Alpinista

Edurne Pasaban: «Harro nago batez ere bizitzan eginiko hautuari jarraitzeko kemena eduki izanaz»

WOP Mendi Film saria jasoko du gaur Edurne Pasabanek zinemaldiaren hasiera ekitaldian, mendiko balioen transmisioan egindako ekarriagatik. Mendiaren balio horietaz, amatasunaz, depresioaz, mendiarekin gaur egun duen erlazioaz... aritu da luze-zabal.

Edurne Pasaban
ramon olasagasti
2023ko abenduaren 8a
05:05
Entzun

Neguko denboraldian, urte erdia hor nonbait, Vielhan (Katalunia) bizi da Edurne Pasaban (Tolosa, Gipuzkoa, 1973). Pirinioetan, elurretatik gertu bizitzeak bere alde onak badituela dio –«noiznahi mendiko eskia egitera joan naiteke, adibidez»–, baina gaineratu du agendako hitzordu eta joan-etorri guztiak kudeatzea askotan ez dela erraza.

WOP saria jasoko duzu gaur Mendi Film jaialdian, mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioan eginiko ibilbideagatik. Ez da nolanahiko aitortza.

Bai, ilusio handia egiten dit; batetik, etxetik datorrelako, eta, bestetik, aitortza ere berezia delako. Jaso ditudan sari gehienak egindako jarduerengatik edo gainditutako erronkengatik izan dira. Hamalau zortzimilakoengatik, funtsean. Kirolari lotutako sariak izan dira. Oraingo hau, berriz, transmititutako balio sozialengatik da, eta horrek berezia egiten du.

Enpresa munduan ematen dituzun hitzaldietan mendiko balio horiek transmititzen aritzen zara. Zer balio ekartzen dituzu menditik enpresa mundura edo bizitzaren beste esparru batzuetara?

Hasteko eta behin, umiltasuna. Umilak izaten erakutsi digu mendiak, oinak lurrean edukitzen. Mendiaren handitasun horren aurrean errespetua izaten ikasi dut nik txikitatik. Askotan esan izan dut: K2, adibidez, Abruzzos ertzetik edo ohiko bidetik igo nuen. Agian, Magic Line bidetik joan nintekeen, eta domina bat jartzen saiatu, baina nik banekien ezin nuela bide horretatik joan. Nire ahalaren neurriak badakizkit. Mendiak erakutsi dit umil izaten, eta saiatzen naiz hori transmititzen enpresetan. Era berean, nork bere burua gainditzeko ahaleginaren garrantzia ere transmititzen saiatzen naiz. Guri ez zaizkigu gauzak zerutik etorri. Hamalau zortzimilakoak igotzeko 26 espedizio egin genituen, eta askotan bueltatu ginen gailurrik gabe, eta horietan, inor ez zen gure zain egoten aireportuan. Baina jakin izan dugu ikasten, autokritika egiten, zertan hobetu hausnartzen. Beste balio handi bat, niretzat, laguntasuna da. Eta gaur egun zortzimilakoetan gertatzen ari dena ikusita, zalantza sortzen zait balio hori gainbehera ez ote datorren. Talde lana, besteekiko errespetu hori, elkartasuna... zortzimilakoetako gaur egungo jarduerei erreparatuta, galtzen ari dela iruditzen zait zenbaitetan.

Balioen debaluazio hori Himalaiako mendi handietan gertatzen ari da, batez ere?

Ez dut esan nahi himalaismoan balioak galdu direnik; Himalaiako hainbat jardueratan, balio horiek indarrean daude oraindik. Adibidez, Mikel Zabalza, Juan Vallejo eta Iker Madoz Himalaiatik bueltatu berri dira jarduera ikaragarri ederra eginda, eta benetako mendizaletasunaren balioak horrelakoetan islatzen dira. Zortzimilakoetan oro har zer gertatzen den aztertuz gero, ordea, bai ikusten dut balio horiek galtzen ari direla. Eta askotan pasioa bera ere bai. Guk pasio handia jartzen genuen egiten genuen horretan, eta askotan galdetzen diot neure buruari gaur egun hara doan jendeak, erabat erlojuari begira, norgehiagokari, azkartasunari, sare sozialetan haiei buruz esango dutenari begira dauden horiek, ez ote duten pasio hori galdu. Eta berdin laguntasuna eta beste balio batzuk ere. Aurten K-2 mendian gertatu dena ikusi besterik ez dago.

