Irati Cuadrado eta Marti Vigo gailendu dira Marxa Bereten

Iraupen eskiko probaren 46. aldian 900 eskiatzaile lehiatu dira, euskal herritar asko tartean. Burlatako eskiatzailea hirugarren urtez jarraian izan da irabazle. Distantzia laburretan ere garaipenak eta ohorezko postuak lortu dituzte euskal kirolariek.

Irati Cuadrado 2026ko Marxa Beret probaren irabazlea
Irati Cuadrado 2026ko Marxa Bereten. FOTOTUR
2026ko otsailaren 2a
08:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behobia-Donostia atletismoan izan daitekeena, horixe da Marxa Beret iraupen eskian: kirol horri loturik Pirinioetan egiten den lasterketarik herrikoiena eta festa nagusia. Atzo 900 eskiatzaile lehiatu ziren lau distantzietan: 42 kilometroko nagusian, 21 kilometroko ertainean eta 10 eta 5 kilometroko distantzia laburragoetan. Euskal herritarrak izan ziren horietako asko: Irrintzi taldekoak, Alpino Uzturrekoak, Uhartekoak, Erronkarikoak, Vasco de Camping elkartekoak, Eibarko Klub Deportibokoak, Irungo Mendizaleak edo Errenteriako Urdaburu taldeetakoak, nor bere aldetik joandako asko eta asko...

Proba nagusian (42 km), Irati Cuadrado (Burlata, Nafarroa, 2001) Irrintzi taldeko eskiatzailea eta Marti Vigo aragoiarra, Espainiako iraupen eskiko selekzioko prestatzailea, izan ziren irabazle. Cuadrado hirugarren urtez jarraian gailendu da Marxa Bereten. Atzokoa «egin duen lasterketarik gogorrenetakoa» izan zela adierazi zuen. «Elurteen eta eguraldiaren ondorioz, eskiak ez ziren nahiko genukeen adina irristatzen. Gainera, ez dut lortu talde bat erritmo onean joateko, bakarrik joan naiz tarte luzean, eta horrek pixka bat zaildu egiten du lasterketa. Oso pozik nago irabazi dudalako».

2026ko Marxa Beret probaren irteera
2026ko Marxa Beret probaren irteera. FOTOTUR

Distantzia luzeko FIS-Espainiako Txapelketa ere izan da aurtengo Marxa Beret, eta horretan Irati Cuadrado bera eta Lander Martin (Beorburu, Nafarroa, 2001) izan ziren irabazle, biak Irrintzi taldekoak. Martinek ere probaren gogortasuna aipatu zuen helmugaratu berritan. «Elurra egin du bart gauean, eta egunez ere bai, eta elur berria izateak zaildu egin du lasterketa. Hasieran ez naiz oso gustura aritu, baina lasterketak aurrera egin ahala hobera egin dut».

Euskal eskiatzaileei dagokienez, mailaz maila, ohorezko hainbat postu lortu zituzten euskal eskiatzaileek atzoko Marxa Bereten. 42 kilometroko proba nagusian, Master 1 kategorian, Igor Aranburu izan zen garaile, eta Harkaitz Labeaga hirugarren, biak Alpino Uzturre taldekoak. Master 2 kategorian, berriz, Erronkari taldeko Iñigo Aldaz izan zen irabazle.

Distantzia laburragoetan, 21 kilometroko proban, Maddalen Ruiz de Galarreta Uharte taldeko eskiatzailea hirugarren izan zen; June Aranburu Alpino Uzturrekoa, berriz, bosgarren, eta 18 urtez azpikoetan, bigarren. Peio Añarbe seigarren izan zen 20 kilometrokoan, eta 20 urtez azpikoetan, hirugarren. Izei Irigoien Erronkari taldekoa, berriz, zazpigarren izan zen orokorrean, eta hirugarren, 18 urtez azpikoetan.

Hamar kilometrokoan, Libe Curras Alpino Uzturre taldekoa izan zen irabazle nesketan. Mutiletan, berriz, Andde Elizburu (Ipar) bigarren izan zen, eta Asier Galetx (Erronkari), hirugarren.

2026ko Marxa Beret proba
Iraupen eskiaren festa bihurtzen da urtero Marxa Beret. FOTOTUR

Marxa Bereteko sailkapen guztiak esteka honetan.

Esprint distantziako probak, larunbatean

Bezperan, Esprint Iberdrola Saria jokatu zen Pla de Bereteko pistetan. Adin guztietako ehun partaide inguru lehiatu ziren 1,4 kilometroko zirkuituan, bizi-bizi. Maila nagusian, bi euskal eskiatzaile izan ziren irabazle: Irati Cuadrado bera nesketan, eta Peio Añarbe (Gasteiz, 2006), mutiletan. Finalean sartu ziren Maddalen Ruiz de Galarreta (bosgarren) eta Lander Martin (zazpigarren) ere.

Hamasei urtez azpikoetan, Libe Curras bigarren izan zen esprinteko proba horretan. Mutiletan, berriz, Asier Galetx hirugarren eta Andde Elizburu laugarren. 14 urtez azpiko gaztetxoetan, azkenik, Iradi Elvira (Irrintzi) bigarren izan zen nesketan, eta Inhar Rosado (Irrintzi), hirugarren mutiletan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.