Goierriko bi handi

Ehunmiliak proban ia urtero irteeran izaten dira Elena Calvillo eta Aitor Garmendia beasaindarrak, distantzia batean zein bestean. «Etxeko lasterketa da, oso berezia». Garmendia ultran ariko da aurten ere, eta Calvillo, Marimurumendi maratoian.

Aitor Garmendia mendi korrikalaria Ehunmiliak proban
Aitor Garmendia Ehunmiliak probako aurreko ekitaldi batean. ARRI ESTUDIOA
Unai Ugartemendia.
2025eko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Beasaindarrak dira biak, mendiko korrikalariak, eta Ehunmiliak proban kasik urtero atera diren bakarretakoak, distantziaren batean zein bestean. «Proba oso berezia» da bi-bientzat: «Etxekoa». Lasterketaren historian podiumera gehien igo den korrikalaria da Elena Calvillo (Beasain, Gipuzkoa, 1970). Bost aldiz lehiatu da Ehunmiliak distantzia luzean —garaile izan zen 2022an, bigarren 2014an, eta 2017an, 2018an eta 2019an ere helmugara heldu zen—; beste behin taldeka —hirugarren izan zen 2024an—; G2H proban beste hirutan atera da —garaile izan zen 2010ean, bigarren 2016an, eta hirugarren 2015ean— eta Marimurumendi maratoian hirugarren izan zen 2023an. Aurtengoan ere Marimurumendin ariko da, eta bukatzearekin «konforme» dela dio.

Aitor Garmendia (Beasain, Gipuzkoa, 1977) hamahirugarren aldiz izango da Ehunmiliak lasterketaren irteeran. 2010eko estreinakoan, Calvillo bezala, bera ere tarteko distantzian irten zen Goierriko Bi Handietan, baina geroztik jokatutako guztietan Ehunmiliak ultran aritu da. «Urteroko erronka bat da niretzat. Herrian jokatzen da, eta etxeko guztiek dakite urtero parte hartzen saiatuko naizela ahal dudan bitartean behintzat. Oso proba berezia da niretzat. Herrian bertan jokatzen da, eta herritarrentzat ere oso asteburu berezia izaten da», nabarmendu du.

«Iaz taldeka atera nintzen, eta asko sufritu nuen. Besteak izorratuko nituela pentsatzen hasi nintzen. Lizarrustira bidean behin eta berriz galdetzen nion neure buruari zer egiten nuen nik han»

ELENA CALVILLOMendi korrikalaria

Calvillok oso gogoan du lehen aldi hura, 2010ekoa. «G2Hn atera nintzen. Herriko beste korrikalari batzuekin talde bat sortu genuen lasterketa egiteko, eta denbora guztian batera joan ginen, hasieratik amaieraraino. Oso giro onean joan ginen, eta helmugan korridore moduko bat egin zidaten taldekideek nire garaipena ospatzeko».

Izan ere, aurreneko G2H hartan garaile izan zen Calvillo, baina gogoan du lehia «bete-betekoa» izan zuela, Monica Grajera, Leire Iruretagoiena eta hirurak elkarrengandik oso gertu ibili zirela Lizarrustira arte. «Handik aurrera bakarrik gelditu nintzen, eta motibazioz gainezka joan nintzen azken kilometroetan. Gogoratzen naiz azkenerako, ordea, neke handia nuela».

EHUNMILIAK - ELENA CALVILLO
Elena Calvillok 2022an irabazi zuen Ehunmiliak ultra. LOINAZ AGIRRE / GOIERRIKO HITZA

Garmendiaren lehen aldia ez zen izan hain gozoa, baina hark ere iltzatua du oroimenean. «Herrian lasterketa bat antolatu behar zuten aitzakian hasi nintzen 2010ean. Lasterketako zuzendaria, Mikel Valdivielso, kuadrillakoa dut, eta aurreneko hartan G2Hn eman nuen izena. Izugarri sufritu nuen! Anaiarekin batera atera nintzen, eta 17 ordu baino gehiago behar izan nituen helmugara iristeko». Hala ere, hurrengorako are erronka gogorragoa jarri zion Garmendiak: 171 kilometroko distantzia eta 10.500 metroko desnibela gainditzea zer den probatu behar zuela erabaki zuen. «Badakizu nolakoak garen euskaldunak! Hura ere oso gogorra izan zen. Inoiz ez nintzen hainbeste denboran ibili proba batean korrika. Bigarren gaua zer zen ere probatu nuen».

G2H eta Lavaredoko ultralasterketak egin ondoren, «hurrengo pausoa», halabeharrez, Ehunmiliak izan zen Calvillorentzat. «Herrian bertan genuen lasterketa. Distantzia luzeetara gorputza ondo moldatzen zela ikusten nuen, eta errekuperatu ere ondo egiten nintzela. Hiru lagunekin batera joateko aukera ikusi nuen, eta haien babesean animatu nintzen». Aurreneko G2H hartarako zatika aritu zen prestatzen: egun batean, Beasain-Lizarrusti arteko bidea, hurrengoan Etzegarateraino, ondoren Etzegarate-Beasain... Ehunmiliak probarako, berriz, asteburuetan batez ere, «entrenamendu askoz luzeagoak» egiten hasi zen.

Ehunmiliak luzean, ordea, 50 urte paseak zituela lortu zuen garaipena Elena Calvillok. Ordurako ultramaratoiari neurria hartua zion, bere burua hobeto ezagutzen zuen, eta urte hartan oso sasoiko iritsi zen. «Neguan oso gustura aritu nintzen entrenatzen, eta entrenatzeko modua ere aldatu nuen. Martxoan beste bi ultra probatan hartu nuen parte, Italian eta Andaluzian. Sasoian nengoen, eta, gainera,izugarrizko eguna atera zitzaidan. Gorputzak bikain erantzun zidan».

Urte osorako motibazioa

Duela hiru urteko hartan irabazi arren eta gorputzak oso ondo erantzun arren, Calvillok dio «zaila» izango dela Ehunmiliak lasterketan berriro parte hartzea. Iazko ekitaldian ez zuen ondo pasa. «Taldeka atera nintzen, eta asko sufritu nuen. Txakalaldi handi samar bat izan nuen. Bakarrik joanez gero, lasaitu eta errekuperatzeko tartea hartuko nukeen, baina, taldean gindoazenez, besteak izorratuko nituela pentsatzen hasi nintzen. Psikologikoki asko sufritu nuen. Lizarrustira bidean (116. kilometroa) behin eta berriz galdetzen nion neure buruari zer egiten nuen nik han. Eskerrak handik aurrera gorputzari buelta eman nion!».

Elena Calvillo mendi korrikalaria
Elena Calvillo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Garmendiarentzat Ehunmiliak «guzti-guztiak» izan dira gogorrak. «Okerrena, agian, 2012koa izan zen. Ustez indartsu nengoen, eta, agian azkarregi abiatu nintzen. Oso luzea egin zitzaidan amaiera! Nahi eta ezin batean ibili nintzen kilometro askotan». Hala ere, urtea joan eta urtea etorri, hor izaten da, irteera lekuan, «motibazioz gainezka». Izan ere, erronkazalea da Garmendia. 2018ko irailean, Txindokiko igoeren errekorra ezarri zuen: 24 orduan —23 ordu eta 12 minutuan zehazki—, 13 aldiz igo eta jaitsi zen Larrunarrira.

Txindokiko hartan bakarrik aritu zen, eta Ehunmiliak proban denbora gehienean bateren bat izaten du ondoan, baina ekitaldi gehienetan bakarrik abiatu izan da, eta nahiago du horrela, bere erritmoan ibili. «Beste batzuekin joanda, ni baino azkarragoak badira, nire erritmotik kanpo ibiliko nintzateke. Eta alderantziz gertatuz gero ere berdin, ez nintzateke gustura joango. Bakoitzak bere erritmoan egin beharreko lasterketak dira».

Aitor Garmendia mendi korrikalaria Ehunmiliak proban
Aitor Garmendia Ehunmiliak probako aurreko aldi batean. 

«Aurtengo ilusio berezia daukat. Urteak ere aurrera doaz, eta inoiz ez da jakiten berriro ere itzultzeko aukerarik izango den»

AITOR GARMENDIAMendi korrikalaria

Aurten hamargarren Ehunmiliak osatzeko erronka jarri dio Garmendiak bere buruari, eta horrek «urte osoan entrenatzeko motibazioa» eman dio. Hamargarren aldiz helmuga zeharkatzeak «ilusio berezia» sortzen diola onartu du: «Urteak ere aurrera doaz, eta inoiz ez da jakiten berriro ere itzultzeko aukerarik izango ote den. Motibatuta nago lasterketarako, eta polita litzateke beste behin Beasaingo helmuga zeharkatzea».

Calvillorentzat ez da urte erraza izan 2025a. Martxoan hasi zen lasterketa prestatzen, baina, auto istripu baten ondorioz, geldirik egon behar izan zuen maiatzera arte. «Ekainean hasi nintzen berriro, eta hilabete daramat buru-belarri. Lagun batekin batera egiteko asmoa daukat, eta, aurten, amaitzearekin konformatu beharko dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.