Helias Millerioux: «Gizakiaren ergelkeriaren isla da zortzimilakoetan gertatzen ari dena»

Helias Millerioux alpinista frantziarrak (Paris, 1987) Urrezko Pioleta eskuratu zuen 2018an Nuptse mendian zabaldutako bideagatik, eta ikuspegi kritikoa agertu du azken urteotan Himalaiako mendietan gertatzen ari denari buruz, kutsadurari buruz...

Helias Millerioux alpinista frantziarra
Helias Millerioux Bilbon, Nuptseko jarduerari buruzko filmaren aurkezpenean. E. MORENO ESQUIBEL / MENDI FILM
ramon olasagasti
2025eko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nuptseko eskaladari buruzko Nuptse, l'inaccessible absolu filmak (Nuptse, guztiz lorrezina) zabaldu zuen abenduan Bilboko Mendi Film jaialdia, eta, Mendi Tour zirkuituari esker, han eta hemen ikus daiteke orain pelikula. Nuptseko eskaladari buruz ez ezik, alpinismoari buruz oro har hitz egiteko aukera ere izan du BERRIAk alpinista frantziarrarekin.

Paristarra da Helias Millerioux (1987), hiriburukoa, argiaren eta maitasunaren hirikoa. Han hazi zen, eta han igaro zuen gazte denbora. Gurasoek, ordea, uda partean mendian igarotzen zuten oporraldia, gehienetan Alpeetan, Vanoise inguruan, eta han egin zituzten mendiko lehen urratsak Heliasek eta haren bi anai-arrebek. Gurasoek ez zuten mendiko kulturarik, baina, Heliasek 11 urte zituela, alpinismoko lehen jarduera egin zuten, eta txikiari zainetaraino sartu zitzaion zaletasuna. Parisen ez, Vanoiseko mendietan aurkitu zituen Millerioux gaztetxoak bere bizitzako maitasuna eta argia. Etxera itzultzean, eskaladako talde batean eman zuen izena, eta talde horren bitartez ikasi zuen eskiatzen ere, neguko kanpalekuetan.

Fontainebleauko harkaitzetan zaildu zen gero, eta azkarra izan zen bilakaera: 18 urterekin Frantziako Eski eta Alpinismo Eskola Nazionalean —ENSA entzutetsuan— sartzeko azterketa prestatzen hasi zen; 21 urte zituela Frantziako Eskalatzaile Gazteen Talde Nazionalerako aukeratu zuten, eta 25 urterekin ENSAko gidari zen jada. Ordurako, Chamonixen bizi zen Millerioux. Alpeetako hiriburuan bitan banatu izan dira betidanik gidariak: chamoniard-ak, hau da, bertakoak, eta kanpotarrak, eta uda batez, pisu berean elkartu ziren Millerioux bera eta beste hiru kanpotar: Fred Degoulet, Benjamin Guigonnet eta Robin Revest. Pisu hartan sortu zen Mustatxen Banda deiturikoa, ezpain gaineko mustatxa baitzen lauren bereizgarria.

«Ez dut ikuspegi elitista izan nahi, baina mendiko turismoak, nire ustez, apurtu egiten du ametsa»

«Berez, bi sokaldi ginen: Robin Revest eta biok batetik, eta Fred Degoulet eta Ben Guigonnet bestetik, eta sokaldi bakoitzak bere aldetik eginak zituen hainbat jarduera. Adibidez, Robin Revestek eta biek eskalatuak genituen Aconcaguako hego aurpegia eta Denaliko hego aurpegiko eslovakiarren bide zuzena, azken hori ere bide harrigarria. 2014an, berriz, erabaki genuen Perura elkarrekin joatea, eta Siula Chico mendiaren mendebaldeko aurpegi tente eta harrigarrian bide bat zabaldu genuen, estilo alpinoan. Bide ederra, basatia eta oso teknikoa», ekarri du gogora Milleriouxek. Aurpegi horretako bigarren igoera izan zen: igoera garbia eta azkarra. Lehena Jordi Corominas eta Oriol Baro kataluniarrek egin zuten, 2007an. «Guk haien bidearen eskuinetik jo genuen, bide oso zuzen batetik». Mustatxen Bandak jarduera ikusgarri horrekin ezagutarazi zuen bere burua mundu zabalean. «Guk irekitako lehen bidea izan zen Siula Chicokoa, igoera handia».

Nuptseko harresia, hirugarrenean

Hurrengo urterako, 2015erako, erronka are gogorragoa jarri zioten beren buruari: Nuptse mendiaren hego aurpegi erraldoian bide bat zabaltzea. Everest eta Lhotseko zirkua ixten duen mendia da Nuptse. Haren hego aurpegia, berriz, zailtasuneko himalaismoaren ikurretako bat da. Horma hartan hil zen Ueli Steck suitzarra, 2017ko udaberrian. Beraz, munduko alpinistarik zailduenak baino ez dira barneraretzen harresi hartan. «Laukote ona osatzen genuen, eta denok oso motibatuta eta energiaz gainezka geunden», oroitu du Milleriouxek.

Nuptse mendiaren hego horma
Nuptse mendiaren hego horma. HELIAS MILLERIOUX

Urte hartan, bandako bi kide bakarrik joan ziren Nuptsera, Guigonnet eta Millerioux, baina gerora zabaldutako bidean «egiazko ahaleginik» egin gabe itzuli ziren. «Horrelako proiektu handi eta zailak gauzatzeko, denbora eta esperientzia behar dira. Uste dut Nuptsek behar zuela, eskatzen zuela. Ben eta biok joan ginen lehen aldian, besterik gabe, begiratu bat eman genion bideari. Baina funtsezkoa izan zen bidea ikustea eta nola funtzionatzen zuen ulertzea». Hurrengo urtean egin zuten bigarren saioa, 2016an. «Hura ahalegin ona izan zen, baina, hala ere, artean ez ginen bidea amaitzeko moduan. Hutsak egin genituen. Azken egunean, ahalik eta zama gutxien hartzea erabaki genuen. Gora egin ahala, jabetu ginen ez ginela arrazoizko ordu batean iritsiko gailurrera, janaririk eta bibakeko ekiporik gabe».

Saiakera hartan, 7.350 metrora heldu ziren. Halako jardueretan, halako bide zailetan, ordea, «zenbat eta gorago igo, orduan eta zailagoa da gailurrera iristea», Milleriouxen arabera. «Gauza asko gerta daitezke: posible da gaixotzea, harri batek jotzea, eguraldia oso azkar aldatzea, edo bidea bera, baldintzak, giza indarra, indar mentala... hori ere aldatu ohi da igoeran aurrera egin ahala. Horregatik, oso zaila da halako bide handiak eskalatzea. Tentsioa izaten da amaierara arte, bai baitakizu arriskua dagoela azkenean dena bertan behera geratzeko. Horixe gertatu zen 2016an. Oso hurbil geunden, baina, aldi berean, oso urrun».

«Eduki dezakezu munduko futbol talderik onena, baina garaipenik lortu ez. Horrelako proiektuetan ere berdin. Gure arteko giza loturak eraman gintuen Nuptse gailurrera, eta aurrera egiteko indar mental horrek»

Hirugarrenean lortu zuten, 2017an. Gakoa zein izan ote zen galdetuta, alpinista frantziarrak nabarmendu du gakoa ez zela teknikoa izan. «Noski, behar da zailtasun tekniko horiek gainditzeko gaitasuna, baina gaitasunak bere hartan ez zaitu eramango gailurrera». Futbolarekin egin du alderaketa: «Eduki dezakezu munduko futbol talde onena, jokalari onenak, baina garaipenik lortu ez. Horrelako proiektuetan ere berdin. Gure arteko giza loturak eraman gintuen Nuptse gailurrera, eta aurrera egiteko indar mental horrek». Beherakoan, harri bloke batek bete-betean jo zuen Millerioux, eta hiru orno eta lau saihets hezur puskatu zizkion. Onik atera ziren, azkenean, baina muturreko igoera haren ondotik, Mustatxen Banda desegin egin zen, eta, geroztik, Milleriouxek baino ez du jarraitu maila horretan eskalatzen.

Nuptseko igoerari esker, Urrezko Pioleta jaso zuten Milleriouxek eta lagunek 2018an, alpinismoan ematen den aitortza nagusia. Horren harira, ñabardura garrantzitsu bat egin nahi izan du: Urrezko Pioletak ez duela alpinista saritzen, jarduera edo bidea baizik. «Handia da aldea, eta beti oker bera egiten dugu, nik neuk ere bai. ‘Urrezko Pioleta jaso nuen’... Ez, ez, zabaldu genuen bideak jaso zuen. Ondo dago hori, jarduera saritzea, era horretan alpinismoaren espiritua eta kultura saritzen baitira, eta ez gizakion egoa. Obra artistiko bat da. Horregatik, Nuptseko jardueragatik saria lortu genuenean, poza hartu nuen. Nolabait, komunitateak berak bidea alpinismoaren maisulantzat hartzea bezala izan zen».

Nuptse mendiaren hego horma
Hormaren goiko aldean. HELIAS MILLERIOUX

Urrezko Pioleta emateko irizpideak «sinpleak» direla dio: gutxi esploratutako ingurune bat, mendi ezezagun samar bat, altua baina ez oso, lerro berri bat, estilo alpinoa... Milleriouxen irudiko, ordea, irizpide horiek ez dute jende gaztea bultzatzen gauza berriak egitera. «Denok zidor berera garamatzate. Eta, adibidez, zergatik ez saritu aurrez estilo astunean zabaldutako bide bat berriz egitea baina estilo alpinoan? Adibidez, estatubatuarrek Jannun egindakoa. Errusiarrek Himalaiako estiloan —sokak finkatuz eta abar— zabaldutako bidea egin zuten gutxi gorabehera estatubatuarrek, alpinoan, modu harrigarrian. Zergatik ez saritu horrelako eskaladak? Gazte belaunaldietakoak, ordea, beldurtuta daude 7.000 metrotik gorako mendietan bide zailak estilo alpinoan igotzeko».

Arrain hilek soilik jarraitzen diote korronteari

Milleriouxek gogor kritikatu izan du Himalaian eta batez ere zortzimilakoetan azken urteotan gertatzen ari den merkantilizazioa, eta, horren harira, lagun baten esamoldea ekarri du: arrain hilek soilik jarraitzen diote korronteari. «Niretzat, mendi handi horiek santutegi modukoak dira, oso mendi ederrak. Eta ez dut ikuspegi elitista izan nahi, baina mendiko turismoak, nire ustez, apurtu egiten du ametsa». Milleriouxentzat «etsigarria» da gaur egun mendi handi horietan, sare sozialetan, ilara horiek ikustea, jendetza hori, oxigeno botilekin behe-behetik, sokak behetik goraino finkatuta... «Desastre hutsa da. Gizakiaren ergelkeriaren isla da zortzimilakoetan gertatzen ari dena. Baina jendeak eutsi egiten dio gailurrik altuenera iristeko ametsari. Galdera hauxe da: zertarako egiten dugu hori? Niretzat, mendi bat era horretara igotzea helburua ez lortzea da, nolabait. Bestalde, asko kezkatzen nau mendizaleok sortzen dugun kutsadurak ere. Jendetza dabil mendi handiotan, eta ez dago inolako kontrolik».

«Orain, bezeroak gidatzen ditudanean, glaziarraz gozatzeko esaten diet, eta hala egiten dut nik ere, laster ez baitugu halakorik ikusiko»

Milleriouxek zortzimilako bakarra igo du, 2016an: Nanga Parbat, Ferran Latorre kataluniarrarekin eta Boyan Petrov bulgariarrarekin batera —bi urte geroago hil zen Petrov, Shisha Pangman— eta inolako megalomaniarik gabe dio «zortzimilako baten gailurrean bakar-bakarrik egotea esperientzia ederra» izan zela. «Ni gaixo nengoen, eta oso motel igo nintzen. Petrov diabetikoa zen, eta krisi bat izan zuen igoeran, baina igo ginen. Ederra izan zen». Milleriouxek oraindik ere jarduera harrigarriak egiten ditu mendi altu eta teknikoetan, halakoetarako lagunak topatzea «gero eta gehiago» kostatzen bazaio ere. 2021eko udan, esaterako, Batura Muztagh mendiguneko (Karakorum, Pakistan) Diran mendiaren (7.266 m) ipar ertza eskalatu zuen Yannick Graziani eta Patrick Wagnon kideekin batera, estilo alpinoan. Eta handik egun batzuetara, olatu aparretan, Rakaposhi (7.788 m) gailurra jo zuten Patrick Wagnonek eta biek, zotzi kilometroko ertz zorrotz bati jarraituz eta berriro estilo alpinoan.

Helias Millerioux alpinista
Bilboko Mendi Film jaialdian, Nuptseko filma aurkezten. E. MORENO ESQUIBEL / MENDI FILM

Mendiari erabat emana bizi da Milleriux. Mendi gidari, espedizioetan eta bere filmak jaialdietan aurkezten. Nuptseko filmarekin dabil orain batera eta bestera. Igoeraren parekoa izan zen filma ontzea ere: bat, bi, hiru ahalegin behar izan zituzten L'inaccessible absolu burutzeko. «Lehen bertsioa ez zen oso ona izan, nonbait. Jaialdietan-eta ez zuen hartu. Istorioa ez zegoen ondo kontatua». Hainbat urteren ondoren, hirugarren saiakeran, Hugo Clouzeau zuzendariak hartu zuen proiektua, eta irudi berberekin baina gidoi on baten bidez kontatu zuen istorioa, elkarrizketak eta irudiak tartekatuz. «Clouzeauk oso lan ona egin zuen storytelling esaten zaion horretan. Nire ustez, narrazio on bat izatea da inportanteena horrelako dokumentaletan, ez irudiak».

Bestalde, gidari lanari erreparatuta, salatu du berotze globalaren eragina «gero eta azkarrago» sumatzen ari direla Alpeetan. «Orain, bezeroak gidatzen ditudanean, glaziarraz gozatzeko esaten diet, eta hala egiten dut nik ere, laster ez baitugu halakorik ikusiko. Baina jada ez dut negarrik egiten. Gogoan dut, duela hogei urte, mendiko gidari izateko prestatzen ari nintzela, lagun batek, 70 urteko mendi gidari batek, Les Ecrins mendiguneko Blanc glaziarrera eraman ninduela, eta negarrez hasi zela. ‘Izugarri aldatu da’, esan zidan. Nire artean pentsatu nuen: bai, aldatu da, baina ondo dago oraindik. Hark, ordea, hainbat hamarkada lehenagoko irudiak zituen buruan. Orain berotze globala izugarri areagotzen ari da, eta ni ere tristatzen nau arazoak, baina ez dut negarrik egiten. Alpinistok egokitu egin beharko dugu. Ni, adibidez, abuztuan ez naiz joaten mendi batzuetara, arriskutsuegia da eta. Orain neguko igoera gehiago egiten ditut, mistoko igoerak neguan, mendi garaiagoetan… Alpinistak gara, eta ez zaigu egokitzea beste aukerarik geratuko. Nahitaez beste bide batzuk bilatu beharko ditugu gailurretara jendea gidatzeko eta igotzeko. Egingo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.