Joxemi Saizar.

Itsasoa hemen hasten da

2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Itsasoa hemen hasten da. Hala diote azkenaldian herri askotako estoldetan jarritako txartelek, hondakinen inguruko kontzientziazio kanpainaren barruan. Esaldi bera jar daiteke Euskal Herriko mendi tontorretan ere; Urmugakoetan, eta gainontzekoetan. Izan ere, mendi puntetan sortzen dira itsasoak, bertan eroritako euri tanten bidez. Baina ez da tontorretan halakoak jartzeko premiarik, bestela ere nahikoa txartel badago-eta gailurretan, elkarteen buzoi eta hildakoen oroigarrien artean.

Tontorrez tontor eta mendatez mendate, aurrera doa Urmugaren ibilaldia, Euskal Herria mendebaletik ekialdera zeharkatzen. Altube, Barazar, Urkiola eta Arlaban pasatu dituzte azken egunetan mendizaleek. Bizkaia atzean utzi, eta Gipuzkoan barneratu ziren igandean. Urbiara iritsi ziren atzo, eta Otzaurtera iritsiko dira gaur, Gipuzkoa eta Araba artean ibiliz. Deba, Urola eta Oria ibaiak utzi dituzte ezkerraldean. Zadorra eskuinaldean. Urak bi aldeetara banatzen ari dira beren talaia bikainetik, itsasoa mendi horietan hasten dela gogora ekarriz.

Baina musika ere hemen hasten da, eta ostiralean izan zen Urmugako lehen kontzertu handia, Bizkaiko emanaldi nagusia, Otxandioko Mekoleta auzoko Presazelai pagadi paregabean. Halako emanaldi batek prestaketa lan handiak izaten ditu: bezperan oholtza muntatu, goizean goiz soinu ekipoa eraman eta instalatu, soinu probak egin, musikarien entseguak, kontzertua bera. Eta atzera dena jaso. Egun osoko lana. Ezkutuan gelditzen den izugarrizko lana, Urmugaren boluntario askori esker gauzatzen dena.

Musika protagonista

Askotarikoa izan zen ostiraleko kontzertua ere, Et Incarnatus orkestrak eskaini ohi duen modukoa. Orkestra bera oinarri hartuta, musikari eta kantari ugariren laguntzarekin osatu zuten saioa. Hari musikariek jendearen artetik oinez joaz hasi zuten emanaldia, eta ikus-entzuleen arreta bereganatu zuten hasieratik. Herri musikak eta folkak presentzia handia izan zuten, batez ere Joseba Tapiaren eta Xabier Leturiaren kantuen bidez: Aritmetika arazoak, Compostelako erromesa... Leturia bera aritu zen pieza horietan, Leire Leturia eta Kristina Aranzaberekin eta Iñaki Dieguezekin. Pepe Iantziren doinu batzuk ere jo zituzten, eta horiek lortu zuten entzuleak dantzan jartzea, tartean Urmugako mendizaleak ere bai, nahiz eta eguneko etapa luzearen ondoren hankak eta oinak nekatu samarrak izan guztiek ere.

Mikel Urdangarin musikariak ere protagonismoa izan zuen, bere kanta intimistekin, orkestrak dotore jantzirik. Eta Bixente Martinezek Oskorriren kantu batzuk ekarri zituen Presazelaiko pagadira —Bart ikusi dut euskara, Ostatuko neskatxaren koplak, Aita-semeak— berak moldatutakoak orkestrarako.

Jazzak ere izan zuen tartea ostiraleko kontzertuan, batez ere Baleen Lobak taldearekin, Gorka Benitez buru zutela, eta Carme Canela abeslariarekin. Kontzertuan parte hartu zuten musikari gehienak Kantauri aldekoak ziren, eta horin artean Mediterraneoko ukitu beroa ekarri zuen Canela kantari katalanak.

Hertzainak taldearen rock doinuak ere —Aitormena, 564— entzun ahal izan ziren Presazelain; izan ere,Josu Zabala taldekidea Mekoletakoa da, eta ikusleen artean zegoen, antolaketan laguntzeaz gain. Otxandioko txistulariek ere parte hartu zuten emanaldian, orkestrari lagunduz.

Atzo Arabako kontzertu nagusia egin zuten, Araian, eta orkestra ibiltariak nahikoa lan izango du aste honetan: bihar, Errenterian arituko dira (Gipuzkoa); etzi, Aralarko Aizpearron; ostiralean, Irulegin (Aranguren, Nafarroa); eta igandean, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Musika eta mendi festak ez du etenik.

KONTZERTUA, GAUR

Otzaurteko lepoan, 18:00etan. Bixente Martinez arituko da, Oskorriren haritik. Beunda aterpean edo inguruan izango da, doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.