Mendiko lasterketa ugari izan zen aurreko asteburuan. Nagusietako bat Camille Extreme entzutetsua izan zen (32 km, 2.044 m+), Izaban (Nafarroa);19. ekitaldia egin dute aurten. Emakumezkoetan, Irati Azkargorta Galarza iturmenditarra (Nafarroa) izan zen irabazle bigarren urtez jarraian. Iaz ezustekoa eman zuen Azkargortak, baina aurreko larunbatean inor ez zuen harritu Domusa Teknikeko korrikalariak, eta hasiera-hasieratik hartu zuen aurrea. Ez zuen urrun ibili Ainara Alcuaz, baina azkenean bi minutu eta erdiko aldearekin lortu zuen garaipena Azkargortak (3.48.06). Alcuaz bigarren izan zen, eta Larraitz Etxebeste hirugarren. Iñaki Otxoa de Olzaren omenez egiten den Ezkaurreko igoera kronometratuan ere Irati Azkargorta bera izan zen azkarrena (42.41).
Gizonezkoetan, Markel Urigoitia otxandiarra (Bizkaia) izan zen garaile. Zegama-Aizkorri maratoian argi erakutsi zuen sasoi onean dagoela, eta Izaban ere Belabartzerako bideari heldu orduko hartu zuen aurrea. Ezkaurrerako igoeran areagotu egin zuen aldea –harena izan zen igoera azkarrena ere (34.15)–, eta eremurik malkartsuenean, beheranzkoan, alde hori ondo kudeatzen jakin zuen. Hiru ordu pasatxoan (3.07.39) heldu zen Urigoitia Izabako Erminea frontoiaren kanpoaldera. Bigarren Asier Labairu iruindarra izan zen, eta hirugarren, Andres Roncal atarrabiarra.
Kortazar eta Unamuno, Ardibidepikua Bertikalean
Cannelle Trail lasterketa motzean (13 km, 900m+), Ireder Angulo (1.36.09) eta Kevin Alves izan ziren garaile. Ostiral arratsaldean, berriz, IV. Ardibidepikua Bertikala (3,2 km, 800m+) jokatu zen Izaban bertan. Emakumezkoetan, Oihana Kortazar elgetarra (Gipuzkoa) izan zen azkarrena (40.43), Nerea Urteagaren (43.03) eta Maria Irigoien de Mendizabalen (43.35) aurretik. Gizonezkoetan, berriz, Aritz Unamuno bergararra izan zen irabazle (36.01), Ibon Badiola bigarren (36.08), eta Ruben Moreno hirugarren (36.58).
Camille eta Canelle lasterketak hasi aurretik, antolakuntzak norbait omentzeko ohitura du, eta aurten Maitane Melero Lacasia atletari egin diote ohore, familiaren aldetik Erronkarirekin beti izan duen loturagatik.
Camille Extreme probako sailkapen guztiak.
Sarah Ugarte eta Aitor Blanco T3T proban
Ostiral gaueko euriteek uholdeak eragin zituzten Tolosaldean, eta mendian eta errepideetan izandako kalteek eta luiziek izugarri baldintzatu zituzten Tolosaldeko T3T eta T2T probak. Antolakuntzak, azkenean, aurrera egitea erabaki zuen, baina ezinbestean murriztu egin behar izan zituzten ibilbideak, Elduain eta Erroizpe aldeko segurtasuna eta anoa guneak ezin baitziren bermatu. Hala, Tolosaldeko 3 Tontorrak proba bi tontorretara eta 30 kilometrora murriztuta geratu zen, eta T2T proba, berriz, 13 kilometro eskasera –partaideak Uzturrera igo ziren alde batetik, eta bestetik jaitsi–. Igandean, gainera, euri langar etengabea izan zen, eta batez ere jaitsierak kontuz ibiltzeko modukoak ziren.
Sarah Ugarte donostiar tolosartua (Gipuzkoa) eta Aitor Blanco iruindarra (Nafarroa) izan ziren garaile Tolosaldeko 3 Tontorrak (T3T) maratoian. Ugartek bigarrenez irabazi zuen T3T lasterketa, alde nabarmenarekin irabazi ere (3.23.47). Bigarren Ane Mendizabal zarauztarra (Gipuzkoa) izan zen (3.42.36), eta hirugarren, Leire Olazabal debarra (Gipuzkoa) (3.49.45).
Gizonezkoetan, Aitor Blancok 2 ordu, 42 minutu eta 39 segundo behar izan zituen Hernio eta Uzturreko gailurrak jo eta ibilbidea osatzeko. Ander Amonarriz hernaniarrak (2.44.00) eta Imanol Kañamares berriozartarrak (2.48.40) osatu zuten podiuma.

T2T probari dagokionez, Gontzal Murgoitio elorriarra (Bizkaia) izan zen azkarrena (51.44), bai Uzturreko igoeran eta bai jaitsieran. Goranzkoan, Axier Artola amezketarra (Gipuzkoa) iritsi zen bigarren Uzturre gailurrera, baina jaitsieran aurre hartu zion Hassan Ait Chaou billabonatarrak (53.22) eta Artola hirugarren izan zen azkenean (53.51).
Emakumezkoetan, Estel Roig kataluniarrak jantzi zuen txapela (59.59). Bigarren Ainhoa Garikano herriko alabak egin zuen (1.03.25), eta Oihana Zubillaga anoetarra izan zen hirugarren (1.06.04).
T1T lasterketa ere egin zen lehenengoz, Uzturreko igoerarekin. Aurten, halabeharrez, ibilbide berean egin behar izan dira T1T eta T2T. Tolosako bertako (Gipuzkoa) Nahia Obeso (1.23.19) eta Itsasoko (Gipuzkoa) Eneko Lizardi (1.04.03) gaztetxoak izan dira lehen txapeldunak lasterketa motzean.
T3T, T2T eta T1T probetako sailkapenak, lasterketaren webgunean.
Kosta Trail
Kosta Trail proba (21 km) ere jokatu zen aurreko igandean Sopelan, Bizkaiko kostaldearen ere eguraldia kaskarra zela. Euriak, atergabe, erabat lokaztu zuen ibilbidea, eta partaideek ohi baino baldintza gogorragoei egin behar izan zieten aurre. Kosta Trail egutegiko proba berezienetako bat da, bai ibilbideagatik eta bai izaeragatik. Maratoi erdiarekin batera, mendi martxa (20 km) eta familia ibilaldia (7 km) ere egiten dira; izan ere, elkartasunezko proba bat da, eta izen emateen bidez bildutako diruaren zati bat Gaituz Sport fundaziorako erabiltzen da, EAEn ezgaitasuna dutenen inklusioan laguntzeko. Aurreko ekitaldian, Kosta Trailek 13.700 euro bildu zituen fundazio horretarako.
Gainera, antolakuntzak jasangarritasunaren aldeko apustua indartu du, plastikoen erabilera mugatuz, seinale biodegradagarriak erabiliz eta parte hartzaileen artean autosufizientzia sustatuz.

Kirol ikuspegiari dagokionez, maratoi erdian, Sara Gutierrez gasteiztarra (01.47.22) eta Aaron Alonso sopeloztarra (Bizkaia) (01.35.58) gailendu ziren. Emakumezkoetan, Sara Garcia (01.50.09) eta Amagoia Legarra (01.57.50) izan ziren bigarren eta hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Jon Pascual (01.36.13) eta Joseba Urbano (01.36.32).
Pol Makuri atleta paralinpiarra partaideen artean zen igandean ere. Iaz, desgaitasunen bat duen lehen kirolaria izan zen Kosta Trail osatzen, eta aurten ere 61. postuan helmugaratu da (02.02.37), baina, baldintzak zirela medio, ez da gai izan iazko denbora hobetzeko.
Sailkapen guztiak, probaren webgunean.
Bertikalen Espainiako Txapelketan hainbat domina
Lasterketa bertikalen Espainiako Txapelketa ere jokatu zen joan den asteburuan Villanuan (Aragoi, Espainia), Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) antolatuta. Collaradako 2KV lasterketak hartu zuen txapelketa, eta bertan bildu ziren diziplinako hainbat espezialista. Collaradako igoera, berez, goranzko 2.000 metroko desnibeleko bertikala da –hortik 2KV izena–, baina aurten bikoa beharrean kilometro bakarreko desnibela osatu behar izan zuten partaideek, Collarada mendian elur asko pilatu delako neguan, eta baldintzak ez zirelako egokienak korrikarako. Hala, 5 kilometroko distantzian 1.000 metroko desnibela gainditu behar izan zuten korrikalariek. Guztira 320 lasterkari lehiatu ziren, eta 14 selekzio.

Maila nagusian, emakumezkoetan, Onditz Iturbe igorreztarra (Bizkaia) bigarren izan zen Laia Montoyaren atzetik. Gizonezkoetan, berriz, Paul Ormaetxeak meritu handiko hirugarren postua lortu zuen, Fabian Venero eta Iu Net gaztearen atzetik. Taldeka, euskal selekzioak zilarra eskuratu zuen hala emakumezkoetan nola gizonezkoetan.
Promesen mailan, mutiletan, podiumik ez, baina lau euskal korrikalari lehen hamarren artean sartu ziren: Aitor Ugarte (4), Ibai Angulo (6), Ibon Badiola (7) eta Ibai Cebrian (9). Postu horiei esker, taldeka urrea lortu zuen euskal selekzioak. Juniorretan, Alluitz de Bilbao laugarren izan zen, eta gazteetan, Pello Ziarsolo zortzigarren izan zen.