Xerpak ezohiko gizakiak dira askorentzat; garaieran bizi dira, eta haien odoleko hemoglobina ohituta dago jaiotzez ia oxigenorik gabe bizitzen. Horrek bereziki indartsu bihurtzen ditu, eta bereziki gogor mendirako. Mingma Sherpa (Narbuchaur, Nepal, 1978) ez da salbuespena. Inolako entrenamendurik gabe, haurtzaroan jolasa baino ez zen hura, eskalada, alegia, ogibide dauka egun. Ezagutzen dutenen hitzetan, «gaitasun fisiko paregabeko gizona da, eta bihotz amaigabekoa». Alex Txikon mendizale eta lagunak gonbidatuta, Euskal Herrian izan da bisitan. Garaieran bezala itsasoaren mailan ere, irribarrea aurpegian darama beti xerpen etnian historiara pasatu den nepaldarrak.
Mendian jaio zinen, eta mendian bizi zara. Nola hasi zinen, baina, mendian lanean?
Gurasoak eta anai-arrebak borda batean bizi ginen, Narbuchaurren (Sankhuwasabha, Nepal). Gurasoak artzainak ziren, eta aita turisten gidari ere aritzen zen gure eskualdean. Gaztetan eskolara joaten nintzen, baina eskolaz kanpoko orduetan gurasoei laguntzen nien abereekin. 12 urterekin aita galdu nuen, eta halabeharrez lanean hasi nintzen etxean diruz laguntzeko. Zortzi anai-arreba ginen etxean, eta diru falta handia geneukan. 14 urterekin hirira joatea erabaki nuen, Katmandura. Ohituta nengoen aitari lanean laguntzen, baita Khumbu ibarrera zetozen bisitariei harrera egin eta eskualdea erakusten ere. Inguruko mendiak ondo ezagutzen nituen, eta mendiko espedizioetan zamaketari gisa hasi nintzen lanean. 25 kiloko zama bizkarrean hartuta joaten nintzen orduan mendira. Gu ohituta gaude garaieran bizitzen, eta berehala ohartu nintzen mendirako gogorra nintzela. Horrela hasi nintzen mendian. Hiru urte egin nituen zamaketari lanetan, eta pixkanaka mendi garaietan zailtzen hasi nintzen, espedizioz espedizio.
Noiz eta nola erabaki zenuen hamalau zortzimilakoen erronkari ekitea?
Zamaketari ari nintzela, Mera Peak (Mahalangur, Nepal, 6.645 m) igo nuen. 1996an izan zen; 18 urte neuzkan, eta hura izan zen nire lehen mendi garaia. Gailurrean zutik jarri nintzenean ikuspegi zoragarria ikusi nuen parez pare: Everest, Lhotse, Cho Oyu... Munduko mendi garaienak ziren, eta Mera Peak-en bezalaxe haietan guztietan ere neure burua zutik ikusi nahi nuela ohartu nintzen. Amets handia zen, dirua zen orduan oztopo nagusia, baina saiatu egin nahi nuen, eta halaxe hasi nintzen. Lan asko egin ostean, lau urte geroago, 22 urterekin iritsi zitzaidan lehen zortzimilakoa igotzeko aukera: Manaslu (8.156 m). 2000. urteko udaberria zen, sasoiko eta indartsu nengoen, eta Manaslun hasitako bideari segika, urte berean Cho Oyun (8.201 m) izan nintzen udazkenean.
Lehenengo urtean bi zortzimilako igo zenituen, eta hurrengo urteetan elkarren segidan egin zenituen asko.
Bai. 2000. urtean bi zortzimilako igo nituen, eta ondorengo hiru urteetan, zazpi, ordena honetan: Makalu (8.463 m) eta Shisha Pangma (8.027 m) 2001ean; Lhotse (8.516 m) 2002an; GII (8.035 m) eta Broad Peak (8.047 m) 2003an; eta Everest (8.848 m) eta K2 (8.611 m) 2004an. Urte hartan, ordea, etenaldi bat egin behar izan nuen, diru arazoengatik batez ere. Dena den, mendiarekiko maitasuna ez zitzaidan amaitu, 14 zortzimilakoen zerrenda osatu nahi nuen kosta ahala kosta, eta 2010ean berriz itzuli nintzen mendi garaietara. Urte hartan bertan beste lau igo nituen: Nanga Parbat (8.125 m), Annapurna (8.091 m), GI (8.068 m) eta Dhaulagiri (8.167 m). Gogorra izan zen, ekonomikoki ez ezik, fisikoki eta mentalki ere, tontorrak ibar ezberdinetan eta elkarrengandik urrun zeudelako. Azkenik, urtebete geroago, 2011n, bete nuen ametsa, azken zortzimilakoa igota: Kanchenjunga (8.586 m).
Garraiolari eta zamaketariek hamaika mendi igotzen dituzue, baina espedizioko kideei laguntzen gehienetan, lanean, alegia. Zeu zara 14 zortzimilakoak igo dituen lehen nepaldarra, lehen saialdian lortu dituzu denak gainera.
Bai, hala da. Gaztetan pentsaezina zen hori guztia niretzat. Gure herrian, eskalada haurren jolasa da; guretzat ohikoa zen txikitan eskalatzea, jolasa zelako. Sekula ez nuen pentsatuko haurtzaroko jolas hura etorkizunean ogibide bihurtuko nuenik. Oso pozgarria izan zen niretzat 14 zortzimilakoen zerrenda osatzea, sinestezina, eta are gehiago 14 zortzimilakoak igo dituen lehen nepaldarra izatea.
Zein izan da guztietan zailena?
K2 zalantzarik gabe. Ia ezinezkoa da mendi hori eskalatzea. Ederrenak, berriz, Kanchenjunga eta Nanga Parbat iruditu zaizkit.
Anaiak ere osatu berri du 14 zortzimilakoen erronka. Nolako zura halako ezpala?
Bai, Chhang Dawak 2013an egin zuen azken zortzimilakoa. Nire atzetik hura izan da 14 zortzimilakoak osatu dituen bigarren nepaldarra, eta bera da, gainera, erronka lortu duen nepaldar gazteena. Txikitatik beti egon gara elkarrekin, eta orain ere elkarrekin ari gara lanean.
Xerpa etniakoek gogor ospea izan duzue beti. Zu zeu nola entrenatzen zara mendirako?
Sekula ez naiz entrenatu. Gu ohituta gaude txikitatik toki garaietan bizitzen, 2.500-4.000 metrora, eta gure gorputza ere eginda dago oxigeno gutxirekin bizitzen. Horregatik eta burugogorra naizelako ez dut prestakuntza berezirik behar izan mendian ongi moldatzeko.
Xerpak omen dira munduan horma gehien eskalatu dutenak. Haien izena, ordea, beti geratu da mendizaleen itzalean espedizio gehienetan. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Nik zorte handia izan dut beti horretan. Oso jende jatorra ezagutu dut mendian, eta uste dut nirekin ere mendizaleak oso gustura etortzen direla mendira. Nire ustez, mendian denok gara berdinak, mendia denona da, han ez dago arau edo legerik, nork bere buruari jartzen dizkionak baino ez. Ni neu errespetuz eta gizalegez jokatzen saiatu naiz beti, hala mendiarekin nola gainerako mendizaleekin, eta ez dut inolako arazorik izan inorekin.
Azken urteetan eztabaida handia piztu da mendi garaietan pilatzen den jendetza dela eta. Mendizaletasunari kalte egiten dio?
Normala da mendi garaiek jendea erakartzea. Nork ez du Everestera joan nahi? Munduko mendi garaiena da, eta normala da horrek jende asko erakartzea. Hori gorabehera, gure herrialdea oso pobrea da, eta ezin dugu ukatu himalaismoa diru iturri nagusia dela guretzat. Horregatik, alde onari begiratzen saiatu behar dugu beti. Gainerakoan, mendian ez dago araurik, eta ezin zaizkio inori ateak itxi. Himalaia ez da gurea, Himalaia denona da, denok osatzen dugu Himalaia, bertakook zein kanpotik mendira datozenek.
Joan den urteko ekainean sarraskia izan zen Nanga Parbaten. Zer iritzi duzu gertakari hartaz?
Joan den urtean Nanga Parbaten gertatu zena izugarria izan zen. Istilu hura ez zuen, ordea, mendiak eragin; arazo hura politikoa izan zen, ez zen mendizaleen kontua. Talibanek 11 lagun hil zituzten, tartean nire lau kide ere bai, xerpa bat eta beste hiru mendizale txinatar. Halakorik sekula ez zait egokitu, eta espero dut aurrerantzean ere ez egokitzea.
Euskaldun askorekin ibili zara mendian. Nolakoak gara euskaldunak espedizioetan?
Nik beti izan dut oso harreman ona euskaldun mendizaleekin. Hemen, Euskal Herrian, oso mendizale jatorrak daude. Herri honetan himalaista handiak izan dira, eta ni oso harro nago ezagutu ditudan guztiekin izan dudan harremanaz. Alex [Txikon], esaterako, lagun handia dut, 2003an Broad Peak-en elkarrekin egon ginen, eta geroago, 2010ean, baita Annapurnan ere. Horrez gain, Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban... Euskal Herriko mendizale asko ezagutzen ditut, eta denei eman behar dizkiet eskerrak izugarri ondo tratatu nautelako beti. Bihotz-bihotzez gonbidatu nahi ditut Himalaiara euskaldunak: ateak zabalik daude zuentzat.
Orain mendiko gidaria zara, eta zure agentzia ere baduzu. Zer moduz doa?
Lan handia da, baina oso pozik nago. Hasieran beste agentzia batekin hasi nintzen lanean, mendiko gidari. Bezeroak nirekin mendira gustura etortzen zirela ikusi nuen, eta azkenean neure agentzia sortzea erabaki nuen: Seven Summits Treks. Ni gazterik hasi nintzen mendi garaietan, urte asko daramatzat honetan, eta esperientzia handia hartu dut. Horrek ere asko lagundu dit. Emaztearekin eta bi semeekin Katmandun bizi naiz orain, eta egun Seven Summits da gure bizitzaren erdigunea. Lau gidari gaude guztira, eta, anaia ere tartean dagoenez, familiako negozioa dela ere esan genezake.
Zer asmo dituzu etorkizunerako?
Nire asmo nagusia agentzia aurrera ateratzea da, ahalik eta modu zintzoenean eta beti nire mendiko filosofia zabalduz. Ni neu mendi garaietan hasi nintzenean dirua oztopo handia izan zen gustatzen zitzaidana egiteko, mendira joateko, alegia. Horregatik, orain arazo bera izan dezakeen jendeari erraztasunak eman nahi dizkiot: kalitateko zerbitzua eskaintzen saiatzen gara, baina arrazoizko prezioan. Horregatik, gure agentzian prezioak ez puzten saiatzen gara.
Zure lehen aldia da Euskal Herrian. Zer iruditzen zaizu?
Oso egun gutxi egin ditut oraindik hemen, baina herrialde zoragarria iruditu zait Euskal Herria. Herriak, paisaia eta mendiak ikusgarriak dira. Ederrak benetan. Baina batez ere jendearen adeitasuna azpimarratu nahi dut. Hemen, etxean bezala sentitzen ari naiz, eta hori paregabea da niretzat. Alex [Txikon] bezalako lagunekin oso ongi moldatzen naiz, baina etxetik horren urrun egon eta etxeko sentitzea, ikaragarria da niretzat. Berriz ere itzuli nahi nuke.
Mendia. Mingma Sherpa. Himalaista
«Himalaia ez da gurea, denona da, denok osatzen dugu Himalaia»
Munduko eskualderik pobreenetako batean jaio zen Mingma Sherpa, Makalu ibarrean. 2011n Kanchenjungako tontorra zapaldu zuenetik, 14 zortzimilakoak igo dituen lehen nepaldarra da. Xerpek heroitzat dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu