2025eko Mendi Film jaialdiak badu irudia: Kobazuloa. Aspaldian Chamonixen bizi den argazkilari paristar bat da egilea, Julia Roger-Veyer. Chamonixeko Mer de Glace glaziar ikonikoan ateratakoa da irudia. Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak antolatutako CVCE Photo mendi jardueretako argazki lehiaketan saritua izan da irudia, BBK Mendi Film Bilbo Bizkaia jaialdiko kartelaren atalean. 800 euroko diru saria eman diote egileari, eta argazki hori izango da aurtengo Mendi Film jaialdiaren irudia.
Hauek dira argazkiaren xehetasun teknikoak: Canon EOS R1; RF 15-35mm F2.8 L IS USM; 15mm; 1/1250s; f/5,0; ISO 250.
Julia Roger-Veyer egileak honela deskribatu du obra: «Neguan glaziar batean sortutako koba natural baten barruan atera nuen argazkia, Chamonixeko Mer de Glace ikonikoan. Urtean zehar, glaziarretako paisaiak esploratu ohi ditut eskalatzeko eta argazkiak egiteko toki inspiratzaileen bila. Kobazulo iragankor horiek, izotza urtu ahala urak moldatuak, urdin kolore oso berezia izaten dute, ñabardura ugarikoa. Liluratuta naukan elementu natural bat da izotza. Haren itxura izugarri aldatzen da argiaren eta urtaroen arabera, eta etengabe eboluzionatzen ari den kolore paleta bat eskaintzen du. Glaziarretako kobazulo horien barruko giroa oso berezia da: ozeanoaren urdin sakona ekartzen du gogora. Irudi honen bidez, inguru horren edertasun hauskorraren berri eman nahi izan dut, eta aparteko leku horiek zaintzearen garrantziaz ohartarazi».
Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak eta Munduko Meteorologia Erakundeak Glaziarrak Zaintzeko Nazioarteko Urtea izendatu zuten 2025a. Beste irizpide batzuez gain, hori ere aintzat hartu dute Mendi Filmeko irudia hautatzeko. «Gizateriaren erdia baino gehiago glaziarretako ur gezaz hornitzen da. Haiek urtu eta desagertzeak arriskuan jartzen du, epe luzera, milaka milioi pertsonaren ur hornidura», adierazi dute jaialdiaren arduradunek.