Eskiatzailea

Manex Salsamendi Silva: «Inoiz izan dudan mailarik onenean nago, baina oraindik ere ez nago egon nahiko nukeen tokian»

Olinpiar Jokoetan iraupen eskiko bi probatan lehiatuko da, esprintean eta estilo libreko 10 kilometrokoan. Brasil ordezkatuz ariko da oraingoan ere. Pekindik hona aurrerapauso handiak egin dituela dio, eta aurrekoak gertuago ikusten dituela.

Manex Salsamendi Silva, Etxaurin. Han bizi da gaur egun. IÑIGO URIZ / FOKU
Manex Salsamendi Silva, Etxaurin. Han bizi da gaur egun. IÑIGO URIZ / FOKU
ramon olasagasti
2026ko otsailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Manex Salsamendi Silva (Rio Branco, Brasil, 2002) Brasilgo selekzioarekin ariko da Milan-Cortina d’Ampezzoko Jokoetan. Aita Errenteriakoa du; ama, Brasilgoa, eta 8 urte zituela Izabara bizitzera etorri zen. Haur hura iraupen eskiatzaile zaildua da gaur egun. Azken bi urteotan, hitzarmen ekonomiko baten bidez, Espainiako selekzioko kideekin entrenatzen aritu da, Jaime Gil prestatzaile fisikoaren eta Marti Vigo teknikariaren esanetara. Gabonetan Belaguan entrenatzen ibili ondoren, Jokoen atarian, Europako eta Munduko Kopako hiru probatan lehiatu da: Seefeld-en eta Oberhof-en (Alemania), eta Goms-en (Suitza). Oberhofen, bere inoizko emaitzarik onena lortu zuen, 58. postua. «Lehenengoarekiko tartea sekula baino laburragoa izan zen. Oberhofen oso pozik amaitu nuen zer lortu nuen eta nola sentitu nintzen ikusita. Emaitzak emaitza, esango nuke inoiz baino hobeto nabilela. Oraindik asko daukat hobetzeko aurrekoetara hurbiltzeko, baina gutxinaka ari naiz».

Pekingo zure lehen Olinpiar Jokoetan gazteenetakoa izan zinen. Zer oroitzapen gordetzen duzu?

Onak eta ez hain onak. Batetik, Olinpiar Jokoetara joatea niretzat ikaragarria izan zen, eta Txinan bertan telebistan ikusitako kirolariekin otorduak, autobus bidaiak eta abar konpartitu ahal izatea, oso berezia. Film batean nengoela iruditzen zitzaidan. Bestetik, nahiz eta jakin han zeuden iraupen eskiatzaile askoren aldean nire maila apala zela, etsigarria izan zen zer-nolako aldea dagoen ikustea. Mentalki gogorra egin zitzaidan hori onartzea, beste herrialde bateko ordezkari izan banintz ez nintzela han izango ohartzea...

Geroztik joan dira lau urte. Oraindik ere oso gaztea izan arren, bilakaera bat izango zen. Zertan egin duzu aurrera lau urte hauetan?

Pekinerako egunero entrenatzen nintzen, baina ez neukan orain daukadan profesionaltasunik. Elikadura, atsedena, entrenamenduak, plangintza... modu profesionalean zaintzen ditut orain. Teknikoki ere asko landu ditut bi modalitateak: patinajea eta klasikoa. Pekinera Julen Garjonekin joan nintzen, Erronkariko taldean bera izan bainuen lehen entrenatzailea. Handik bueltan, Julenek beste ardura batzuk zituenez, Andorrako Federazioarekin hasi nintzen entrenatzen, eta haiekin egin nituen bi urte. Azken biak, berriz, Espainiako Federazioko eskiatzaileekin eta teknikariekin ibili naiz entrenatzen. Pozik, nire adineko eskiatzaileekin entrenatzeko aukera izan dudalako. Lau urte hauetan hainbat probatan parte hartu dut, eta esperientzia horrek ere lagunduko dit joko hauei beste era batera aurre egiten. Oraindik ere ez nago egon nahiko nukeen tokian. Duela lau urteko jokoetan, agian espero nuen orain nagoen baino gorago egotea, baina uste dut urratsez urrats joan behar dudala, presa berezirik gabe, urtez urte maila gero eta hobea lortuz. Eta, alde horretatik, oraintxe bertan, inoiz izan dudan mailarik onenean nago.

«Fisikoki, gimnasioan lan handia egin dut, eta duela lau urte baino kilo dezente gehiago ditut gaur egun. Azken urteotan esprint modalitatean nabil buru-belarri, eta esango nuke distantzia horretan duela lau urte baino askoz gehiago naizela orain»

Jaume Pueyo, Bernat Selles eta Marc Collelekin entrenatzen, haien aldean nola ikusi duzu zeure burua bi urte hauetan?

Egia esan, entrenamenduetan haien parean ikusten dut neure burua, bereziki Bernat eta Marcen parean. Jaume normalean pixka bat gainetik egoten da. Baina, gero, karrera egunetan, atzerago geratu izan naiz haiek baino. Etsigarri samarra ere bada hori, karrera egunetan, egun garrantzitsuetan, tarte horiek izatea. Nolanahi ere, azken urtean bereziki, karrera egunetan ere hobeto aritu izan naiz, eta haiekin entrenatzeak asko lagundu dit maila hobetzen.

Lantzen duzue alderdi psikologikoa ere?

Aurten hasi naiz, Brasilgo Batzorde Olinpikoaren bitartez, psikologo batekin alderdi hori ere lantzen. Hasi naiz aldea nabaritzen, eta emaitzak ere hobeak izaten ari dira. Noski, hau ez da zerbait magikoa: psikologiarekin hasi eta bat-batean ez dira emaitza ikusgarriak iritsiko, baina hobekuntza nabaritu dut eta garrantzitsua iruditzen zait hori ere lantzea.

Azken urte hauetan zertan nabaritu duzu hobekuntzarik handiena, teknikan, fisikoan...?

Fisikoki, gimnasioan lan handia egin dut, eta duela lau urte baino kilo dezente gehiago ditut gaur egun. Heldutasun handiagoa daukat, eta uste dut teknikoki ere asko hobetu dudala, batez ere skatingean edo estilo librean. Azken urteotan esprint modalitatean nabil buru-belarri, eta esango nuke distantzia horretan duela lau urte baino askoz gehiago naizela orain.

Olinpiar Jokoetan bi probatan lehiatuko zara: esprintean, estilo klasikoan, eta 10 kilometroko proban, estilo librean. Zer probatan duzu itxaropen gehien?

Azken bi urteetan entrenamendu guztiak esprintera bideratu ditugu, eta esprinteko proban dut ondo egiteko itxaropenik handiena. 10 kilometroko proban, berriz, ahalik eta emaitza onena lortzeko asmoz aterako naiz, baina proba horretan zailago ikusten dut.

Esprinteko proban, zer emaitzarekin itzuliko zinateke gustura?

Esan izan dut nire ametsa 30 aurrenekoen artean sartzea litzatekeela, horiek igarotzen baitira final-laurdenetara, baina, egia esan, ez da erraza izango. Beraz, aurreneko 30 horietatik gertu samar geratuko banintz, emaitza ona litzateke. Horrekin pozik nengoke. Eguraldiak eta elur baldintzek zerikusi handia izango dute.

«Eztabaida hor dago. Iraupen eskia, tradizioz, iraupenekoa izan da, baina, aldi berean, iruditzen zait denetarik egon behar duela. Ni esprintetan nabil gaur egun, nire ezaugarriak egokiagoak baitira modalitate horretarako»

Azken urteotan, batez ere Espainian, esprint distantzia lehenetsi da, eta zu ere horretan zabiltza. Iraupeneko eskia izanik, batzuek esaten dute kirolaren esentzia galtzen ari dela. Zer iritzi duzu horri buruz?

Egia da: azken urteotan esprint modalitateak indarra hartu du. Duela 10 urte, iraupeneko eskiatzaileek proba askoz gehiago egiten zituzten, hala esprint proba nola 50 kilometrokoa, eta azken urteotan geroz eta espezializazio handiagoa dago, eta eskiatzaile askok esprintak bakarrik egiten dituzte. Eztabaida hor dago. Iraupen eskia, tradizioz, iraupenekoa izan da, kilometro asko, entrenamendu luzeak... baina, aldi berean, iruditzen zait denetarik egon behar duela. Ni esprintetan nabil gaur egun, nire ezaugarriak egokiagoak baitira modalitate horretarako. Azken batean, bakoitzak jakin behar du zein diren bere indarguneak, eta hor saiatu behar du. Hala ere, ulertzen dut beste probek ere indar bera izan beharko luketela eta garrantzi handiagoa eman beharko litzaiekeela distantziako probei.

Gaztea zara oraindik, eta, seguruenera, ez dira zure azken Olinpiar Jokoak izango. Urratsez urrats, lau urte barru egun baino maila hobean ikusten duzu zeure burua?

Oraintxe baietz esango nuke. Zenbaitetan, gogor lan egin arren, emaitzak ez direnean zuk nahiko zenituzkeenak, hausnartzen hasten zara merezi ote duen hainbesteko ahaleginak, baina uste dut aurten urrats bat aurrera egin dudala. Emaitzak ez dira ikusgarriak izan, baina niretzat garrantzitsuak izan dira neure buruari erakusteko ondo ari naizela lanean, bide onean noala, eta, beraz, oraintxe baietz esango nuke, beste lau urteko zikloa osatu eta hurrengo Olinpiar Jokoetan egotea gustatuko litzaidakeela.

Iraupen eskian ibili ez denari azaltzeko, zertan dago halako aldea Norvegia eta iparraldeko herrialdeetako eskiatzaileekiko, teknikan, urtetako tradizioan, entrenamenduetan...?

Kirol hau praktikatzen duten pertsona kopuruan. Norvegian, mundu guztiak egiten du iraupen eskia, eta hautaketa pila bat, galbahe pila bat igaro behar dira gorenera iristeko. Norvegiako zortzi onenak munduko zortzi onenak lirateke, eta halaxe sortzen dira Klaebo bezalakoak. Gure eski mundu honetako Pogacar da Klaebo. Euskal Herrian eta Espainian, aldiz, serio samar hartzen dutenak zenbat izango dira, 20, 15, asko jota? Bada, hamabost horietatik norbait ateratzea Munduko Kopan hamar aurrenekoen artean sartzeko oso zaila da. Horrez gain, Norvegian iraupen eskirako kultura izugarria dute, elurra dute hilabete askotan, instalazio oso onak dituzte, pistak baldintza onetan, teknika eta entrenamenduak garatuago dituzte, oso eskiatzaile eraginkorrak dira... Zaila da haien pareko inor ateratzea beste herrialde batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA