Erromesaldi alpinoa ilusioaren iturrietara

Mikel Saez de Urabainek, Jose Mari Andresek, Ruben Perez Inok eta Alex Kammerlanderrek Bhagirathi III (6.454 m) mendia eskalatu dute Indiako Garhwal mendigunean. Azken ekinaldian, 43 ordu egin zituzten gelditu gabe.

Erromesaldi alpinoa ilusioaren iturrietara.
ramon olasagasti
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun

«Gailur urrunetik goiko kanpalekura jaitsi ahal izan nintzenean, oin zigortuetatik erantzi nituen botak, eta harri bloke baten gainean ipini, harro nabarmentzen ziren bi jainko bezala, Bhagirathiko zirkuko horma izugarrien azpian. Inork bere bideokameran grabatu zituen hitz batzuk esan nituen, esker onekoak. Agur bat izan zen». Hitz horiexekin deskribatu du Mikel Saez de Urabain alpinistak (Ordizia,Gipuzkoa, 1968) botei eman zien despedida, bere Non-stop eskalada blogean. Erromesaldi bertikal baten azken aztarrikak izan ziren bota zahar haientzat, lehendik ere zinta amerikarrez mila biderrez konpondu eta zauriz eta zartatuz aski zigortutako oinetako kutun haientzat.

Izan ere, Saez de Urabainen botak gutxi ibili dira bide zabal, maiztu eta erosoetan. Ohiko bideetatik aparte, lerro berrien bila, bake bila, zailtasun eta edertasunaren bila ibili ohi da beti eskalatzaile ordiziarra, horizontalean baino gehiago bertikalean, biderik ez den lekuetan, malkarretan, lauza zorrotzez jositako hormetan; eta haren alpinismoko botak edo eskaladako katu-oinak halabeharrez ohituak daude harkaitzaren laztasun horretara. Hark sortua da, eskaladako hainbat eta hainbat bideren artean, aurtengo irailaren 9an tximistaren batek erdiz erdi hautsi duen Naparraitz hormako superdiedroa.

Mikel Saez de Urabain, bere bota zaharrekin, Bhagirathi III-tik jaitsi berritan. Mikel Saez de Urabain
Mikel Saez de Urabain, bere bota zaharrekin, Bhagirathi III-tik jaitsi berritan. Mikel Saez de Urabain


Eskaladan ez ezik, alpinismoan ere ibilbide oparoa egindakoa da Saez de Urabain. Pirinioetan, Alpeetan, Andeetan, Patagonian, Alaskan, Karakorumen, Himalaian, asko eta onak dira hark zabaldutako eta eskalatutako bideak eta eginiko jarduerak. Harat-honat horietan, beti sortzen dira proiektuak, beti daude begietan ilusioaren distira hori pizten duten mendiak. Bhagirathi III (6.454m, Indiako Himalaian) zen horietako bat. Aspaldi buruan zuen. Irailean jo zuten hara Saez de Urabainek berak, Jose Mari Andres Chemari madrildarrak Ruben Perez Ino errioxarrak eta Alex Kammerlander kanariarrak.

Ekipo beteranoa osatzen zuten, 52 urte batez beste, eskarmentu handikoa. Helburua oso argi zuten: Bhagirathi IIIaren hego-mendebaldeko ertzean Joerg Pflugnacher eta Walter Hoelzler alemaniarrek 2004an zabaldutako Stairway to heaven bidea gailurreraino burutzea. Asmo handia. «Beteranoa izateak badu abantaila bat. Oso garbi genuen zertara gindoazen, zer nahi genuen eta dena eman behar genuela horretarako. Gaztetan, gauzak ez dituzu hain argi, eta arrisku handiagoa dago batek alde batera egiteko eta besteak bestera», dio Saez de Urabainek.

Bhagirathi mendiaren altzoan sortzen da Ganges ibai sakratua. Urtero milaka erromes joaten dira Gangotritik mendiaren magalera, Ganga-Ma (Ganges Ama) nola sortzen den ikustera. Hura da bizitzaren iturburua hinduistentzat. Lau alpinistak ere erromes joan ziren Bhagirathi magalera; haientzat ere mendi hartan zegoen bizitzaren iturburua. Nandavan deritzon ingurunean ezarri zuten kanpaleku nagusia. «Oso polita da lekua, zelai bat, oso alpinoa, eta hantxe daude munduko mendi ederrenetakoak begien bistan: Meru, Shivling, Bhagirathiak, Satopanth atzean...».

Alemaniarren bidea (2004), zuriz, eta eskoziarrena (1984), gorriz. Saez de Urabainek eta taldekideek hasieran alemaniarren bideari jarraitu zioten, eta erdi paretik gora, eskoziarrenari. Alpine Journal
Alemaniarren bidea (2004), zuriz, eta eskoziarrena (1984), gorriz. Saez de Urabainek eta taldekideek hasieran alemaniarren bideari jarraitu zioten, eta erdi paretik gora, eskoziarrenari. Alpine Journal

Irailaren 19ra arte, gogotik egin zuten lan: kanpaleku bat ezarri zuten hormaren azpian (4.800 m inguruan), eta horman bertan hamaken lehen kanpaleku bat jarri zuten 5.350 metrora. Erromesaldi alpino hauek, ordea, astinaldi latza eragiten diote gorputzari, eta taldekideek nabaritu zituzten ondorioak: Alex Kammerlander altuerako gaitzak jota ibili zen espedizioko lehen egunetan, eta Saez de Urabain bera ere oinak erabat puztuta egon zen hainbat egunez, elurte lodi batean hankak erabat izoztuta jaitsi ondoren.

Gora eta behera haietan, lapurren bisita ere izan zuten goiko kanpalekuan. «Janaria falta zitzaigula sumatu genuen, eta halako batean, azkonar bat harrapatu nuen dendatik ziztuan ihesi, galletaz-eta leporaino eginda. Azeriaren arrastoak ere ikusi genituen, eta belatxingak ere ederki gizendu ziren gure kontura», oroitu du ordiziarrak. Lapurren entresaka horrekin ederki gogoratu ziren gero, eskaladako hondarreko egunetan.

Alemaniarren 'Stairway to heaven' bideko lehen luzea. Mikel Saez de Urabain
Alemaniarren 'Stairway to heaven' bideko lehen luzea. Mikel Saez de Urabain

Hego-mendebaldeko pilareari heldu orduko jabetu ziren bidearen edertasunaz eta zailtasunaz. Zuhur jokatzea hobetsi zuten: sokak finkatzea, hamakekin kapsula estiloan joatea... «Horrelako mendi eta bide bat estilo alpinoan egiteko, oso indartsu egon behar duzu; motxila astunarekin, dena gainean hartuta, ea nor mugitzen den ertz horretan. Gainera, estilo alpinoan dena saialdi bakar batean jokatzen duzu, eta guk babes bat izan nahi genuen».

Ekainaren 19an ekin zioten behin betiko ahaleginari; egun horretan esan zioten agur hain ongi zaindu zituen Denish sukaldariari. Egun berean, erria txikota eta bete-betean sartu ziren horman, hamaken lehen kanpalekuaren azpitik finkatutako sokak jasota: «Behar genituen sokak gora jarraitzeko». Gau hartan bertan, ekaitzak astinaldi latza eman zien hamakan. Hurrengo egunetan, Stairway to heaven bidean gora jarraitu zuten, luzeari luze, granito gris harrigarrian, eta atzetik sei zaku handi arrastan igotzen, «lan nekagarrian». Hamaken bigarren kanpalekua 5.500 metro inguruan ezarri zuten, eta beste hainbat luze eskalatu zituzten handik gora.

Eskoziarren biderantz

Une jakin batean, ordea, hego-mendebaldeko ertza alde batera uztea erabaki zuten. «Ez zen eztabaida handirik izan: garbi ikusi genuen ez genuela gaitasun nahikorik bide horri jarraitzeko. Paraboltik ez genuen eraman, plakak oso leunak ziren, atzerantz ere egiten zuten pixka bat, eta han lan handia zegoen egin beharra». Eskoziarren biderantz, eskuinerantz egitea erabaki zuten. «Horma hori zabalagoa da, arrakala eta pitzadura gehiago daude; batzuk izoztuak, mistoan eskalatzekoak. Luze oso alpino eta ederrak egin genituen hor». Irailaren 25ean, ilunabarra gainean zutela, gailurraldeko maldaren azpialdean ziren, eskistoen hasieran. «Hor laurok elkartu eta gure artean hitz egin genuen: edo behera, edo hortzak estutu eta gora. Eta gora erabaki genuen, jakinik ezin genuela bibakik egin, ez genuelako bibaka egiteko ezer». Gorputzari beroan eusteko, gau osoan jarraitu zuten eskalatzen, eskisto apurkorretan, elur-mingain tenteetan, mistoko luzeetan, tentu handiz. Eskarmentua izatearen abantailak. Hamabi orduko gau luze eta beltzaren ondoren, irailaren 26an, 09:00etan, jo zuten gailurra. Une amestua izan zen Saez de Urabainentzat, baina ez zen zoriontasun leherketarik izan. Jaitsiera osoa geratzen zitzaien artean. Gainerako espedizioak iparretik jaitsi izan dira, baina beraiek bide beretik rapelak eginez jaistea erabaki zuten.

Taldekideak gailurrean, irailaren 26ko 9:00etan, gau osoa eskalatzen egin ondoren. Mikel Saez de Urabain
Taldekideak gailurrean, irailaren 26ko 9:00etan, gau osoa eskalatzen egin ondoren. Mikel Saez de Urabain

 

«Gaueko hotzak asko higatu gintuen, eta oso ukituak iritsi ginen gailurrera. Alex izozteetatik osatzen ari da oraindik. Lapurreten ondorioz, jatekorik batere gabe geratu ginen azken egunean. Eskerrik kafe disolbagarria genuen. Kafe hauts horiei esker eutsi genion jaitsieran. 22 rapel izan ziren guztira; erdiak guk muntatuak. Zaku guztiak jaistea ia 12 ordu kostatu zitzaigun». Hamaketatik gorantz atera zirenetik 43 ordu izan ziren gelditu gabe. Bere botak zaharrak bezala, txikituta, gorputza erabat hustuta eta gogoa beteta heldu ziren hormaren oinarrira. «Daukadan eta neukan guztia bertan utzi dut. [...] Gailurra zapaldu ahal izatea, nire kasuan 55 urterekin, amets bat izateaz gain, ilusioaren bidean jarraitzeko bultzada bat da», amaitu du Saez de Urabainek bere blogeko idatzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.