Eskalatzaileek atzodanik ezin dute Gaubeako San Martin Valparaiso eskalada eskolan eskalatu, eta debekua indarrean izango da «beste jakinarazpenik izan arte». Honela diote, hitzez hitz, Uribarri Gaubeako Administrazio Batzarrak jarritako oharretan: «Erabat debekatuta dago San Martin Valparaison sartzea eta eskalatzea. Arau hau ez betetzeak zehapenak ekar ditzake».
Gaubeako Udalarekin eta Turismo arduradunekin harremanetan jarrita, azaldu dute datozen asteetan filmaketa bat egingo dutela bertan, «produkzio handi bat» dela, eta «ezinezkoa» dela bi jarduerak bateratzea; eskalada eta filmaketa, alegia. Zer film den eta debekua noiz arte izango den indarrean galdetuta, ezin dutela informazio gehiagorik eman adierazi dute. «Filmaketa handi bat da, xehetasunak lotzen ari dira, eta ekoiztetxetik eskatu digute informazio gehiagorik ez zabaltzeko. Hamar bat egun barru emango ditugu xehetasunak», azaldu dute Udaleko eta Turismo Bulegoko arduradunek.
Eskalatzaile askok jotzen du Gaubeara eskalatzera, batez ere udaberrian eta udan, hormak itzalean geratzen baitira, eta egokiak dira beroak estutzen duenean.