Urrezko Pioletak ez dira futboleko Urrezko Baloiaren parekoak: mendian alpinistek jasotzen dute aitortza, baina saritu, jarduera bera saritzen da, eta askotan zaila izaten da bat besteen gainetik nabarmentzea. Hori gertatu da aurten: 2023ko jarduerarik onena aukeratzeko orduan, maila handiko eskaladak zeuden hautagaien zerrenda handian, euskal alpinisten lau jarduera ere bai tartean, eta, azkenean, ez bat eta ez bi, hiru jarduera saritzea erabaki du epaimahaiak: Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima japoniarrek Hindu Kush mendilerroko Tirich Mir mendiaren (7.708 m) ipar aurpegian eginiko lehen igoera; Matt Cornell, Jackson Marvell eta Alan Rousseau estatubatuarrek Jannu mendian (7.710 m) eginiko eskalada; eta Hugo Beguin, Matthias Gribi eta Nathan Monard suitzar gazteek Indiako Himalaiako Flat Top mendian (6.100 m) eginiko eskalada. Nives Meroi alpinista italiarrak, berriz, aipamen berezia jaso du, Kangchenjunga Himal mendiguneko (Nepal) Kabru Hegoa mendian (7.318 m) zabaldutako bideagatik.
Honako hauek izan dira aurten epaimahaikide: Lise Billon (Frantzia), Ales Cesen (Eslovenia), Toni Gutsch (Alemania), Genki Narumi (Japonia), Enrico Rosso (Italia), Jack Tackle (Amerikako Estatu Batuak) eta Mikel Zabalza (Euskal Herria). Eta hauxe izan da epaimahaiaren mezua eta aldarria: «Urrezko Pioleten xedea ez da aurreko urteko jarduerarik esanguratsuenei aitortza egitea soilik; igoera horien bidez gure jardunari buruzko mezu etiko argiak sustatzea ere bada sari hauen helburua». Hau da, ispilu bat eskaintzea, non begiratu izatea.
Alde horretatik, Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima japoniarrek osatutako sokaldiaren jarduerak ezaugarri guztiak biltzen zituen garaikur preziatua lortzeko: mendi altua eta gutxi maiztua, Tirich Mir, aurrez inork esploratu gabeko ipar aurpegi ezezagun batetik, era alpinoan, sei egunean eta bide berri bat zabalduta, The Secret Line. Hala nabarmendu du epaimahaiak ere: «Abentura luzea, konplexua eta konpromiso handikoa izan da, altuera handian egina, eta aurrez batere informaziorik ez zuten aurpegi batean. 200 metro soka finkatu zituzten hormara iristeko (zoritxarrez, gero ez zituzten kendu), baina hutsegite txiki hori hutsaren hurrengoa da eginiko igoera puskaren aldean».
Zoritxarrez, Hiraidek eta Nakajimak ezingo dute jaso garaikur preziatua, abenduaren 8tik 10erako asteburuan Italiako Dolomitetako San Martino di Castrozza herrian izango den ekitaldian. Bi japoniarrak K2n desagertu dira aurtengo udan, mendiaren mendebaldeko horma erraldoian bide bat zabaltzeko ahaleginean zirela. Hil osteko aitortza izango da, beraz, Urrezko Piolet hori. Laugarrena Hiraiderentzat, eta hirugarrena Nakajimarentzat. Biek elkarrekin bi Urrezko Piolet eskuratuak zituzten aurrez, Shispare (2017) eta Rakaposhi (2019) mendietan zabaldutako bideengatik. Horren aurretik, 2009an, Hiraidek eta Kei Taniguchi sokakideak beste Urrezko Piolet bat irabazi zuten, Kamet mendian eginiko igoeragatik.
Hiraidek hemeretzi espedizio eginak zituen Himalaiara, eta hamabi bide zabaldu zituen horietan, guztiak mendi tekniko, ezezagun eta zailetan. K2ko mendebaldeko horma aspaldi zuen begiz joa. Bere ibilbideko «espediziorik garrantzitsuena» izango zela iragarri zuen abenduan, Bilbon. «Orain arteko nire igoera eta espedizio guztiak hau prestatzeko izan dira», aurreratu zuen. Bere obra handia ezin izan zuen burutu, baina ibilbide ikusgarria egin zuen.
Jannu eta Flat Top
Izugarria izan zen Matt Cornell, Jackson Marvell eta Alan Rousseau estatubatuarrek Jannu mendian (7.710 m) eginiko eskalada ere. Hirukoteak Round Trip Ticket bidea zabaldu zuen (2.700 m, M7, AI5+, A0), erdizka Jannuren ipar aurpegian eta erdizka ipar-ekialdeko ertzari jarraituz. Bost egun luze behar izan zituzten igotzeko, eta jaitsi ere bide beretik egin ziren, rappelak eginez, beste pare bat egunean. Hala nabarmendu dute Zabalzak eta gainerako epaimahaikideek: «Igoera bikaina egin zuten: eskalada teknikoa, estilo alpinoan egina, eta altuera handian. Talde lana, estrategia aitzindaria, trebetasun teknikoa eta eskarmentua... dena nahasian. Kapitulu bikaina izan da Himalaiako igoeretan, eta inspiratzailea izango da etorkizuneko belaunaldientzat».
Urrezko Pioletak sustatu nahi dituen balioen ispilutzat har liteke saritutako hirugarren jarduera ere, Hugo Beguin, Matthias Gribi eta Nathan Monard suitzar gazteek Indiako Himalaiako Flat Top mendian (6.100 m) eginikoa. Bi urte ziren suitzarrek begiz joa zutela Kisthtwar Parke Nazionaleko mendi hori. 2022an ez zuten baimenik lortu han saiatzeko, eta Chomochior mendiaren (6.278 m) hego-mendebaldeko ertza eskalatu zuten orduan. 2023an bai, Falt Top lerdenean aurrez inork igo gabeko ipar aurpegian bide bat zabaldu zuten, Tomorrow is Another Day (1.400 m, ED, 5c, A2, WI4, M6), alpinoan eta bost egunean, eta, ondoren, mendiaren mendebaldeko aurpegi birjinatik egin zuten jaitsiera. «Lerro elegantea eta teknikoki zaila zabaldu zuten, mendi erakargarri batean eta azken berrogei urteotan oso gutxi bisitatutako ingurune batean. Estilo alpino perfektuan egin zuten eskalada, eta gorabeherarik gabe osatu zuten mendiaren zeharkaldia», nabarmendu du epaimahaiak.
Nives Meroi eta Jordi Corominas
Hiru garaikur horiek banatzeaz gain, Nives Meroi alpinista italiarrari aipamen berezia egin nahi izan diote aurten, Kangchenjunga Himal mendiguneko Kabru Hegoa mendiaren (7.318 m) mendebaldeko aurpegian zabaldutako Diamonds on the Soles of the Shoes bideagatik. Meroik berak, Romano Benet senarrak eta Peter Hamor eta Bojan Jan eslovakiarrek egin zuten igoera hori. «Aipamen honen bidez emakumezkoen alpinismoa sustatzea da helburua, izan oso-osoan emakumezkoek eginiko igoerak, izan emakumeek lider rola jokatu eta talde mistoek eginiko eskaladak, izan urteen joanean emakume batek eginiko igoera garrantzitsuak». Hamalau zortzimilakoak igotako hirugarren emakumea da Nives Meroi.
Aurreko urteko jarduerarik garrantzitsuenak nabarmentzeaz gain, mendian ibilbide eredugarria izan duen norbaiti ere egiten zaio urtero aitortza, eta aurten, Jordi Corominas alpinista katalanak (Bartzelona, 1958) jasoko du ibilbidearen Walter Bonatti saria edo Urrezko Piolet hori. Aurrez, besteak beste, Bonattik berak, Reinhold Messnerrek, Doug Scottek eta Voytek Kurtykak jaso izan dute egindako ibilbideari dagokion Urrezko Pioleta. Urrezko Pioletaren garaikur hauek estilo alpinoa nabarmentzen dute: arintasuna, azkartasuna, gutxirekin asko egitea. Eta horixe egin du Corominasek bere ibilbide osoan: esploratu, bide berriak urratu, beti estilo arin eta garbian, etika bati jarraituz... 30 urtetik gorako ibilbidea egin du gidari profesional moduan, eta, besteak beste, K2ko Magic Line lerro ikusgarria igo zuen 2004an. «Agian bere ekarpenik handiena alpinismoari dagokionez izan duen ikuspegia da, eta bi eskalatzaile belaunaldiren artean egin duen zubi lana», nabarmendu du epaimahaiak.