Inoiz baino irekiagoa

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren hogeigarren ekitaldia jokatuko dute igande honetan. Iazko podiumean egon ziren sei korrikalarietatik bakarra ariko da: Manuel Merillas espainiarra. Ez dago faborito argirik.

Korrikalari bat, ahalegin betean, aldapan gora. GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Zegama-Aizkorri mendi lasterketak bere ibilbide oparoan izandako bidelagun nagusia Kilian Jornet kataluniarra da. 2007an lehenbizikoz parte hartu eta irabazi zuenenetik, hura izan da probaren izar nagusia. Geroztik, beste bederatzi aldiz jantzi izan du txapela; azkena, iaz. Baina aurten ez da ariko. Ezta iazko emakumezkoen mailako irabazlea ere: Nienke Brinkman herbeheretarra. Are, iaz podiumera igo ziren sei korrikalarietatik bakarra ariko da: Manuel Merillas espainiarra. Horrek badu ondoriorik: ez dago faborito argirik.

Ia 550 korrikalari abiatuko dira igandean Zegamako plazatik (Gipuzkoa), 09:00etan, 42 kilometroak egiteko asmoz (2.736 metroko desnibela). Gizonezkoetan, hiru korrikalari nabarmentzen dira: Merillas, Remi Bonnet suitzarra eta Jonathan Albon britainiarra. Merillas hirugarren izan zen iaz; Bonnet, berriz, irabazlea izan zen 2018ko ekitaldian; eta, azkenik, Albon bikain dabil azkenaldian, eta lehen aldiz ariko da Zegama-Aizkorrin.

Baina ez dira hautagai bakarrak. Luzea da haien itzalean daudenen eta ezustekoa eman dezaketenen zerrenda: besteak beste, Thibaut Baronian frantziarra —2019ko hirugarren sailkatua—, Elhusine Elazzaoi marokoarra —iazko laugarrena—, Bart Przedwojewski poloniarra —2019ko bigarren sailkatua—, eta Robert Pkemboi kenyarra —iaz lehen aldiz aritu zen, bikain gainera: bosgarren izan zen—.

Gizonezkoetan nork irabaziko duen asmatzea zaila bada, zer esanik ez emakumezkoetan. Iaz podiumera igo ziren hirurak ez dira ariko: Brinkman, Maude Mathys suitzarra eta Sara Alonso donostiarra. Hala, bi nabarmentzen dira izena emandakoen artean: Eli Anne Dvergsdal norvegiarra —2019ko irabazlea—, eta Oihana Kortazar elgetarra —2011ko eta 2012ko irabazlea—. Dvergsdalez eta Kortazarrez gain, beste zenbait korrikalarik ere badute aukera aurrean izateko: besteak beste, Azara Garcia de los Salmones espainiarrak —2015eko irabazlea—, Fabiola Conti italiarrak —bosgarren izan zen iaz—, Blandine L'Hirondel frantziarrak, Miao Yao txinatarrak eta Caitlin Fielder zeelandaberritarrak; bolo-bolo dabil azken horren izena. 75 emakume inguru ariko dira, inoizko gehien.

Hainbat euskal korrikalarik parte hartuko dute, baina oso helburu desberdinak dituzte.

1. Zenbat denbora pasatu duzu Zegama-Aizkorri prestatzen?
2. Zer lasterketa jokatu dituzu aurretik?
3. Lasterketaren ibilbidean entrenatzeko aukerarik izan duzu?
4. Zer espero duzu lasterketaz?
5. Zer da zuretzat Zegama-Aizkorri? 

MIKEL LEGARRETA
(Aldi guztietan parte hartu du)

1. Urtarriletik ari naiz korrika, eta, tartean, mendi eskiko lasterketa batzuk ere egin ditut. Halere, urte guztian ibiltzen naiz bizikletan eta korrika, eta neguan, eskian ere bai; beraz, gutxi edo asko, urte guztian entrenatzen naiz.

2. Berastegiko [Gipuzkoa] Negu Trail, Urretxuko [Gipuzkoa] UZ Trail, Mendaroko Kilimon [Gipuzkoa], eta Berako [Nafarroa] eta Aloñako igoerak [Oñati, Gipuzkoa] egin ditut. Lasterketak jokatuz saiatzen naiz entrenatzen; bestela, dezente kostatzen zait entrenamenduak luzatzea.

3. Bitan joan naiz aurten. Ez da asko, baina, ibilbidean bertan etxe inguruan baino entrenamendu luzeagoak egiten ditut. 30 kilometroko bi entrenamendu egin ditut, eta biak Zegaman.

4. Ez dut uste oso ondo nagoenik; beraz, gozatzearekin eta osorik iristearekin konformatu beharko dut. Hala ere, nork daki! Behin bakarrik lortu dut bost ordutik jaistea, eta beste batzuetan baino gutxiago entrenatuta nengoen urte hartan. Aurten, nonbaitetik indarra ateratzen badut, gorputzak uzten didan bezainbeste estutuko dut.

5. Hogei urteren ostean, zer esan... Oroitzapen asko ditut, eta miseria batzuk ere pasatu ditut. Orain, korrika egiteko motibaziorik handiena da Zegama-Aizkorri. Ez nioke utziko korrika egiteari, baina, proba honengatik ez balitz, ez dut uste lasterketetan parte hartuko nukeenik oraindik.

OIHANA AZKORBEBEITIA
(Hamabigarren aldia du)

1. Ez dut lasterketa hau bereziki prestatzen. Egutegian izaten ditudanen artean beste lasterketa bat da, eta ez dut entrenamendu berezirik egiten. Orain arte egin ditudan entrenamendu guztiak egutegi osoari begira egin ditut.

2. Bediako [Bizkaia] Kolazino lasterketa, Kangas Trail [Asturias, Espainia], Arrasate-Udalatx [Gipuzkoa], Pastoras de Portudera [Asturias, Espainia], eta Domusa Teknik [Azpeitia, Gipuzkoa] probak egin ditut.

3. Ez daukat ohiturarik hara joateko. Urtean behin joaten naiz, lasterketaren egunean. Ederki ezagutzen dut ibilbidea.

4. Egin nezakeen guztia egin dut Zegaman. 2017an, lau ordu eta 47 minutuko denbora egin nuen, eta oso gustura gelditu nintzen. Helburu nagusia amaitzea izango da; hori eginda, bost orduren inguruan ibiltzen banaiz, pozik.

5. Lasterketa honetara soilik joaten naiz beldurrik gabe. Bezperan ere ez naiz batere urduri egoten. Ilusio eta poz bereziarekin joaten naiz beti Zegamara.

MIKEL URALDE
(Lehen aldia du) 

1. Bi hilabete eta erdi daramatzat lasterketa prestatzen. Urtean 2.500 kilometro inguru egiten ditut korrika; beraz, zozketaren egunetik aurrera ez nintzen hasieratik hasi, ordurako asteburuetan hogei kilometroko entrenamenduak egiten bainituen, baina errepidean. Zegama-Aizkorri zein gogorra den jakinda, desnibela lantzea izan da nire erronka nagusia.

2. Ez naiz lasterketetan parte hartu zalea. Aurten, adibidez, ez dut bakar batean ere parte hartu. Egin nuen azkeneko lasterketa 2022. urteko azaroaren 6an izan zen: New Yorkeko maratoia [AEBak].

3. Ibilbidean entrenamendu bakarra egin dut. Zegamatik irtenda Aizkorri tontorreraino egin nuen, handik berriro Sancti Spiritura jaitsi, eta hortik Zegamara buelta. Etxetik Zegamara 50 kilometro ditut errepidean, eta nahiago izan dut etxetik gertu entrenatu.

4. Jendetza, animazioa, urduritasuna, sufrimenduaren eta gozamenaren arteko distantzia txiki hori barrutik bizitzea, emozioen kudeaketa... Horrelako trenak bizitzan behin pasatzen direnez, egunaz gozatzea espero dut, eta, aldi berean, lasterketa amaitzea.