«Talde lana, besteekiko errespetua, elkartasuna... zortzimilakoetako gaur egungo jarduerei erreparatuta, galtzen ari dela iruditzen zait zenbaitetan»

Horri lotuta, espedizio komertzialak, mendien komertzializazioa, ez da oraingoa, baina mendi edo bide jakin batzuetara mugatzen zen lehen. Gaur egun komertzializazio hori basatia dela, erabat hedatu dela salatu izan duzue.

Panorama tristea da. Ez da erraza horri neurria hartzea. Hor kontrolik handiena bertakoek dute; hasteko eta behin, gobernuek, baimenak ematen dituztelako, erabat irizpide ekonomikoetan oinarrituta, eta, bestetik, enpresek. Gaur egun, espedizio komertzial gehienak agentzia nepaldarrek kudeatzen dituzte, konturatu gabe gaurko ogia biharko gosea izan daitekeela. Dirua dago ingurumenaren, jasangarritasunaren eta mendiko balioen gainetik, eta zaila da hori geldiaraztea.

Oso gizonen mundua izan da himalaismoa, mendi handiena. Zu bat gehiago sentitu izan zara beti, edo emakume izateagatik berezi sentiarazi zaituzte?

Ni bat gehiago sentitu naiz beti nire taldeetan. Aukera izan dut mendian oso mendizale onekin ibiltzeko, Euskal Herriko eta Espainiako onenekin, esango nuke. Eta inoiz ez didate sentiarazi desberdina naizela edo gutxiago naizela. Nik esandakoa aintzat hartu izan dute beti. Egia da, kanpoko batzuen aldetik, neska izateagatik sumatu izan ditudala halako jarrerak: «hau igotzen bada, ni ere bai», baina nire taldeetan eta inguruan, inoiz ez.

Lidergoari buruzko hitzaldiak ematen dituzu. Espedizioetan lider izatera iristeko ahalegin handiagoa egin behar izan duzula uste duzu?

Ez dut halakorik sentitu. Zazpi-zortzi zortzimilako igo ondoren eta Al filo de lo imposible saioko taldean 14ak osatzeko planteamendua egin genuenean, lidergoa nik hartu nuen. Konfiantza nuen nire buruarengan, eta nahi zutenak igo ziren tren hartara. Jaitsi zirenak ez dut uste emakumea nintzelako jaitsi zirenik. Emakumea izateagatik gehiago erakutsi behar izan ote dudan? Ez dakit, nik oso kide onak izan ditut ondoan: Asier [Izagirre], Silvio [Mondinelli], Al filo-ko guztiak... Bat gehiago nintzen haien artean. Nik garbi daukat ni baino alpinista hobeak zeudela taldean. Nik zuzendu egiten nituen espedizio horiek, eta gaitasuna nuen espedizio horiek funtzionarazteko, enpatia sortzeko, taldea egiteko, baina nik garbi nuen, eta haiek ere bai, ni baino alpinista hobeak zirela. Baina errespetu bat egon da beti, eta haiek ere bazekiten taldeak kudeatzeko gaitasuna nuela.

Mendian, espedizioetan igarotako denbora hori lotu izan duzu askatasunarekin, zoriontasunarekin. Horrek esan nahi du hemengo bizimodua, nolabait, horren ifrentzua zela: lotura, estresa...?

Azken batean, gure gizarteak hainbat pauta ezartzen dizkigu: ikasketa batzuk egin, bukatu ondoren lanbide bat hartu, etxe bat erosi, familia osatu... Ni familia oso tradizional batetik nator, baina ez dakit, mendian hobeto sentitzen nintzelako-edo, arau ezarri horietara ez nintzen egokitzen. Han, mendian, betekizunik ez zegoen; nik erabakitako bizimodua zen, eta inork ez ninduen behartzen hara edo hona joatera. Niretzat askatasuna zen mendia. Han ez zegoen obligaziorik: buruan genuen plana betetzen saiatzea besterik ez. Hemen ere egin dezakegu hori, ostiraletik igandera ez telefonorik hartu, adibidez, baina hemen ez daukat adorerik hori egiteko.

K-2n, Kangchenjungan, bizitza galtzeko arriskuan egon zara zenbait menditan. Hala ere, bizitza galtzeko benetako arriskua hemen izan duzu, eguneroko bizimoduan.

Hala da. K2n jaitsiera gogorra izan zen; Kangchenjungan, lagunengatik izan ez balitz, han geratuko nintzen seguruenera, baina hemen ikusi dut neure burua heriotzatik gertuen, etxean, eta ez mendian. 2006ko depresioan, neure buruari galdetzen nion zer egiten ari nintzen nire bizitzarekin; sentitzen nuen ez nintzela egokitzen gure gizarteak ezarritako arauetara. Jendeak pentsatzen du zortzimilakoak igotzen nituela, ohitua nengoela egoera gogorrei aurre egiten... Baina hemengo bizimoduan ez zen horrela, beste era batera kudeatzen nuen bizitza, eta bai, bi aldiz saiatu nintzen neure buruaz beste egiten. Arriskua, askotan, ez dago jarduera zailetan. Areago, mendian, heriotza urruti ikusten nuen: aterako genituen indarrak nonbaitetik, aurrera egingo genuen nola edo hala, jaitsiko ginen era batera edo bestera... Hemen, egunerokoan, bestela zen, ordea.

«Heriotzatik gertuen hemen egon naiz, etxean, eta ez mendian. 2006ko depresioan, sentitzen nuen ez nintzela egokitzen gure gizarteak ezarritako arauetara»

Kanpotik gailur batean irudika zaitzake gizarteak: liderra, indartsua, egoera gogor askori aurre egindakoa, arrakastatsua... Baina bizitzak ikasbide hori ere eman dizu, gailurra eta hondoa oso gertu egon daitezkeela, ezta?

Egon zaitezke goi-goian, eta, egun berean, zulo beltz handienean. Horri neurria hartzea edo hori kontrolatzea ez da erraza. Psikiatrak esaten zidan: «ez dakit hau nola kudeatu; duela astebete izotzean eskalatzen ari zinen Alpeetan, egoera arriskutsu batean, eta orain hemen zaude». Sentimenduek, emozioek, barnean daukagun guztiak ez dute zerikusirik kanporatzen edo egiten dugunarekin. Barnekoa kudeatzea ez da erraza.

Lagundu dizu edo on egin dizu depresioaren inguruko zure bizipen eta ikasbide horiek guztiak publiko egiteak?

Gaiari buruz lasai hitz egiten dut, uste dudalako beste askori lagundu diezaiokeela. Ni egoera horretan nengoenean, ez nekien zer zen, eta nire gurasoek eta inguruak ere ez. Ez hitz egiteak ezjakintasuna ekar dezake. Orduan, honi buruz hitz egiteak pentsatzen dut lagundu diezaiokeela norbaiti zenbait egoera identifikatzen. Maite nautenek honi buruz hizketan sumatzen nautenean, oraindik ere esaten didate: «zer behar daukazu hau berriro kontatzeko?». Nirekiko beldur hori dutela uste dut. Ezin da esan inoiz egoera kontrolpean daukazunik, baina oso barneratuta daukat zer den, ondo ezagutzen dut neure burua. Normalean semaforoa berdean egoten da, eta laranjan jartzen denean, berehala hasten naiz konponbideak bilatzen. Hortaz, honi buruz hitz egiteak neure burua hobeto ezagutzen eta egoerak kudeatzen lagundu dit.

Sarri esan izan duzu ama izan nahi zenuela, eta gizartearen presio horrek eragina izan zuela hamalau zortzimilakoen proiektuan bete-betean ari zinen garaian.

Depresioa, 31 urteren buelta horretan, atzetik zetozen gauza askoren ondorio izan zen. Eztandarazi zuena harreman baten haustura izan zen, baina beste faktore batzuk ere baziren. Adintsu horretan, lagunak familia izaten hasi ziren, eta nik barnean halako borroka handi bat neukan; izan ere, nirekin eskalatzen zuten mutilak, Silvio [Mondinelli], Al filo-ko hainbat, aitak ziren eta berdin-berdin joaten ziren Himalaiara, eta nik neure buruari esaten nion ea nik ere zergatik ez nuen nire ibilbidearekin jarraitzen ama izateko ametsa ere beteta. Baina konturatu nintzen ezinezkoa zela, lehenik eta behin, gizarteak ez zuelako onartzen. Catherine Destivelle eskalatzaile frantziarrarekin topo egin nuen behin Torellon (Katalunia), haren semeak orduan 8 urte zituen, eta esan zidan ez zela gai etxetik kanpo hamabost egun baino gehiago egiteko. Jabetu nintzen ni ere ez nintzela gai izango; orain, ama naizen honetan, garbi ikusten dut ezingo nukeela hilabete baterako zortzimilako batera joan. Bi asteko bidaia xume bat izanda ere, izugarri kostatzen zait semearengandik urruntzea. Orduan ama izan banintz, seguruenera ez nituen hamalau zortzimilakoak bukatuko, edo asko sufrituko nuen. Beraz, gerorako utzi nuen ama izateko erabakia. Eta erabaki gogorra izan zen.

«Orduan ama izan banintz, seguruenera ez nituen hamalau zortzimilakoak bukatuko, edo asko sufrituko nuen»

Hamalauak bukatu zenituen, eta ama ere izan zara. Asko aldatu du Maxek mendiarekiko zure ikuspegia?

Mendiarekiko ikuspegia ez hainbeste. Grina eta gogoa hor daude. Baina arriskua beste era batera neurtzen dut orain. Orain, seme txiki bat izanda, gauzak zeharo aldatzen dira. Erritmoa jaitsi da, erronken neurria ez da hainbestekoa, baina mendiarekin gaur egun dudan erlazioa polita da, Vielhan bizi naiz, noiznahi joan naiteke mendiko eskia egitera, urtean pare bat aldiz joaten naiz Nepalera mendira... Mendiak %100 ez didala betetzen? Agian bai, baina semeak eta bestelako jardun batzuek betetzen dute hutsune hori.

Hamalau zortzimilakoen historiaren eta neurketa berrien harirasortutako zalapartaren inguruan zerbait gaineratu nahiko zenuke.

Gertutik ukitzen nauen neurrian, hasieran arretaz erreparatu nion gaiari, gero Guinness liburuarekin hasi ziren atzera eta aurrera, liburutik aterako gintuztela Messner eta biok. Egia esan, orain ez diot kasurik egiten kontu horri. Guk eta kasu honetan nik egindakoa eginda dago, argi utzi genuen gure garaian gailurtzat hartzen zirenak igo genituela, eta kito. Horrelako eztabaidek nekatu egiten naute. Ez dakit egiaz zein den helburua. Hong-Juan Dong txinatarrari munduko lehena izatearen zera hori ematea? Elkarrizketaren hasieran mendiaren balioak aipatu ditugu, eta askotan ez da esaten igoera horiek nola eta zer baliotan oinarrituta eginak diren.

50 urte bete dituzu aurten. Bizitza eta mendia alderatuz, mende erdia izan liteke altuera polita atzera begiratzeko eta egindako bideari erreparatzeko. Nola ikusten duzu bide hori?

Ez nuke ezer aldatuko. Une onak eta latzak pasatu ditut, baina egindako bidea hortxe dago. Harro nago egindako bideaz, lortutakoaz eta batez ere bizitzan eginiko hautu horri jarraitzeko kemena eduki izanaz. «Hau da egin nahi dudana eta bide honetan jarraituko dut», erabaki horri eustea izan da lortu dudan erronkarik handiena.

Eta 50 urteko talaia horretatik egindako bideari begiratu ondoren, gora begiratuz gero zer zortzimilako jo nahi du orain Edurnek?

Orain sentipena dut atzerako kontaketa hasi dela eta denbora faltako zaidala bizi nahi ditudan gauza guztiak bizitzeko. Gogoa daukat bidaiatzeko, mendi batera eta bestera joateko, semea hazten ikusi eta harekin gozatzeko... eta irudipena dut denbora faltako zaidala. Nolanahi dela ere, jarraituko dut mendiaz gozatzen, seguru asko erritmoa jaitsita, baina mendiarekin hartu-emanean beti.

hitz gutxitan

Mendiko film bat?
Touching the void, Joe Simpsonek Siula Granden bizitako esperientzia narratzen duena. Klasiko bat, bai liburua eta bai filma. Mendiko filmak, efektuak, teknikak, superprodukzioak eta abar erabat aldatu dira, baina Simpsonen historia oso potentea da, eta askotan gomendatzen dut film hau.

 

Mendiko liburu bat?
Juanjo San Sebastianen Cita con la cumbre. Eta Miriam Garcia Pascualen Bajame una estrella.

 

Eskaladako bide bat?
Nire ibilbidean markatu nauena, Riglosko La carnavalada.

 

Mendi edo txoko bat, gustura joaten zarena? Bi nahi baduzu, bat Val d’Aranen eta bestea Tolosa inguruan.
Vielha inguruan, Tuc de Salana. Askotan joaten naiz, mendiko eskiekin, oinez... Justu Montardoren parean dago, parkearen sarreran. Eta Euskal Herrian, Txindoki. Amona eta aitona ere haren magalean jaioak dira, eta nire hasierak ere han izan ziren, Txindokiko ertzean.

 

Gustura igoko zenukeen mendi bat?
Begietan beti Ama Dablam daukat. Kanpotik hain da ederra eta erakargarria!

 

Eta Ama Dablanera joateko sokalaguna?
Asier [Izagirre].

 

Erreferente bat mendian?
Lehen Miriam Garcia Pascual aipatu dut. Eta Wanda Rutkiewicz poloniarra. Urratu behar izan zuen bidea, nondik zetorren, bere gogortasuna goraipatzekoak iruditu zaizkit beti.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.