Ibiltarien Jaia izango da martxoaren 15ean Elgetan (Gipuzkoa), urtean zehar iraupen luzeko mendi ibilaldietan parte hartzen duten mendizaleen urteroko topaketa. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituaren hasierako ekitaldia izan ohi da jai hori, Euskal Mendizale Federazioaren egutegiaren barnean.
Nola ez, Ibiltarien Jaia ibilian hasiko da, mendi buelta bat eginez. Ibilaldia 08:00etan abiatuko da, Elgetako kiroldegitik, eta 20 kilometroko ibilbide zirkularra egingo dute mendizaleek, 1.200 metroko goranzko desnibelarekin. Elgeta inguratzen duten gune esanguratsuak zeharkatuko dituzte ibilaldian: Asentzio, Intxorta, Erdella, Aixola eta Egoarbitza, besteak beste.
Izen ematea Zirkuituaren webgunean egin ahal izango da martxoaren 13ra arte. Nolanahi ere, ibilaldiaren egunean bertan ere izango da izena emateko aukera. Ibilaldia amaitzean, parte hartzaileek dutxa zerbitzua izango dute kiroldegian, eta antolakuntzak gela bat prestatuko du koltxonetekin bezperan bertan lo egin nahi dutenentzat. Zerbitzu hori erabili nahi dutenek antolakuntzari jakinarazi beharko diote telefonoz edo posta elektronikoz.
Mendi ibilaldiaren ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo da Elgetako kiroldegian. Elgetako Udalean eman behar da izena bazkarirako: 943-76 80 22 telefonoan edo danonartian@elgeta.eus posta elektronikoan. Martxoaren 10era arte izango da aukera.
Jardunaldiaren barruan, aurreko aldiko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituko finalistei diplomak banatuko zaizkie, Zirkuituaren antolakuntzak ezarritako irizpideen arabera. Finalistek gutxienez zortzi ibilaldi osatu behar zituzten, lurralde bakoitzean bana, eta egutegiko beste hiru aukerakoak. Era berean, Shebe Peña saria ere banatuko da. Iazko Zirkuituko ibilbideei dagokien saria Moises Andres Zubiria Usurbilgo Andatza mendi taldeko kideak jasoko du.
2026ko egutegiari dagokionez, aurten 24 martxa izango dira Zirkuituan, Euskal Herri osoan barna. Egutegiaren xehetasun guztiak Zirkuituaren webgunean kontsulta daitezke. Lehen topaketa martxoaren 29an izango da, 57. Aizkardiko Ibilaldia. Bi ibilbide izango dira aukeran: 43 kilometrokoa eta 24 kilometrokoa. Egutegiko azken martxa, berriz, azaroaren 1ean izango da: XL Gorobel ibilaldia.