Goi mailako mendiak igotzeko zailtasunak dauzka Susana Ruiz 31 urteko mendizale tuterarrak. Diabetes gaixotasuna oztopo bat da harentzat, mendira joan aurretik intsulina hartu beharra baitauka. Baina zenbat? Zein kopuru da gomendagarria? Galdera horiek burura etortzen zaizkio mendira abiatu aurretik. Eta horixe bera pentsatuko zuen Nepalera bidean jarri behar zela erabaki zuenean. «Zenbat eta garaiera altuagoan egon, intsulinak ez du berdin funtzionatzen; eraginak geldoago iristen dira», azaldu du. Ruiz Himalayako Kala Patthar mendira igoko da, 5.545 metrotara hain justu. «Ezagutzen dut jendea diabetesa eduki eta maila horietako trekking saioak egin dituena. Badakit esperientzia gogorra izango dela, azukre mailaren jaitsiera askorekin, baina ongi pasatzea espero dut».
Ruizek dituen trabei aurre egiteko, Menarini diagnosticos Bartzelonako telemedizina etxearekin jarri zen harremanetan, azaroaren hasieran egingo duen bidaiak zerbaitetarako balio ahal izateko. «Diabetesaren inguruko ikerketak bultzatzeko balio baldin badu, esperientzia are aberasgarriagoa izango da niretzat», dio. Era horretan, telemedizina etxeak merkaturatu berri duen azken sistema probatuko du, eta horretan lehena izango da. «Diabetesa duen gorputz batek garaiera horretan zein modutan funtzionatzen duen jakiteko esperientzia aproposa izango da».
Eta zertan datza proban jarriko duen sistema berria? «Ohiko glukosa neurgailu baten antzekoa da», haren esanetan. Baina aldaera bat dauka: une oro bere medikuarekin harremanetan egongo dela Ruiz. Internet bidez bidaliko lizkioke datuak medikuari. Eta horrek asko lasaitzen du, une oro haren gorputzaren bilakaera zein den jakin ahal izango baitute medikuek, eta aldaketaren bat behar izanez gero berehala jakinaraziko bailiokete. «Nire ahalegin fisikoak euren ikerketarako asko balio dezakeen bezala, ni ere kontrolatuta egongo naiz», dio.
Baina ordu aldaketa handiak daude hemendik Nepalera bidean. Sei ordu, hain justu. «Nik handik bidaliko dudan informazioa hona iristen denerako, agian inor ez dago datu horiek ikusi eta ikertzeko». Baina bilakaera orokor bat egiteko nahikoa dela uste du. Edonola ere, berak ere beste makina bat probatuko du azukre maila zenbatekoa den jakiteko une oro: Novalab. «Sistema horrekin, momentu oro jakingo dut zein egoeratan dagoen nire gorputza ere, eta zein izan daitekeen nire odolaren bilakaera hurrengo orduetan». Era horretan, berak ere erabaki autonomoak hartuko lituzke. «Makina horiekin guztiekin kablez josita joango naiz mendira, baina, tira, onerako diren bitartean, ongietorriak izan daitezela».
Urteetako eskarmentua
Azaroan Kala Patthar mendira igoko da Ruiz bere bikotekidearekin, eta, horretarako, 18 egun beharko dituzte. Baina lehendik ere nahikoa eskarmentu daukate. Izan ere, mendiarekiko zaletasuna betitik izan duten arren, duela hamar urte hasi ziren biak maila gogorragoan. Pirinioak alderik alde zeharkatzen ari dira etapaz etapa, eta, horrez gain, mendi gehiago ere egin dituzte. Ibilbide horretan Ruizek onartu du askotan zailtasunak izan dituela bere gaixotasunaren ondorioz, baina azkenerako beti jakin izan duela kontrolatzen. «Geure burua pauso bat harago emateko prest ikusi dugu, eta, horregatik, edozein mendizaleren ametsa bete ahal izango dugu: Nepalera joan eta Himalaya zapaldu ahal izatea». Helburu horri ikerketa gehituta, euren asmoak hobeak bihurtu direla uste du tuterarrak.
Ikerketarako mendi ibilaldia
Diabetesaren ikerketan lagunduko duen ibilaldi bat egingo du Susana Ruiz mendizaleak. Nepalgo Kala Patthar mendira igoko da, eta Internetez une oro bere azukre maila zein den bidaliko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu