Juan Vallejo Llanos. Alpinista

«Jendea konturatzen hasi da zortzimilakoena ez dela beste munduko ezer»

Ez da Euskal Herriko alpinista ezagunenetakoa, horretarako merituak egin dituen arren. Sokalagunek, baina, asko estimatzen dute. Berarentzat ere adiskidetasuna oso garrantzitsua da espedizioak antolatzeko orduan. Chamlang igo berri du.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Gasteiz
2015eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Egun gutxi dira Nepaldik itzuli dela, Alberto Iñurrategirekin eta Mikel Zabalzarekin Chamlang (7.139 metro) igo eta gero. Ezpainek agerian uzten dute han pasatutako berrogei egunen arrastoa. Aurpegi koloretsuarekin, irribarreak erakusten du bete berri duten helburuaren neurria. Mendizale askok hura nahiko lukete bizkartzain unerik zailenetan.

Hasteko, zorionak. Gailurreraigo eta gero esan zenuten igoeran gaizki pasatu zenutela, hotzarengatik. Zein neurritaraino?

Hotzarekin baino gehiago, haizearekin izan genituen arazorik handienak. Guk hartutako bidean haizea izaten da arazo nagusia udazkenaren amaieran eta neguaren hasieran. Gainera, ertza hain zorrotza izanik, beste espedizioetan baino eragin handiagoa izan du haizeak.

Eta hainbesteko haizea iragarrita zegoela ikusita, nolatan abiatu zineten tontorrera?

Haizeari aurrea hartzen saiatu ginen. Bagenekien asteartean eta asteazkenean haizea indartu egingo zela, eta horregatik mendiaren magala eguraldi txarrarekin eskalatuko genuela. Gure asmoa tontorrera bi egun lehenago igotzea zen, haizeak ahalik eta gutxien zigortzeko. Hala ere, eguraldiaren iragarpena hobea baldin bazen ere, haizeak gogotik jo zuen tontorraren egunean [urriaren 19an, astelehena, igo zuten].

Zein izan dira Chamlangeko igoeraren zailtasun teknikoak?

Tontorrera igotzeko aukeratu genuen modua, alpetar estiloan egitea erabaki genuelako. Horrek behartu egiten zaitu zama guztia gainean eramatera. Beheko kanpalekutik hogei kilo baino gehiagorekin irten ginen, eta askotan hori da zailtasunik handiena. Horretaz gain, Chamlangeko ertza oso zorrotza da. Metro bat zabal da, eta mila metroko malda du alde bakoitzean. Teknikoki, ez da mendi oso zaila, baina kontzentrazio asko eskatzen du.

Zuek, hala ere, eskarmentu handiko alpinistak zarete, oso seguruak.

Gauzak ondo egiten saiatzen gara beti, eta kontu askorekin ibiltzen gara; baina mendian ezin da akatsik egin. Ertza oso zaila den arren, malgutasun pixka bat ere badu, betiere beste aldean gelditzeko aukera ematen baitu. Horrek ere segurtasuna eskaintzen du. Hirurok lotuta joaten gara, eta badakigu baten batek huts eginez gero, besteen babesa izango duela.

Espedizio hau ezberdina izan al da Paiju Peakekoarekin alderatuta?

Ezin dira biak parekatu. Oso-oso ezberdinak dira. Paijukoa arrokan eskalatu beharrekoa zen, oso teknikoa eta zailtasun handikoa;Chamlangekoa, berriz, izotzeko eskalada bat zen. Alderaketak egitea oso zaila da. Paijun hamaika egunetan izugarrizko egurra hartu genuen; hemen, ordea, egun gutxiago izan dira. Ahalegin handiagoa, baina egun gutxiagotan eta kontzentrazio handiagoarekin.

Azken espedizioetan, ez duzue aurretik esan izan zein bidetik ekingo diozuen tontorrari. Zergatik?

Oso mendi ezezagunak dira, urte askoan inork igo ez dituenak. Ez dago informazio zehatzik. Gainera, hilabete lehenago gure lehen helburua aldatu behar izan genuen. Berez, Meluntse mendira (7.181 metro) joatea zen gure asmoa, baina arazo batzuk izan zirela medio, aldatu beharra izan genuen. Oso denbora gutxi geneukan, eta aurretik Chamlang ere begiz jota genuen.

Nuptse, Paiju Peak, Chamlang... ez dira zortzimilakoak. Espedizio horiek merezi duten estimazioa al daukate jendearen aldetik? Zailtasunagatik, konpromisoagatik, berrikuntzagatik...

