Giro ona eta hezetasuna nagusi III. Txirrita mendi lasterketan

Amets Aranberri Otegik (1.15.30) eta Leire Fernandez Abetek (1.27.29) irabazi dute. Aranberrik bigarrenez irabazi du lasterketa, iaz ere hura izan baitzen garailea. Errelebo lasterketako garaileak Ainhoa eta Aitor Larrañaga Jaio (1.33.32) izan dira.

Lehen hiru emakumezkoak:  Rebeca Mariño bigarrena, Leire Fernandez txapelduna eta Larraitz Etxebeste hirugarrena. TXIRRITA M.L.
Lehen hiru emakumezkoak: Rebeca Mariño bigarrena, Leire Fernandez txapelduna eta Larraitz Etxebeste hirugarrena. TXIRRITA M.L.
ramon olasagasti
2025eko ekainaren 24a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Dortsal guztiak amaituta, 350 lagunek hartu dute parte aurten III. Txirrita mendi lasterketan. Hamabost bikote eta banakako 320 korrikalari abiatu ziren igandean, 09:30ean puntu-puntuan, Altzako San Martzial plazatik. Aurten, ibilbideko hamazazpi kilometroei ez ezik, hezetasunari eta horrek sortutako giro sargoriari ere egin behar izan zieten aurre korrikalariek.

Gizonezkoetan Amets Aranberri Otegi izan zen ibilbidearen hamazazpi kilometroak egiten azkarrena, 1.15.30eko denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, Leire Fernandez Abetek 1.27.29an gelditu zuen kronoa. Espainiako Txapelketa irabazi berria zen errenteriarra, eta Altzan ez zuen areriorik izan. Fernandezek, gainera, lasterketaren errekor berria ezarri zuen —aurreko errekorra Erika Alvarez Aldunzin aresoarrak zuen: 1.32.16—.

III. Txirrita Mendi Lasterketako irabazleak
Gizonezkoen podiuma: Hodei Lujanbio, Amets Aranberri eta Ibai Makazaga. TXIRRITA M.L.

Lesio bat tarteko, aurten azken orduan kanpoan geratu zen Alvarez Aldunzin, 1 zenbakia soinean eraman behar zuena. Bigarren Rebeca Mariño Torrado elizondoarra geratu zen (1.32.18), eta hirugarren, Larraitz Etxebeste Lizaso (1.36.48). Gizonezkoetan, Amets Aranberri Otegiren atzetik sailkatu ziren Hodei Lujanbio Apezetxea (1.16.06) eta Ibai Makazaga Aristi (1.16.39). Beraz, gizonezkoetan iaz bezala geratu zen podiuma. Laugarren iazko bera izan zen: Andoni Uzkiano Solana (1.17.07). Bera izan zen, hain zuzen, lehen altzatarra. Lasterketa bukaeran penaz zen Uzkiano Solana, etxeko lasterketak zirrara berezia sortzen baitio.

Erreleboetan Ainhoa eta Aitor Larrañaga Jaiok osatutako bikotea izan zen azkarrena (1.33.32), eta atzetik izan zituzten Nerea Ormaetxea Esnaola eta Mattin Intxaurrondo Mujika (1.39.05), eta Aimar Iturbe Perurena eta Aroa Arteaga Cotelo (1.40.03).

Txirrita Mendi Lasterketaren antolatzaileak eta boluntarioak
Txirrita Mendi lasterketaren antolatzaileak eta boluntarioak, familia argazkian. TXIRRITA M.L.

Iazko bideari jarraituz, aurten ere bertsoek presentzia nabarmena izan zuten: Andoni Egaña eta Agin Laburu aritu ziren bertsotan. Hala, kultura sustatzeko duen apustua berretsi zuen probak. Horrez gain, antolakuntzak ohitura duen moduan, bertaratutako guztiei mokadutxoa ere eskaini zien, eta lasterketaren izaera herrikoiaren erakusle bihurtu zen beste urte batez.

Antolatzaileek esker ona adierazi nahi izan zieten probaren antolaketan, ibilbidean, streaming emankizunean eta abarretan lagundu zuten ehundik gora boluntarioei, baita Txotx kolektiboari eta lasterketa aurrera ateratzen lagundu duten guztiei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.