BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia abenduaren 5etik 14ra egingo dute aurten. Ekoizleek, zuzendariek eta egileek beren lanak aurkezteko garaia da hau. Hainbat egile ibiliko da asteotan mendiko jarduerei lotutako pelikulak muntatzen, postprodukzio lanei azken ukituak ematen, soinua gehitzen, azpitituluak itzultzen... Ostirala, irailaren 5a izango da lan horiek guztiak amaitu eta pelikulak aurkezteko azken eguna. Aurkeztutako horien artetik hautatuko dituzte gero Sail Ofizialean lehiatuko direnak eta egitarauko beste sailetan emango dituztenak.
Mendia bere alor eta ertz guztietatik jorratzen duten pelikulak aurkez daitezke jaialdira. Alegia, askotarikoak izan daitezke gaiak: alpinismoa, eskalada, abentura eta mendi kirolak, eskia, muturreko kirolak, ekologia, ingurumena, etnografia, natura… Baldintza nagusietako bat, hauxe: 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitzitako lanek baino ezin izango dute parte hartu aurtengo ekitaldian.
2024ko ekitaldian 226 pelikula inskribatu ziren, berariaz Bilbon parte hartzeko hautagaitza zuzena aurkeztuz. «Inoizko kopururik oparoena da», antolatzaileen hitzetan.
Aurten, 24.800 euro banatuko dira saritan. Sail Ofizialeko film irabazle guztiek, diru ordainaz gain, garaikur bat ere jasoko dute: Eguzki lorea edo Txalaparta.
Jaialdiaren webgunean zehaztuta daude izena emateko eta filmak aurkezteko baldintza eta xehetasun guztiak.
Ikusi hemen Bilboko Mendi Film jaialdian urtez urte saritutako filmen zerrenda.