5. Mendi korrikalarien artean, lasterketarik garrantzitsuena da; txirrindularientzat Frantziako Tourra bezala. Hori kontuan hartuta, niretzat amets bat egia bihurtzea izango da irteeran egotea. Amaituz gero, pribilegiatua izango naiz, eta poza ez zait joango luzaroan.

ZURIÑE FRUTOS
(Hirugarren aldia du) 

1. Azken hilabetean ibili naiz ganoraz prestatzen. Serio entrenatu naiz, eta dieta egin dut.

2. Bakarra: Trail Cabo de Ajo [Ajo, Kantabria, Espainia], apirilaren 2an. Ez dut gehiagotan parte hartu, ezin dudalako.

3. Bai; bi egunetan. Lagun batek ere badu dortsala, eta ez duenez inoiz Zegama-Aizkorri egin, ibilbidea ezagutu nahi zuen. Lehen egunean, aurreneko hogei kilometroak egin genituen, Zegamatik Sancti Spiritura. Bigarrenean, berriz, Sancti Spiritutik Zegamara joan ginen, baina Urbiako lau kilometroak egin gabe.

4. Amaitzea, gozatzea eta ondo pasatzea. Jai bat da, bizi beharrekoa; berdin dio ikusten edo lasterketa egiten. Zegama Zegama da! Nire asmoa da sei ordu baino gutxiago egitea, eta 2019ko denbora hobetzea.

5. Asko. Kasualitatez, Zegamaren inguruan dagoenak nire bizitza aldatu du; batez ere, 2019koaren ondorengoak aldatu zuen.

XABIER ZARRANZ
(Zortzigarren aldia du)

1. Ez dut bereziki prestatzen, baina badakit denboraldia nola bideratu Zegamara ahalik eta indartsuen iristeko. Urte asko daramatzat korrika, eta oso ondo ezagutzen dut neure burua. Ibilbidea etxeko egongela bezala ezagutzen dut; inongo presiorik gabe noa.

2. Zazpi lasterketa jokatu ditut; azkena, Nafarroa Xtrem [Zubiri, Nafarroa], apirilaren 29an.

3. Askotan ibili naiz ibilbidean, baina aurten ez dut aukerarik izan hara entrenatzera joateko.

4. Konformatzen erraza naiz. Badakit mendi lasterketetan zaila dela nahi duzuna lortzea, baina, hala ere, lau ordu eta 20 minutu baino gutxiagoan egin nahiko nuke.

5. Urteko lasterketarik garrantzitsuena da niretzat. Baina urteak pasatuz doazen heinean, ohitura hartzen diozu parte hartzeari, eta erraz prestatzen duzu.

OIHANA ZUBILLAGA
(Lehen aldia du)

1. Gutxi gorabehera, urtarrilean edo otsailean hasi nintzen, nahiz eta ez nuen dortsalik, eta edukiko nuenik ere ez nekien. Entrenatzen dudan lagunari laguntzen hasi nintzen, dortsala tokatu zitzaiolako Zegamako San Silvestre lasterketan. Beste lasterketetarako entrenamendu gisa balio izan dit. Baina distantzia berria da niretzat; ea zer moduz moldatzen naizen. Urduri nago.

2. Azken hilabetean, Kilimon Trail lehian, Espainiako Txapelketan eta Kanpezu-Ioar [Kanpezu, Nafarroa] mendi lasterketan parte hartu dut.

3. Bai, aukera izan dut; lau bat aldiz joan naiz apirilean. Hala ere, ibilbidearen lehen zatia ezaguna dut, aurreko urteetan ikusle izan naizelako, eta oinez egin dudalako.

4. Lasterketaz, inguruaz eta giroaz disfrutatu nahi dut.

5. Beti esaten nuen bizitzan behin behintzat egin behar nuela Zegama-Aizkorri, eta, aurten, 25 urte egin ditudan honetan, gogo berezia nuen parte hartzeko. Azkenean zortea izan dut, eta dortsala tokatu zait. Uste dut trailean gabiltzan guztientzat lasterketa berezia dela; festa bat da. Ikusle gisa ere oilo ipurdia jartzen zaizu. Ikaragarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.