Kirol eskaladaren oinarria dira ekipatzaileak, Euskal Herriko mendietan dauden paretei zentzua eman, eta mendi horiek eskaladaren munduan murgiltzen dituztenak. Horiek gabe, kirol eskaladak ez luke etorkizunik, ezta gaurkotasun eta iraganik ere.
Eskalada eskolen sortzaile dira, paretetan bideak irudikatu eta errealitate bihurtzen dituztenak. Ez da lan makala, ordea. Ordu asko ematen dituzte paretean gora eta behera: heldulekuak garbitzen, seguruak jartzeko leku egokiak bilatu eta horiek jartzen, erdi aske dauden harri puskak kentzen edo finkatzen... Ez hori bakarrik; askok, gainera, beren poltsikotik ordaindu ohi dute beharrezko materiala, eta, denbora eta esfortzua jartzeaz gain, ekarpen ekonomiko bat ere egiten dute.
Kritiken arrazoi ere izaten dira, bada, ekipatzaileak. Nola ekipatu behar den esaten duen legerik ez dago, oraingoz behintzat, eta ekipatzaile bakoitzak erabakitzen du nola egingo duen lana. Bide berri bat zabaltzean gauza asko hartzen dira kontuan: seguruen arteko distantzia; eskaladaren zailtasuna; zailtasun hori jarraia den edo zati jakin batean duen pilatua; helduleku batzuk artifizialki gehitu edo daudenak moldatu ala ez... Azken erabaki hori izaten da, askotan, kritikarako arrazoi.
Hiru taldetan banatu daitezke eskalatzaileak, heldulekuak artifizialki gehitu edo moldatzearen inguruko iritzia kontuan hartuta: guztiz bide naturalen aldekoak, inolako helduleku artifizialik onartzen ez dutenak; teknobideen aldekoak, helduleku artifizialak onartzen dituztenak; eta tartekoak, helduleku artifizialak kasu jakin batzuetan eta beharrezkoa denean onartzen dituztenak.
Ekaitz Maiz eta Iñako Marko dira Euskal Herriko ekipatzaileetako bi. Maizek Nafarroako eskalada eskoletan bide asko zabaldu ditu, bere herriko eskalada eskolan batez ere, Etxaurin. Markok, berriz, Bizkaiko eskalada eskoletan lan egin du gehien, Baltzolan eta Mugarran, esaterako. Biek esperientzia handia dute ekipatzen, eta hasi zirenetik gaur egun arte, asko aldatu dute ekipatzeko modua eta filosofia.
«Orain dela urte asko, erabili ohi nituen helduleku artifizialak; gaur egun, ez. Puskatzeko arriskua duten heldulekuak indartzeko baino ez dut erabiltzen sika —zementu indartsua— orain. Eskaladaren eboluzioan ikasiz joan naizen gauza bat da bideak hainbat eta naturalagoak izan orduan eta hobeto dela. Euskal Herrian ez dugu arroka asko, eta dagoena ondo zaintzea ezinbestekoa da», esan du Markok.
Ekipatzea ez da egun batetik bestera ikasten den gauza bat, are gutxiago kalitate handiko bideak irudikatu eta eskalatzeko marrarik logikoena bilatzea. Askotan, eskalatzaileak ez dira jabetzen eskalatzen ari diren bideetan aurretik ekipatzaileek egin duten lanaz. «Kirol eskaladan ez da baloratzen ekipatzaileek egiten duten lana. Mendian edo pareta luzeetan behetik zabaltzen dituzun bideak ekipatzean, askoz ere gehiago baloratzen zaituzte, eta nork egin duen gogorarazten da. Kirol eskaladako eskalatzaileei askotan burutik ere ez zaie pasatzen nork zabaldu duen bidea eta nondik atera diren erabiltzen dituzten seguru horiek», adierazi du Maizek.
Ez dituzte baloratzen, baina ez hori bakarrik; askotan, gainera, kritikatu ere egiten dituzte: seguruak oso urrun daudela, helduleku artifizialak dituztela... «Ekipatzaile bakoitzak bere modua du ekipatzeko eta eskalada ulertzeko. Ez gara asko bideak ekipatzen ditugunak, eta ezinbestekoa da bakoitzaren lana errespetatzea. Eskalatzaileek, ekipatzailea zein den jakitean, badakite gutxi gorabehera zer aurkituko duten; beraz, gustatuko ez bazaie, ez dezatela eskalatu, eta kito», azaldu du Markok. Maiz ere bat dator horrekin: «Eskalatzaile asko kexatu ohi da seguruak urrun daudelako, adibidez. Nire ustez, bide batean zenbat seguru jarri eta zein distantziatara ekipatzailearen erabakia da, eta behin bidea ekipatuta dagoenean, bidearen ezaugarrietako bat. Hori errespetatzea ezinbestekoa da».
Denbora eta esfortzua erabiltzeaz gain, materiala ere beren poltsikotik ordaindu ohi dute ekipatzaile askok. Nafarroako ekipamendu komisioko partaide da Maiz, eta adierazi du bide zaharrak berritzeko materiala ematen duela federazioak; bide berriak ekipatzeko, ordea, ez.
Mendia
Ezkutuko lan miresgarria
Eskaladako bide bati buruz hitz egitean, gutxitan aipatzen da ekipatzailearen izena. Ezinbesteko elementu dira, ordea, eskalatu ahal izateko. Pareta soil bat dena txukundu eta eskalatzeko moduan jartzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu