerako; kirol errendimendua, aldiz, ez horrenbeste. Zaleak gara, baina bizi gaitezke hori gabe. Administrazioek kirola sustatzeko erabiltzen duten adina baliabide erabiliko nuke ariketa fisikoa bultzatzeko, hori bai, hori osasuntsua baita. Mendian ibiltzea, eta ez mendian korri egitea. Etsai pila bat egingo dut oraintxe [barrez], baina horixe da pentsatzen dudana».

2000. urtean, Kirola guztiontzat gaitzat harturik Kanadan izan zen munduko biltzar batera Galdakaoko Eguzkibegi ikastolak eginiko azterlan bat eraman zuen Kepa Lizarragak, eta «harro» erakutsi zituen zenbait datu: esaterako, txirrindularien tropel profesionaletan edo zortzimilakoen igotzaileen zerrendan zenbat euskal ordezkari zeuden, populazioaren portzentajearekin alderatuz. «Orain, nik uste, helburuak beste bat izan beharko lukeela: harro agertzea euskal biztanleriaren ehuneko handi batek natura inguruneetan ariketa fisikoa egiten duela —askoz onuragarriagoa baita kiroldegi baten barnean egitea baino— eta modu seguruan egiten duela. Ariketa fisikoaren eta ingurunea ezagutzearen kultura hori hedatzea. Hori eman diezaguke mendizaletasunak. Badakit lehiatik eta errendimendutik alde egiten ari naizela, zahartu egin naizelako agian, baina garrantzitsua da. Errendimenduan fisiologia erresistentziaren mugara eramaten da, eta halakoetan, hausturarako arriskua handiagoa da. Asebetetzen zaituela? Bizipoza ematen dizula? Ondo, jarraitu egiten, baina izan kontziente osasuntsu-osasuntsua ez dela».

Nolanahi ere, ohartzen da Lizarraga adin bakoitzean gorputzaren ahala eta gogoaren bultzada desberdinak direla, eta bera ere gazteagoa izan balitz, «nork jakin», agian mendian korrika ibiliko litzatekeela dio. «Mendiak, ordea, horixe du ona: nork bere adinean eta bere gaitasunen arabera, mendiaz berdin gozatzen jarrai dezakeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA