Esperientzia aberasgarria

Espainiako gazte selekzioak 'Pura Vida' bidea zabaldu du Himalaian, Sakaton Peak mendian. Bi euskal mendizale aritu dira lan horretan: Mikel Ajuria eta Alberto Fernandez. Mikel Zabalza izan dute gidari.

Alberto Fernandez elgoibartarra, Pura Vida bidea zabaltzen. MIKEL ZABALZA.
Ainhoa Lendinez
2014ko azaroaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiru urteko trebakuntza goren-gorenean amaitu du gazte alpinisten Espainiako selekzioak, Nepalen, Himalaian. Mikel Zabalzak gidatuta, zazpi gaztek osatu dute selekzioa, tartean bi euskal herritar: Mikel Ajuria oiartzuarra eta Alberto Fernandez elgoibartarra —Erlantz Diaz bilbotarra selekzioko kidea da, baina min hartuta dago—. Iñaki Otxoa de Olzaren omenez, Pura Vida bidea zabaldu dute Sakaton Peak mendian (6.325 metro), Kysar haranean.

«Leku bakartu batean egotea zen asmoa, eta 6.000 metroko mendietan zailtasun alpinismoa egitea, estilo alpinoan». Zabalzaren hitzak dira. Pozik dago gazteekin izandako esperientziaz, 26 egun iraun duen esperientziaz. Hiru urteko trebakuntzan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute gazteek, eta bide berri bat zabaltzekoa ere bai.

Pirinioetan, Alpeetan eta Europako beste hainbat mendigunetan trebatu dira aurretik. Oraingoa nazioarteko lehen esperientzia izan da. «Espedizioa oso ongi joan da oro har», esan du Zabalzak. Ajuria ere pozik azaldu da. «Kanpalekuko bizimodua ezagutzea berria izan da niretzat».

Luklatik, Everesteko trekkinga hasten den lekutik, bi eguneko trekkinga egin zuten Kysar bailarara iristeko. «Luklatik gertu egon arren, ez da erraza iristea, bidea ez dagoelako markatuta. Goi mendian bakarrik egotea zen helburuetako bat, eta horregatik aukeratu genuen bailara hau», zehaztu du Zabalzak. Nahi eta lortu. Ez dute beste mendizalerik ikusi. «Oso leku aproposa da goi mendian ibiltzeko; bide tekniko asko zabaltzeko aukera ematen du». Hain zuzen, egokitzeko, Kyasar mendia (6.700 metro) igo zuten kide batzuek, Ajuria tartean. «Egokitu eta gero, Kyasar igotzeko modua ikusi genuen. 6.100 metrotan egin genuen lo, eta hurrengo goizean, 6.300ean ginela, elurra kaskartzen hasi zen, eta behera egin behar izan genuen. Gogorra izan zen atzera egitea».

Hainbat egunetako jardueraren ostean, espedizioko helburu nagusiari ekin zioten: inork igo gabeko mendi bat eskalatzea. Mapetan begira jardun ostean, izenik gabeko 6.325 metroko mendi bat aukeratu zuten, «mapetan puntu bat» baino ez zena. «Mendiak ez zeukan izenik, eta, identifikatzeko, Sakaton Peak jarri genion», azaldu du Zabalzak. «Nepaldarrei eskerrak emateko námaste esaten genienean, sakaton esanez erantzuten ziguten; hala ekarri esan nahi du. Horrenbeste aldiz entzun genuenez, mendi ezezagun hari Sakaton jartzea erabaki genuen. Dena den, mendi horrek beste izenik baldin badauka, prest gaude hura erabiltzeko».

Mendi berri horretan zabaldutako bideari dagokionez, 1.300 metroko desnibela dauka, M5 graduko zailtasuna eta 80 graduko maldak izotzetan. Lau egun eta hiru vivac egin behar izan zituzten hura igotzeko. Malda handietako elurra eta aseguruak jartzeko leku egoki falta izan dira zailtasun handienetakoak. «Oso bide polita da, baina zaila ere bai. Elurra ona zen, baina zaila zen korapiloak finkatzea. Kontuz ibili behar izan dugu ez erortzeko».

Zabalzak Ajuria eta Fernandez izan ditu bere aginduetara. «Biak indartsuak dira, baina ezberdinak ere bai. Mikel [Ajuria] oso aktiboa da; izaera bikaina dauka, eta harekin eskalatzea dibertsioa da. Izugarri gustatzen zaio haitza, baina lur orotan ibiltzen da ongi. Alberto, berriz, alpinista hutsa da. Izugarri gustatzen zaio negua, mistoan eskalatzea eta bide arraroetan ibiltzea. Berezko alpinista da». Ezin ahaztu min hartutako Diaz ere: «Hura da indartsuena, baina ez du zorterik izan, eta bi urte egin ditu min hartuta».

Bederatzi lagunek osatu dute 2012-2014ko belaunaldiko taldea, eta hiru urteko prestakuntza biribiltzeko bidaia izan da Nepalera eginikoa. «Oso esperientzia polita izan da: asko eta ongi eskalatu dugu, eta asko ikasi dugu elkarrengandik. Hurrengo taldea osatzen hasteko ordua da orain, baina gazte hauen falta sumatuko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.