David Breashears. Alpinista, zinemagilea eta argazkilaria

«Glaziarren irudiek asaldatu egiten gaituzte, eta pentsarazi»

Abian da Mendifilm jaialdia, eta Bilbo mendizale ezagunen topagune gertatzen ari da. David Breashears himalaistak Glaziarrak desagertze arriskuan erakusketa jarri du metroan, Himalaiako glaziarrei buruz.

ENRIQUE MORENO ESQUIVEL / MENDIFILM.
Bilbo
2014ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Bilboko metroan Himalaia ikus daiteke egunotan. David Breashears alpinista, zinemagile eta argazkilariaren (AEB, 1955) hamalau argazki erraldoik apaintzen dituzte lur azpiko trenaren hormak. Mendifilm jaialdiak gonbidatuta etorri da Euskal Herrira Everest bost aldiz igo duen mendizale ezaguna. Mutiko bat aho zabalik geratu da menditzarrei begira. Zer ote diren galdetu dio aitari. Breashearsek berak azaldu duenez, horixe omen dauka helburu erakusketak: ikusleak harritzea eta ohartaraztea. Klima aldaketak munduko mendikate garaienaren glaziarretan daukan eragina islatu du irudiotan.

Zer erakusten du erakusketak?

Klima aldaketak Himalaian daukan eraginaren ondorioz hango glaziarrek izan duten eboluzioa. Aldaketa hori ikusiz, hiru galdera egitea dagozkigu geure buruari: zerk eragin du aldaketa hori? Zer esan nahi du? Eta nolakoa izango da etorkizuna?

Eta erantzunik baduzu?

Horixe da kontua. Oso zaila da egun batetik bestera jendearen kontzientzia aldatzea. Ikusleengan inpaktua lortzea da gure helburua. Nik ikusten dudana baino ezin dut azaldu, azken erantzuna zientzialariek dute auzi honetan.

Eta zer diote zientzialariek?

Globalizazioak eta klima aldaketak mundua estrespean dutela diote, ingurumen estresa, eta estres horrek eragina dauka, noski, gizakiarengan, gizartea desorekatzen baitu. Klima aldaketaren eraginez, muturreko egoerak bizitzen ari gara: lehortea, euritea, galerak uztetan… Aldaketa etengabea eragiten du klima aldaketak eta horiek gainditzen eta horietara egokitzen egon behar dugu etengabe.

Zuk zeuk zientzialariekin egin duzu lan hau?

Bai, nik bi zientzialarirekin egiten dut lan etengabe, Glacierworks fundazioan, gu ez garelako aktibistak; ez dugu alarmarik sortu nahi, errealitatea islatu baizik. Eta horretarako, honek guztiak oinarri zientifikoa behar du. Eta bai, irudiek eta zientziak gauza bera esaten dute, bat datoz. Honek guztiak Francisco Goya margolariaren El sueño de la razón zuri-beltzeko irudia dakarkit gogora, non gizon bat lo ageri den, munstroz inguratuta. Irudi horrek jasotzen duena etengabe errepikatzen da historian, eta hain zuzen horixe lortu nahi dut nire argazkiekin: jendea amets horretatik esnatzea. Glaziarren irudiek asaldatu egiten gaituzte, astindu, arreta ematen digute eta pentsarazi.

Baina halako saioak askotan ez ote dira geratzen eslogan hutsean?

Bai, askotan bai, mezuek oinarririk ez dutenean bai. Horregatik, ezinbestekoa da esandakoak egiaztatzen dituzten gertakariak eta informazio zehatza egotea oinarrian. Nik hemezortzi espedizio egin nituen irudi hauek hartzeko, behin eta berriz ziurtatzeko zer islatzen ari nintzen. Zientzian zeinuak behar dira, eta horixe dira nire argazkiak, seinaleak. Ondoren, seinale horiek zientzialariek ikertu behar dituzte, eta ondorioak atera.

Argazkietan oso nabarmena da mende batean glaziarrak nola txikitu diren.

Bai, glaziarrak asko aldatzen ari den inguru batean daude; garaierarengatik, inguruan daukaten tenperaturarengatik. Zientzialariek ziurtatu dute urtze indizea eta berotzearena asko eta azkar handitu direla azken urteotan. Dena den, argazkiek azalekoaren aldaketa jasotzen dute, eta horrek erakusten du azpirago, barrenean, zerbait gertatzen ari dela. Naturak bidaltzen digun seinalea da, gu ohartarazteko, azpian zerbait gertatzen ari dela ohar gaitezen eta neurriak har ditzagun.

Perun klima aldaketari buruzko goi bilera egin berri dute egunotan [elkarrizketa goi bilera amaitu aurretik egina da].

Aurrerapauso handia da hainbat herrialdek elkarrekin hitz egitea eta ados jartzea neurri batzuk hartzeko. Baina nire kezka da neurri horiek ez ote diren desio hutsean geratuko, hau da, ez direla beteko. Datozen urteetan planeta bi gradu baino gehiago ez berotzea jarri dute helburu, baina orain neurriak behar dira. Horregatik, nahiago dut zain egon eta azkenean zer gertatzen den ikustea.

Zer proposatuko zenuke neurri horiek betetzeko?

Iragarkiek ez dute ezertarako balio, ondoren betetzen ez badira. Tabakoarekin ere gauza bera gertatu zen: alferrikakoa izan zen tabakoak hil egiten duela kaxetan adieraztea, argazkiekin. Jendea albo-ondorioz ohartarazi behar izan genuen, eta horrek ekarri zuen jendearen kontzientzia aldatzea. Are gehiago, modan ere jarri zen ez erretzea. Aldaketa guztietarako behar da astia.

55 espedizio baino gehiago egin dituzu Himalaiara. Noiz eta nola hasi zinen goi mendian?

Gazte-gazterik hasi nintzen mendian. Hamaika urterekin Wyomingen bizi nintzen, AEBetako leku basatienean, mendiz inguratuta, otso eta hartz artean. Garai hartan eskolan talde-kirol askotan har nezakeen parte, baina ni oso argala nintzen eta ez nintzen atleta ona. Talde kiroletako lehia ere ez zitzaidan gustatzen. Behinola liburu bat aurkitu nuen etxeko liburutegian. Himalaiari buruzko liburu bat zen: Edmund Hillary eta Tenzing Norgay xerpa Everesten ageri ziren liburu hartan. Une hartatik aurrera eskalatzaile izan nahi nuela erabaki nuen.

Beraz, liburu batek bultzatu zintuen mendira?

Bai, mendizale haiek berezko motibazio izugarria zeukatela ulertu nuen, hau da, inork ez zituela behartzen eskalatzera, nahi zutelako joaten zirela, eta nik neuk horixe egin nahi nuen. Automotibazio eta autodiziplina handia zeuzkaten, eta gerora egiazko eskalatzaile denengan ikusi dut ezaugarri hori. Bestela, ezin zara izan eskalatzaile. Mendian ez daukazu entrenatzailerik, goizean jaiki eta entrenatzera joatera bultzatuko zaituen inor. Zuk zeuk atera behar dituzu indarra eta gogoa egunero lan egiteko. Sekula ez naiz gorputzez oso indartsua izan, baina buruz gogorra naizela uste dut, eta mendian ongi moldatu nintzen hasieratik. Bestalde, talde kiroletako lehiarekin alderatuta, mendia nork bere buruarekin egiten duen jarduera bat da eta bi edo hiru laguneko sokaldi batean ez dago galtzailerik, denak bat dira. Horrek guztiak lagundu zidan bizitzan neure lekua aurkitzen, mendian, alegia.

Nola bete zenuen Himalaiara joateko ametsa?

Pixkanaka han-hemen eskalatzen hasi nintzen: Yosemiten, etab. Hemeretzi urterekin, baina, ohartu nintzen eskalatze hutsak ez ninduela erabat betetzen. Inguruan eskalada film asko egiten zituzten errealizadoreak neuzkan eta pixkanaka filmak egiten eta grabatzen ikasi nuen haiekin. Lau urte geroago, ABC telebista katearekin iritsi zitzaidan Himalaiara joateko aukera. Irudi zenbait grabatzera joan nahi zuten eta taldean sartzea lortu nuen. Kamerarien kamera eramatea zen nire ardura bakarra, ez zidaten besterik egiten utzi, xerpa gisa joan nintzen (barrez).

Everestera joatea zen, baina, zure ametsa.

Bai, halaxe zen. Lehenengo espedizio hartan 7.000 metroko mendi bat igo genuen eta ongi moldatu nintzen, garaierara ere ongi egokitu nintzen. Orduan ohartu nintzen izugarri gustatzen zitzaidala mendia. Pixkanaka irudiak grabatzeko teknika ere ikasi nuen eta hala, 1993an ere kontratatu ninduen ABC telebistak, orduan, Everestera joateko. Talde txiki batekin joan nintzen, eta orduan kameraria nintzen ni. Lehenengoa izan nintzen munduko mendi garaienaren gailurretik zuzenean emanaldi bat egiten. Izugarria izan zen.

55 espedizio baino gehiago egin dituzu, eta bost aldiz igo duzu Everest.

Bai, Himalaiak maitemindu egin ninduen, eta bereziki Everestek. Mendizaletasuna eta zinemagintza uztartu eta bide hori hartu nuen aurrerantzean. 1996an, esaterako, istripu lazgarria izan zen Everesten, zortzi eskalatzaile hil ziren eta gertakari hari buruzko filma egitea erabaki nuen. Hainbat aldiz joan nintzen horretarako munduko sabaira.

GlacierWorks fundazioa sortu zenuenetik, Himalaiako glaziarrak ikertzen diharduzu, argazkiak egiten eta hizlari. Etorkizunerako zer asmo dituzu?

Oraina bizi dut, eta pozik nago. Oraingoz ez daukat asmo zehatzik mendiari lotuta, baina argi daukat hango errealitatea munduan zabaltzen segi nahi dudala.

Zer iruditu zaizu zure argazkiak metroan jartzea ikusgai?

Hasiera batean ez dirudi halako argazkientzat lekurik aproposena denik, oro har, metroak eta geltokiak zikinak izaten direlako. Bilboko metroa, ordea, izugarri handia da, distiratsua eta garbia, eta poz handia hartu dut. Oso erakustoki polita iruditu zait eta aproposa ere bai, neure helburua betearazten lagunduko didana: jende asko igarotzen denez bertatik, oinezkoak ohartaraztea.

Zer moduz doaz egunok Euskal Herrian?

Oso pozik nago hemen egoteaz. Bilbo oso hiri ederra da, mendi ederrez inguratua gainera, baita eraikin ederrez ere. Mendifilm jaialdia bera ere oso erakargarria da. Mundu osoan jaialdi askotan izan naiz, eta benetan hau da ikusi dudan onenetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.