Asko du sormenetik: arrokaren arrail eta zimurretan bide bat zabaldu eta ekipatu nahi duen eskalatzailearentzat orri zuriaren parekoa da horma. Kareharri grisean edo granito lakarrean lerro bat sortzea da xedea. Ahalik eta lerrorik ederrena. Norberaren gozamenerako, lehen-lehenik, eta gainerako eskalatzaileen gozamenerako, gero. Hori dute lerro ederrek, orri zurian nahiz harkaitzean sortutakoek: plazera sortzen dutela. Mikel Saez de Urabainek (Ordizia, Gipuzkoa, 1968), Iñaki Marco Kongi-k (Bilbo, 1971) eta Ekaitz Maizek (Etxauri, Nafarroa, 1979) ere bideak «sortu» egiten dituztela esaten dute, ireki edo ekipatu baino gehiago, «sortu» egiten dituzte.
Eskalada gora egiten ari da kirol gisa, eskalada eskolak jendez lepo betetzen dira, asteburuetan batez ere, eta eskalada bideak ere milaka dira Euskal Herrian, baina zenbateraino hartzen dugu aintzat bide horiek guztiak norbaitek sortu dituela? «Gaur egun, jende askok eskalatzen du, baina gu hasi ginenean, eskalatzen zuten askok ekipatu ere egiten zuen. Orain, berriz, ekipatzen gabiltzan eskalatzaileak %1 baino gutxiago gara, eta hori zulagailuak lehen baino askoz merkeagoak izanik [barreak]», azaldu du Ekaitz Maizek.
«Gaur egun, edozeinek har dezake zulagailu bat; batzuek, antzinako bideak errespetatu gabe zabaldu dituzte berriak, aldaerak, helduleku artifizialak erabiliz...»
IÑAKI MARCO 'KONGI' Eskalatzailea
«Etxauriko semea» da Ekaitz Maiz, han hasi zen eskalatzen, mutil kozkorra zenean, eta han hasi zen lehen bideak ekipatzen ere, 1993. urtearen inguruan. Aita, Juanjo Iriarte, Unai Alvira eta Iruñerriko beste hainbat eskalatzaile izan zituen gidari lehen urrats haietan. Zulagailua nola erabili, paraboltak nola estutu eta abar batez ere Juanjo Iriartek irakatsi zion. Gogoan du amak nola eramaten zuen autoan, Etxauriko Bordillos eremura, eta han nola zabaldu eta ekipatu zuen bere lehen bidea, Hortzak estuturik (7a). «Gaur egun hortxe daude oraindik orduan zabaldu nituen bideak. Zorionekoa izan nintzen, gaur egun Etxauri denaren hamarren bat ere ez zegoelako ekipatua. Dena batu zen: inguruak laguntzea, motibazioa izatea eta paretak garbi samar egotea», nabarmendu du Maizek. Gaur egun, 800 bide pasatxo ditu ekipatuak, Etxaurin 200etik gora. Ez luke jakingo bat nabarmentzen, baina Amaiur 1522 eta Borrokarako izpiritua berarentzat «oso bereziak» direla dio.

Mikel Saez de Urabain «behar bati» erantzuteko hasi zen eskalada bideak ekipatzen. «Goierrin, eskola bat bazen, Jentilbaratzakoa, baina nahiko zaharkituta eta utzia geratzen ari zen. 1980ko eskola izanik, hainbat bide klasiko zeuden, pitzadura nabarmenenetatik, baina beharrezkoa zen bide gehiago sortzea. Horrela hasi ginen Aritz Azkue eta biok, eta eskola nahiko interesgarria geratu dela uste dut. Jentilbaratzan bertan, Santi Beriain Txesti, Javier Aranburu Papildo eta hirurok zabaldutako Manolo Rastaman bidea izan zen nik ekipatu nuen lehena, 1989an, spit-ak eskuz sartuz», oroitu du Saez de Urabainek.
Atxartetik Baltzolara
Iñaki Marko Kongi 15-16 urterekin hasi zen kuadrillako lagunekin eskalatzen Atxarten. «Garai hartan, Atxarten, alpinismoko bide klasikoagoak zeuden; kirol eskaladako biderik ez. Eta guri gogoa sortu zitzaigun biderik ez zegoen leku batzuetatik igotzeko. Ikusten genituen lerro posibleak, baina haietan ez zegoen biderik, eta Atxarteko beteranoei galdezka hasi ginen, eta azaldu ziguten nola zabaltzen eta ekipatzen ziren bideak». Aldi haietako batean, soka goitik bota eta Atxarteko bigarren espoloian 15 metroko bide bat markatu eta sortu zuten. Geroztik, Kongik ez dio bideak sortzeari utzi, eta 300 baino gehiago ditu zabalduak.
Txurdinagako tunelean, Ander Gardeazabal, Iñigo Basterra eta Pedro Esparta —KeDeKe taldeko kideak— eskalatzen hasi eta lasterrera, harriak sikarekin itsatsi, eta «erdi debaldeko» lehen rokodromoa sortu zuten Kongik eta beste hainbat lagunek Bilbon. Handik urte batzuetara etorri zen Baltzolakoa. «Haitzuloaren ahotik pinuak ebaki zituztenean, Mikel Maeso Piwi-k esan zigun han bideak ekipatzen hastera zihoala. Eta han joan ginen. Piwi koba barruan hasi zen, azpitik bide errazagoak zabaltzen. Besteok, gaur egungo bi 8a+ sortu genituen: Iker Arroitajauregik eta Nandok Rattamahatta zabaldu zuten, eta nik Pamintza. Baltzola oso ondo moldatzen zen gure mailara, ordurako hasita geunden desplomeetan, eta etxetik gertu geneukan».
Saez de Urabainen iritziz, ezinbestekoa da, ekipatzen hasi aurretik, horma horren historia jakitea, nor ibili den aurrez, zer bide dauden... «Gure aurreko belaunaldiak egin duena oso aintzat hartu behar dugu, eta errespetatu. Eskalatzaileak gara denok. Haiek beren erara egin zituzten gauzak. Guk, agian, bide zailagoak sortu ditugu, baina teknologiak eta materialaren bilakaerak horretarako aukera eman digulako izan da hori. Haiek askoz konpromiso handiagoak hartzen zituzten».
«Gipuzkoako Federazioan eta Nafarroakoan bada ekipatzaile lantalde bat. Talde horrek ekipatutako bideek zigilu bat dute, eta ardura zibileko seguru bat. Uste dut aurrerapauso bat dela»
EKAITZ MAIZ Eskalatzailea
Kongik ere garrantzi handia ematen dio lekuaren historia eta bilakaera ezagutzeari. Hark, esaterako, oso maiteak ditut Durangaldeko mendiak. «Mugarra, adibidez, Euskal Herriko paretarik politena dela iruditzen zait. Willy Bañales, niretzat eredurik handienetako bat, hasi zen han bideak azpitik zabaltzen, eta gero gure kuadrillakoek osatu genuen Willyk, Jabi Mugarrak eta Luis Mikel Montero Monti-k hasitako lana. Leku batean, eskola batean, atzetik egon den bilakaera guztia ezagutzen duzunean, beste balio bat ematen diozu».
Mendia ez da rokodromoa
Horregatik, ezer ekipatzen hasi baino lehen, ekipatzaileen lanak zer eragin izango duen hausnartu behar dela dio Kongik. «Gure lanak onura ekarri behar du komunitate osoarentzat. Gaur egun, edozeinek har dezake zulagailu bat; batzuek, antzinako bideak errespetatu gabe zabaldu dituzte berriak, aldaerak, helduleku artifizialak erabiliz... Horrek kalte handia sor dezake historia duten leku horietan: Atxarten, Baltzolan, Etxaurin... Mendiari errespetua galtzen badiogu, denok galtzen dugu».
Horma batean —arestian aipatutako idazlearen orri zurian—, lerroak «logika eta zentzua» izan dezaten saiatzen da Ekaitz Maiz. Pareta horretan biderik ez balego, nondik igoko litzatekeen irudikatzea da gakoa, etxauriarraren iritziz. «Izan ere, gaur egun, rokodromoen ugaritzearen harira, iruditzen zait bide berri askok logika galdu dutela. Rokodromoetan, dauzkazun metro karratu horiei ahalik eta etekin handiena atera behar diezu, baina mendia ez da horrelakoa. Mendian bideek naturaltasuna, logika izan behar dute».

Hiru solaskideek esploratzaile sen hori dute, eta begi zolia, mendian dabiltzanetan bateko eta besteko hormei behatzeko. Kongik furgonetan eramaten ditu largabista handiak, begiz jotako paretak hurbilagotik aztertzeko. Orain Caresko horma batean dabil sektore batean bideak sortzen. «Amaitzen dudanean, saiatuko naiz leku horretan ahalik eta aztarnarik txikiena uzten. Ez dut zuhaitzik ebakiko, edo zintarik utziko. Hango ahuntzainentzat ez da polita horma burdinez ikustea. Gure lanak ahalik eta ondorio gutxien eduki behar du naturan. Baltzolan, bideak ekipatu ditugu, eta kimikoekin berriz ekipatu, baina ez ditugu utzi ehunka zinta hormatik zintzilik, Gabonetako zuhaitz bat balitz bezala. Hori ez da polita».
Saez de Urabainek, eskalada bide bat sortzerakoan, bereizi egiten ditu, batetik, kirol eskaladako bideak, eta, bestetik, mendiko bideak. «Mendiko horma batean, Txindokin, Balerdin, Atxarten, Pirinioetako hormetan, bideek ezin dute elkar gainjarri, edo batak bestea gurutzatu. Aurretik dauden bideak errespetatu behar dira; ezin da nahi dena egin». Bien artean, mendiko eskaladak betetzen du batez ere Saez de Urabain. «Nik lasaitasuna nahi dut. Araotzera joaten naizenean, jende pilaketak, denak begira egoteak, zintak jarrita askotan... horrek guztiak urduri jartzen nau. Nik, eskalatzera noanean, egunpasa lasai bat egitea nahi dut».
Bideak ekipatzerakoan ere horrelako lekuen bila aritzen da Saez de Urabain sarri, mendiko bakea emango diotenak: Txindoki, Ausa Gaztelu, Balerdi, Naparraitz... Halako lekuetan, batez ere bideak aseguru higikorrekin —arrakaletakoak, friend-ak...— zabalduz gero, jende askoz gutxiago ibiltzen dela dio. «Hormak normalean urrunago daude, bideek konpromiso handiagoa dute, eta gradua garesti egoten da. Ondorioz, horietara lau katu joaten gara. Belaunaldi gazteetako jendea gutxiago joaten da mendi-mendira eskalatzera. Euskal Herrian hiruzpalau eskalada eskola lepo betetzen dira, baina beste leku batzuetan inor gutxi dabil».
«Paretak denonak dira, eta nik sortzen dudan hori besteentzat ere bada. Horregatik, zabaldutako bide guztiak eman ditut ezagutzera. Jendeak jakin dezala bide hori hor dagoela, eta ez dadila joan zulagailuarekin horma guztia zulatzera»
MIKEL SAEZ DE URABAIN Eskalatzailea
Bideak sortzea eskalatzaile komunitate osoarentzako onura da, baina lan hori ez dute inoren esker ona jasotzeko egiten. Maiz: «Ekipatzen dut niretzat, lagunentzat eta nire ingururarentzat. Eskalatzen ondo pasatzea, hori da helburua». Alde horretatik, lekuak eta lekuak daudela ñabartu du Maizek: «Etxauri, esaterako, leku ezaguna eta publikoa da, baina beste eremu batzuk lursail pribatuetan daude, eta ez da komeni lau haizeetara zabaltzea, bestela baliteke jende pilaketak direla-eta arazoak sortzea». Masifikazioaren harira, Kongiren iritziz, arazoa ez da eskalatzaile larregi izatea, eskalatzaile batzuek mendiko kulturarik ez izatea baizik. «Horrek leku batzuetan arazoak sortu ditu, eta, ondorioz, itxi egin behar izan dituzte zenbait sektore. Guretzat ez da arazoa 8b bat sortzeko edo probatzeko ordubete oinez ibili beharra, adibidez. Agian, Gaubean dabiltzan batzuentzat arazoa izango da».
Saez de Urabainek ere berarentzat sortzen ditu bideak; alde horretatik, «berekoia» dela dio. «Noski, besteak ere aintzat hartzen ditut, zeren paretak ez dira nireak, denonak dira, eta nik sortzen dudan hori besteentzat ere bada. Horregatik, zabaldutako bide guztiak eman ditut ezagutzera, ez dudalako barruti pribaturik nahi. Gero, agian, ez da inor joango, baina jakin dezala bide hori hor dagoela, edo aurrez beste norbait ibili dela, eta ez dadila joan zulagailuarekin horma guztia zulatzera».
Bideen izenei dagokienez, «garaian garaiko testuinguru soziopolitikoaren edo unean uneko kezken isla» direla dio Maizek. «Gaur egun, politikak ez dauka hainbesteko eraginik, baina ikusten dituzu orain 1990 edo 2000 hamarkadetako bideen izenak, eta oso politizatuak dira». Mikel Saez de Urabainek Patagonian zabaldutako Intsumisioa bidea aipatu du, horren harira. «Izena garrantzitsua da, aldarrikatu nahi duzun zerbait aldarrikatzeko, barruan duzuna askatzeko...» Halaxe Arturo Campionen Gartxot pertsonaiaren izena eskaini zion Leireko monasterioaren gaineko monolitoan zabaldutako bideari, eta Maravillas Lamberto izan zuen gogoan, Iñaki Mendizabal eta biek Eginon Maravillas zabaldu zutenean; eta Joxe Migel Barandiaranen Sara etxearen izena eman zion Jentilbaratzako harrobian zabaldu zuen bideari, «Barandiaranek lortu baitzuen harrobia geldiaraztea».
Gaur egun, lan hau profesionalizatzen ari dela azaldu du Maizek. «Inor ez da honetatik bizi, baina Gipuzkoako Federazioan eta Nafarroakoan bada ekipatzaile lantalde bat lan honetarako, batez ere lehendik dauden bideak mantendu eta berriz ekipatzeko. Talde horrek ekipatutako bideek zigilu bat dute, eta ardura zibileko seguru bat daukate. Gauza nahiko berria da, baina uste dut leku guztietara zabalduko dela. Nik uste dut aurrerapauso bat dela eskalatzaile kolektiboari begira. Jende asko joaten da eskalatzera, eskoletatik ere bai, eta horrelako zigilua duten bideak egotea ona dela uste dut».