2015-2017ko denboraldirako alpinista gazteen taldea osatzeko deialdia zabaldu berri du Espainiako Mendizale Federazioak (FEDME). 2012-2014ko taldekoak trebakuntzaren azken txanpan daude, Nepalerako bidaia prestatzen. Hiru urteko trebakuntzari Himalaian emango baitiote amaiera. Zazpi mutilek eta sei neskak osatzen dute taldea, eta, tartean, hiru euskal herritar daude: Mikel Ajuria oiartzuarra, Alberto Fernandez elgoibartarra eta Erlantz Diaz bilbotarra.
«Hormigoizko mundu honetatik atera eta libre izateko lekua da mendia; inori azalpenik eman gabe, zeure buruarekin eta lagunekin egoteko lekua». Mikel Ajuriak (Oiartzun, 1980) gaztetatik ibili da«abentura»bila, eta horregatik hasi zen eskalatzen, hamabost bat urterekin. Horregatik, eta ezin zuelako «geldirik egon». Alberto Fernandez ere (Elgoibar, 1988) txiki-txikitatik ibili da mendian, eta, harentzat, txikitan etxekoekin hasitako bidearen «eboluzio logikoa» besterik ez da izan alpinismoa. Lagunekin ondo pasatzea, beldurrari aurre egitea, tentsioa kudeatzen jakitea… Hainbat bizipen batzen diren lekua da mendia Fernandezentzat: «Eguneroko bizimoduan ez dituzun esperientziak dituzu mendian, eta horrek guztiak bete egiten gaitu. Errealitatetik irteteko era bat da. Horman zaudenean ez duzu laneko arazoez pentsatzen, ezta neska-lagunarekin ondo edo gaizki zauden ere. Horrek guztiak ez dauka garrantzirik han goian».
Sentimendu eta bizipen horiek guztiek eraman zituzten alpinista gazteen Espainiako taldean izena ematera. Mendizaletasunean sakontzea zen asmoa, eta sarbide probak gaindituta, hala sartu ziren 2012-2014ko promozioan.
Hiru urtean asko ikasi dute, mendian eta mendiaz. «Motibazio handia eman dit taldeak, eskalatzeko gogo handia duten beste sei gazterekin egin dudalako topo, gogor eskalatzen dutenak, gainera», Ajuriaren iritziz. Taldeko giro onak samurtu egin ditu gainditu beharreko probak:«Indartsu dagoen lagun batekin ibiliz gero, jarduera guztiek askoz errazagoak dirudite».
Fernandezen moduan, alpinismoa ohiko mendizaletasunari ihes egiten dion zerbait da Ajuriarentzat ere: «Ni ez naiz alpinista, edo behintzat ez dut alpinismoan sartzen den guztia egin. Esaterako, sekula ez naiz 8.000 metroko mendi batera igoko, soka finkoak xerpek jarri ostean, dendak jarrita eta jatekoa beste batzuek prestatuta. Niri horman gora igotzea gustatzen zait, mendiak ematen duen bakardadeaz gozatzea, baita erosotasun faltaz ere: ur bila joan behar izatea, eta abar, esaterako». Egungo gizarteak erosotasun etengabea nahi duela uste du oiartzuarrak, eta mendizaleen bizimodua horren kontrakoa dela. Horregatik, «oso zaila» ikusten du belaunaldi berriak eurena bezalako «saltsetan» sartzea. «Gurean indar handiagoa izango dute kirol eskaladak, mendi irteerek eta mendiko bizikletak».
Erosotasunik ez
Alpinistak badaudela eta oso maila altua dutela uste du Fernandezek, baina mendiko diziplina hau ez dela sekula «modan egon, ezta egongo ere, gizarte erosoak segurtasuna oso barneratuta daukalako eta ez zaiolako sufritzea gustatzen». Eta alpinismoan sufritu egiten da. Ingurumen ezerosoan egiten da: «Hotza, arriskutsua, bibakak... Oro har, gogorra da, eta praktikatzeko asko gustatu behar zaizu», azaldu du Fernandezek. «Hotza pasatu, oinez ordu asko egin eta autora gauez iritsi ordez, gehienentzat erosoagoa da Etxaurin eguzkitan eskalatzea, autotik bost minutura», gehitu du elgoibartarrak.
Hiru urteko trebakuntzari Nepalgo Himalaian emango diote amaiera bi gazteek, Kusum Kanguru mendian (6.367 m), Khumbu ibarrean. «Ahalik eta gehien eskalatzea» izango da espedizioaren helburua. Jenderik ia ibiltzen ez den paraje batera joateak ere asko motibatzen du Fernandez, eta Nepalgo bidaia mendia baino askoz gehiago izango dela uste du, «jende eta kultura ezberdinak ezagutzeko aukera», besteak beste. «Abentura».
Fernandezek goi mendiko gidari titulua atera berri du eta, zaila izan arren, horretan lan egitea gustatuko litzaioke. Ez dakite Nepaldik nola eta zein ikuspegirekin itzuliko diren, baina biek ala biek argi daukate orain arte bezala«ahalik eta gehien» eskalatzen segituko dutela eta etorkizunean ere oinak goi mendietan izango dituztela
Ikasgaiak mendian eta mendiaz
Mikel Ajuria eta Alberto Fernandez euskaldunak dira Espainiako Mendizale Federazioko alpinista gazteen taldeko kideetako bi.Nepalen amaituko dute hiru urteko prestakuntza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu