Hotza, lehorra, haizetsua da Tibeteko Kham eskualdea. Duela zazpi mende, bertako biztanleak parean zuten Himalaia esploratzen hasi ziren. Cho Oyu mendipean, eta5.800 metro duen Nangpa La mendate glaziarra aurkitu zuten. Mendatea igaro, eta, bidaia harrigarri baten ondoren, xerpak hegoaldera heldu ziren, eta Himalaiaren hegoaldean bizi baldintza gozoagoak aurkitu zituzten. Chomolungma mendiaren inguruan hutsik zeuden lurrak bereganatu, eta han eraiki zuten bizimodu berria.
Xerpa hitzak ez du garraiatzaile esan nahi. Xerpa hitza Nepal barruan bizi den herri baten izena dugu. Usadio, erlijio, kultura eta hizkuntza propioa dituena. Baina xerpen hizkera, bere lurraldean hegemonikoa zena, gutxitu bihurtu da, nepaleraren eta ingelesaren mesedetan.
2018an Oxigenoa euskarari 6.000 metroan baitere espedizioa antolatu genuen. Hamabi euskal gaztek eta bederatzi xerpa gaztek bat eginik ibilaldi luze bat egin zuten, 6.000ko bi igoz. Arratsaldero, ibilaldiaren ondoren, euskaldunak eta xerpak bildu, eta euskaraxerpa hiztegia lantzen hasi ziren, 400 hitz baino gehiago biltzeraino. Orain hemen nago, Khumjung herrian, gazteek hasitako lanari jarraipena emateko.
Tashi delek da xerpa hizkuntzan gure kaixo. Namaste agurra nepaldarra da. Luklatik Khumjungera bi eguneko ibilaldian ez dut tashi delek bat ere entzun. Denak morning, hellonamasteka. Eskualde hauetan ugari gara mendiko turistak. Mundu perfektu bat dirudi. Urrun Palestinako zorigaitzetik, urrun gizartearen aurpegi beldurgarritik.
Halere, turista aberatsek, kultuek, kirolariek, adeitsuek, alde egingo dute jakin gabe xerpek bere hizkuntza dutela.Tashi delek, lagunok.

TASHI DELEK
Ez da entzuten 'tashi delek'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu