Datozen egunetarako ekaitz arriskua kontuan hartuta, Ehunmiliak eta G2H lasterketen ordutegiak aldatzea erabaki du antolakuntzak, korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko. Ehunmiliak lasterketaren kasuan, ibilbidea ere murriztu egin du: hala, 171 kilometro izan beharrean 125 kilometro izango ditu ultrak. Antolatzaileek komunikatu ofizial bat kaleratu du aldaketen berri emanez. Beraz, Ehunmiliak lasterketa, ostiral arratsaldeko 18:00etan hasi beharrean, larunbateko 11:00etan abiatuko da; lasterketak 125 kilometro izango ditu, eta 31 orduko gehieneko denbora izango du. Goierriko 2 Handiak lasterketa (g2h), berriz, ostiraleko 23:00etan ez baizik larunbateko 19:00etan abiatuko da, eta orain arteko luzera, ibilbidea eta gehieneko denbora (22 ordu) mantendu egingo dira. Marimurumendi proban ez da aldaketarik izango: maratoia igande goizeko 08:00etan hasiko da.
Erlazionatuta
Antolakuntzak kaleratu duen komunikatu ofizialak honela dio: «Euskalmetek (Euskal Meteorologia Agentzia) emandako informazioa oinarri hartuta eta datozen egunetarako eguraldi aurreikuspen txarra kontuan izanda, aipatutako erabaki horiek hartu ditu antolakuntzak, korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna bermatu nahian». Ohartarazi du, halaber, ordutegi eta ibilbideen moldaketa horien ondorioz hainbat aldaketa izango direla bi lasterketa horien egitarauan, eta horren guztien informazio eguneratua www.ehunmilak.com helbidean jakinaraziko dutela. «Aldaketa hauek guztiek proiektu hau osatzen duten komunitate guztiari eragiten dioten ahalegina kontuan hartuta, zuen guztien ulermena eta laguntza eskertuko genuke».