Txikitan sortu zitzaion mendiarekiko zaletasuna Mikel Zabalzari (Iruñea, 1970). 17 urterekin, Iruñeko mendi taldean hasi, eta hango eta hemengo hormetan ibili da gaur arte. Ikasketaz Nekazaritza ingeniaria da, baina goi mendiko kirol teknikaria ere izanik, haitz, izotz eta alpinismo irakaslea da Nafarroako Goi Mendi Eskolan. Nazioarteko hainbat espediziotan hartu du parte, eta azken urteotan BAT Basque Team taldeko kidea da, Juan Vallejo eta Alberto Iñurrategirekin batera. Alpinista gazteak trebatzen ere ari da azken urteotan, FEDME Espainiako Mendizale Federazioan. Alpinista gazteen 2012-2104 belaunaldia azken txanpan sartu da, eta 2015eko deialdia kaleratu berri dute.
2012-2014 taldearen trebakuntza azken txanpan sartu da. Nolako taldea izan da?
Zazpi mutil gazte izan ditugu: hiru euskal herritar, bi katalan eta hiru espainiar (aragoiar bat eta Extremadurako beste bat). Oso gazte indartsuak dira, eta horregatik aukeratu genituen talderako. Albertok [Fernandez] eta Mikelek [Ajuria] oso maila ona dute, baina ezberdinak dira: Mikel rokeroagoa da, kirol eskalada eta haitza gehiago gustatzen zaizkio; Albertori, berriz, gehiago gustatzen zaio negua. Asko eskalatzen du neguan, baita mistoan ere. Ondo aukeratu genituen talderako.
2015-2017 denboraldirako deialdia egin berri duzue. Zer irizpide hartzen dituzue kontuan taldea osatzeko?
Hasteko, norberaren ibilbidea eta curriculuma. Ondoren, kirol maila aztertzen dugu, sarbide probak eginez: erresistentziazko probak, mendiko eskikoak, izotz eta haitz eskaladakoak. Maniobra probak ere egin behar dituzte, mendiko oztopoekin nola moldatzen diren ikusteko. Azkenik, elkarrizketa egiten diegu, haien nahiak eta joerak jakiteko.
Zer behar da alpinista izateko?
Dena da beharrezkoa eta dena da garrantzitsua. Kirol maila eta fisikoa garrantzitsuak dira, baina baita egindako ibilbidea ere. Hautagaien soslaia ikusi eta kirol eskalatzailea edo mendiko eskalatzailea den ikusten dugu, nolako bideak egin dituen eta abar. Bide ezezagunak eta zailak egiteari garrantzia ematen diogu, alpinismoa horretan datza-eta askotan: mendian askotan egin behar izaten diegu aurre bide edo egoera ezezagunei, eta aurrez hala ibiltzeko joera izan duenak baliabide gehiago ditu antzeko oztopoak gainditzeko. Eskalatzaile indartsuak behar ditugu, baina, batez ere, goi mendia maite duten gazteak behar ditugu, benetako alpinismoa maite dutenak.
Zer da, orduan, alpinista izatea?
Funtsean, goi mendian eskalatzea gustatzen zaion pertsona da alpinista. Bide askok ospe handia dute, eta oso zailak dira, baina informazio asko dago haiei buruz, eta sokaldi askok errepikatu dituzte. Niretzat, ordea, balio handiagoa du horren zailak izan ez arren bide ezezagunagoak egiteak. Izan ere, alpinistak nahiago izaten du inor joan ez den lekuetara joatea, leku ezezagunetara. Alpinistari mendia esploratzea gustatzen zaio, eta badaki mendiko bakardadeaz gozatzen.
Zein da alpinista gazteen taldearen helburua?
Helburua ez da etorkizuneko lana bermatzea, goi mendian trebatzea baizik, alpinismoan lantzea. Hiru urtez ezagutza eta esperientzia ematen saiatzen gara, goi mendian libre eta seguru ibil daitezen. Askok gidari lana aukeratzen dute etorkizunerako, baina hori norberaren esku dago.
Nesken taldea ere badago. Erraza da neska alpinistak topatzea?
Alpinismoan ere gizonezkoak gehiago dira emakumezkoak baino. Euskal Herrian, neska asko aritzen dira haitzean eskalatzen, eta oso ondo, gainera; baina neguan eta izotzean aritzen direnak ez dira horrenbeste.
Trebakuntzari Himalaian emango diozue amaiera, Nepalen hain zuzen. Zer egingo duzue?
Beharrezkoa da gazteak Europatik kanpo eramatea, gehienek ez dutelako horretarako aukerarik izan. Pirinioetan eta Alpeetan ibili dira, ez besterik. Horregatik, esperientzia aberasgarria da ikasitakoa goi mendietan praktikatzea. 6.000 metrotik gorako bideetan eskalatzea da asmoa, estilo alpinoan. Khumbu haranean dagoen Kusum Kanguru mendia izango da helburu nagusia.
Zer egin liteke, oro har, alpinismoa sustatzeko?
Euskal Herrian mendizaletasuna erlijio baten antzekoa da; indar handia du; baina kultura alpinistikoa ez da oso handia. Mendian ibiltzen diren gehienek uste dute zortzimilakoak igotzea dela garrantzitsuena, igotako mendien garaieraren araberakoa dela pertsona baten mendizaletasuna. Oso oker daude. Lan handia egin behar da pentsaera hori aldatzeko, eta aldatu behar da, alpinismoa gurean sendotuko bada.
Espedizioetan ere buru-belarri zabiltza. Paiju Peak-etik itzuli eta gutxira hurrengo proiektuaren berri eman zenuten: Jannu. Nola doa prestaketa?
Udaberrian Himalaiara itzuli nahi dugu, Albertok [Iñurrategi], Juanek [Vallejo] eta hirurok, Jannu mendira. Espedizio hori prestatzen ari gara. Oso mendi ezaguna da, baina oso mendizale gutxik igo dute; horrek erakartzen gaitu gehien. Mendi garaia da oso, 7.700 metrokoa, eta oso pikoa, eta aukera asko emango dizkigu kalitatezko alpinismoa egiteko. Orain, helburu jakin baten bila ari gara, egingarria, ez baitakigu zein bide eskalatuko dugun.
Mikel Zabalza. FEDMEko alpinista gazteen taldeko zuzendaria
«Goi mendia maite duten gazteak behar ditugu»
Eskarmentu handia daukaten Euskal Herriko alpinistetako bat da Mikel Zabalza, eta gustatzen zaio bere bizipenak eta berak dakiena gazteekin partekatzea. Sasoiaz eta teknikaz gain, pasioa eskatzen die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu