Pedro Garcia. Alpinista

«Ezingo nioke inori dirua eskatu ni mendira joan ahal izateko»

Cho Oyun bi behatz galdu ondotik, sendatzen ari da Garcia. Goierritar honek mendizale handienen pareko curriculuma eta herritar soilenen umiltasuna ditu ezaugarri, eta hurrengo espedizioa prestatzen ari da.

Pedro Garcia, Xabi Urrate eta Oier Plazaola, Cho Oyuko gailurrean. PEDRO GARCIA.
2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
8.000 metrotik jaitsi eta Ordiziara iritsi orduko ebakuntza gelara joan behar izan zuen udazkenean Pedro Garciak (Ordizia, 1971). Urrian Cho Oyun (8.201 m) egon zen beste bi lagunekin. Bigarren aldia zuen Jainkosa Turkesan eta zortzigarrena zortzi mila metrotik gora. Izozteak izan zituen eta bi behatz galdu ditu. Lau hilabete igaro ditu ebakuntza eta osatze prozesuan; pixkana-pixkana, baina, arrastoan sartzen ari da berriro. Txindokira egin du lehen mendi irteera. Cho Oyun bezainbeste gozatuta jaitsi da etxera.

Zer moduz behatzak?

Bi galdu ditut, baina ondo! [barrez] Urrian espediziotik itzuli ginenetik hilabete luzeak izan dira izozteak zehaztu eta ebakuntza egin arte. Abenduan egin zidaten azkenean, eta osatzen ari naiz orain. Asteburuan Txindokin egon naiz, eta pozarren nago, berriz ere mendira joateko gogoz.

Urrian bigarrenez egon zinen Cho Oyun. Nola laburtuko zenuke espedizioa?

Erabateko arrakasta. Manaslura joan nahi nuen, mendizale andaluziar batzuekin; baina pertsonalki garai gogorra nuen, eta ez nekien oso aproposa zen ezagutzen ez nuen jendearekin mendi garaietara joatea. Oier [Plazaola] eta Xabi [Urrate] lagunak Cho Oyura zihoazen eta haiekin joatea proposatu zidaten. Egona nintzen han, baina joatea erabaki nuen. Asmatu nuen. Lagun giroan joan eta lagun giroan itzultzea zen helburua, eta horixe egin genuen.

Orain gutxi Alex Txikonen espedizio bat bertan behera geratu da Txinak ez diolako baimenik eman K2ra joateko. Arazorik izan zenuten alde horretatik?

Bai, egia esan, txinatarrak oso estu dabiltza azkenaldian. Guk geuk bost egun egin genituen Katmandun, Nepaletik Txinara igarotzeko bisaren zain. Gero, gainera, montzoi garaian joan ginen, eta, euriteek lur-jausiak eragin zituztela eta, helikopteroz eginarazi ziguten trekkingaren zati bat. Gerora beste mendizale batzuek esan ziguten eurek oinez egin zutela guk airez egindako zatia. Oztopo txikiak gorabehera, espedizioa bikain atera da.

Nolakoak dira igoeraren aurreko egunak?

Pixkana-pixkana garaierara egokituz joan behar duzu. Guk 4.000 eta 5.000 metrorainoko igoerak egin genituen oinarrizko kanpaleku aurreratura iritsi aurretik, Tingri eta Nialyan inguruan. Inguruko kulturaz gozatzeko aukera ere izan genuen egun horietan. Xerpen zeremonia batean ere izan ginen, puya. Erritu bat da: Dalai-lamaren hitzak irakurtzen dituzte, eta materiala bedeinkatzen diete mendizaleei, mendian arazorik eduki ez dezaten. Jatekoa, pioletak eta bestelakoak eraman genituen. Oso berezia izan zen, oilo-ipurdia jartzeko modukoa.

Ohiko bidetik igo zenuten zuek Cho Oyu. Nolako igoera da?

Oro har, ez dauka zailtasun teknikorik. Bigarren kanpalekuaren inguruan, 7.200 metroan, serac bat dago, eta hori da pasagune zailena, sokarekin kontuz igarotzekoa. Gainerakoan, garaiera da gogorrena. 6.400 metrotik aurrera zorabioa nabaritzen da, baina hori ez da arraroa. Hotza ere izugarria da. Ni neu gailurrerako azken erasoan ginenean ohartu nintzen behatzak ez nituela nabaritzen. Ez nion garrantzi handirik eman, eta gero, begira, bi behatz izoztu zitzaizkidan. Baina, oro har, Cho Oyu zortzimilako erraza da. Eguraldiak asko lagundu zigun, gainera. 08:30-09:00 inguruan iritsi ginen gailurrera eta eguzki betea geneukan. Everest parez pare ikusi, lagunak besarkatu… hunkigarria izan zen.

Zortzimilakoak masifikatuz doaz. Alde horretatik, zer ikusi duzue?

Gero eta jende gehiago biltzen da, bai, baina gehiago harritu naumendizaleen prestakuntza faltak. Kranpoiak sekula jantzi ez dituen jendea ere aurkitu dugu mendian gora. Harrigarria da.

Nola mugatu liteke hori?

Ez da erraza, baina badira bideak. Mendizaletasuna diru iturri garrantzitsua da Nepalen, eta agentzia askok diruari beste ezeri ez diote begiratzen, bezeroaren mailari edo prestakuntzari begiratu ere egin gabe. Akats handia da. Eguraldi txarra sartzen bada, esaterako, mendizale horiek ez daukate baliabiderik euren kabuz egoera kudeatzeko. Mendizaletasunak mailaz mailakoa izan behar du. Ni neu Euskal Herriko mendietan hasi nintzen, Pirinioetan eta Alpeetan gero, eta pixkana-pixkana joan naiz zailtasunean eta garaieran gora egiten. Gaur egun diru truke joaten dira asko mendira, eta hor sortzen dira arazoak. Mendizaleei nolabaiteko maila egiaztatzeko eskatu beharko liekete agentziek edo gobernuak berak.

Zu zeu nola prestatzen zara?

Indarra lantzeko ariketak egiten ditut gimnasioan, eta, noski, saio aerobikoak ere bai: korrika, mendia, bizikleta. Alde teknikoa lantzeko, berriz, eskalada, korridoreak Pirinioetan eta izotz eskalada pixka bat. Mendia zaletasuna da, baina eskura dauzkagun neurriak hartzea ezinbestekoa da zaletasuna gozagarri izan dadin, mendiak berez dauzka-eta arriskuak, eta ez baita komeni norberak arrisku gehiago hartzea.

Mendi garaietara gero eta espedizio gutxiago egiten dira, diru arazoengatik batez ere. Nola moldatzen zara zu?

Nik ez dut balio eskatzeko, eta are gutxiago mendira joateko dirua eskatzeko. Jende asko dago gosez hiltzen eta ezingo nioke inori dirua eskatu ni mendira joateko. Inoiz edo behin kamisetak saldu ditut dirua lortzeko, baina gauza txikiak egin ditut. Neure diruarekin ordaindu ditut beti irteerak, eta ezin denean, Pirinioetara edo Alpeetara joan naiz, etxeko mendietara bestela [barrez].

Noiz sortu zitzaizun mendizaletasuna?

Txikitan, errugbian ibili nintzen pixka bat, baina berehala egin nuen mendira. Gaztetan, Pirinioetara lehen irteera egin orduko ikusi nuen mendia zela niretzat egokiena. Alpeetara joan nintzen; Iranen ere Damavand (5.610m ) igo nuen. Urtero espedizio bat egiten saiatzen naiz, baina pixkanaka joan naiz beti, mailaz maila.

25 espedizio handi egin dituzu, eta tartean, hamar zazpimilako eta zazpi zortzimilako. Hamalauak egiteko asmorik bai?

Manaslura, K2ra, Dhaulagirira eta Kangchenjungara joan nahi dut, esaterako. Gainerakoetara ez dakit. Ez daukat buruan hamalauak egitea, baina egia da zortzimilakoak izugarri gustatzen zaizkidala.

Zortzimilakoen garaia amaitu da?

Egia da gauza asko eginda daudela, baina oraindik ere bada zereginik zortzimilakoetan. Neguko igoera batzuk falta dira, eta horrez gain, bide berri asko egin litezke Cho Oyun, Manaslun edo Shishan. Orain urruneko zazpimilakoak ari dira indartzen; teknikoak, zailak; baina zortzimilakoak beti izango dira erakargarriak.

Kilian Jornet korrikalariak mendi garaietan egin du orain apustu. Nola ikusten duzu joera hori?

Jornet oso ona da korrika eta eskian. Benetako mendizalea da, gainera; mendian bizi dena, eta mendia ongi ezagutzen duena. Azkartasuna eta arintasuna gustatzen zaizkio, eta haren estiloa mendi garaietara eraman nahi du orain. Mendizaletasunaren beste modalitate bat iruditzen zait; ez dut inolako arazorik ikusten horretan. Baina Kilian bakarra dago munduan, eta haren ereduari segitzen saiatzen direnengan dago arriskua, Jorneten maila izan gabe harenak egiten saiatzen direnengan, alegia.

Zer asmo duzu orain?

Aste Santuan Elbrusera joango naiz. Lehenago egona naiz, baina oraingoan iparretik joango gara, eta oso baldintza gogorrak izango dira, 5.600 metro izanagatik hotz izugarria izango dugulako. Abuztuan Indiara joaten saiatuko naiz, Kun eta Nun zazpimilakoetara, eta, ondo bidean, abenduan, Aconcaguara.

Mendiak errepikatzea, beraz, ez zaizu inporta.

Ez, egia esan ez. Igoera bakoitza ezberdina delako. Hala ere, munduan milaka mendi daude, eta nahiago dut berriak esploratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.