Orain urte batzuk, ez; orain ordea, nik uste dut baietz. Jendea konturatzen hasia da zortzimilakoena ez dela beste munduko ezer. Hala ere, norbait K2 mendira joan eta bide berri batetik igota itzultzen bada, txapela kentzeko modukoa da. Nik, ordea, beti pentsatu izan dut gauza bera egin daitekeela zazpimilako mendi batean. Ikusi besterik ez dago, azken urteetan eman dituzten sarien zerrendetan, zortzimilako gutxi dagoela tartean. Jendeak gauza berriak egin nahi ditu: bide berriak, ertz ezberdinak…

Beste alpinista batzuekin hitz egin eta gero, esan didate zuek osatzen duzuen hirukotea munduko onenetarikoa dela. Hala al da?

Kar-kar. Ez da egia. Gure sekretua da hirurok mendia antzeko begiekin ikusten dugula. Hiruroi antzeko gauzak gustatzen zaizkigu, antzera eskalatzen dugu, eta horixe da guri gustatzen zaiguna. Gure artean oso harreman estua daukagu. Duela urte asko elkar ezagutzen dugu, eta horrek ere zerikusi handia du. Bakoitzak ditu bere ezaugarriak, baina argi dago hirurok elkarlanean oso talde indartsua osatzen dugula.

Zure sokalagunez hitz egin nahiko nuke. Nola deskribatuko zenuke Alberto Iñurrategi?

Tipo oso metodikoa da, hiruretan metodikoena, dudarik gabe. Oso gustuko du entrenatzea, eta gauzak oso serio hartzen ditu. Horrez gain, izugarrizko ahalmen fisikoa dauka, normalaren oso goitik. Altuerara bikain egokitzen da, nik inoiz ez dut ezagutu horrelakorik! Ikusgarria da altueran ibiltzeko duen erraztasuna.

Eta Mikel Zabalza?

Mikel teknikoagoa da, eskalatzaileagoa. Eskola zaharrekoa. Ez du entrenatzen, eskalatu bakarrik egiten du. Oso ezberdinak dira biak. Baina, azkenean, mendiarekiko dugun begirunea oso antzekoa da.

Orain artean, oso talde ona osatu duzue. Inoiz pentsatu al duzu hirukotea utzi eta beste sokalagun batzuekin espedizio bat egitea ala ezinezkoa iruditzen al zaizu?

Asko baloratzen dut adiskidetasuna. Munduko alpinista onenarekin joanda ere, ez badaukazu harreman onik, horrek ez du ezertarako balio. Nahiago dut hain ondo ibiltzen ez den batekin joatea, berarekin daukadan harremana ona baldin bada. Aukerak izan ditugu, baina nik behintzat, aspaldi honetan, ez dut inoiz pentsatu ere egin beste sokalagun batzuekin joatea.

Cho Oyu da zuen hurrengo erronka, ezta?

WOPeak proiektuaren asmoa hori da, baina oraindik zalantza batzuk baditugu. Argi daukaguna da hurrengoa zortzimilako bat izango dela.

Zortzimilakoetara bueltatuko zarete berriro. Zer bilatzen duzue?

Zerbait polita eta interesgarria egitea: bide berri bat egitea edo egindako bide bat errepikatzea, baina beste modu batean. Hala ere, oso zaila da zortzimilakoetan bide berri bat aurkitzea.

Bistan da azken urteetan geroz eta espedizio gutxiago egiten direla. Zergatik?

Krisi ekonomikoak zerikusi handia du. Lehen, oso erraz irteten ginen espedizioetara; gaur egun, ordea, ez dago dirurik. Oso garestia da eta jendea ez dago prest. Gazteek nahiago dute hainbeste ez ordaintzea eta gauza berriak egitea, esaterako, Alpeetan.

Alex Txikon laster abiatuko da berriro Nanga Parbatera, neguko lehen igoera lortzeko asmoz. Iaz ia lortu zuen. Txikonek lortuz gero, zer neurritako lorpena litzateke?

Ez naiz neguko espedizioen zalea. Ez zaizkit naturalak iruditzen. Alpinista gisa, ez naute asetzen. Udako espedizioetatik negukoetara dagoen aldea hotza da, ez besterik. Nik nahigo ditu udako espedizioak, baina bide berriak jorratuta. Meritu gehiago aitortzen diot berrikuntzari. Neguan egitearen muina ezustekoa egitea da. Hori bai, norbaitek lehen aldiz igotzen baldin badu, ez da beste inor itzuliko. Beste mendi batzuetan hori gertatu da.

Espedizioak egiten dituzuen alpinistak ikusita, gehienok beteranoak zarete. Izango al duzue ordezko belaunaldirik Euskal Herrian?

Helburuak aldatu egin dira. Orain urte batzuk, guztiok amesten genuen Himalayarekin. Diruak ere eragin handia dauka. Lehen, Euskal Herrian espedizio asko antolatzen ziren urtero: dirua zegoen, burbuila batean bizi ginen, eta jendeak Himalayan besterik ez zuen pentsatzen. Bazirudien hara joaten ez bazinen, ez zinela alpinista. Euskal Herrian mendizale on asko dago, baina gauzak asko aldatu dira.

Zer-nolako prestakuntza egiten duzu espedizioetarako?

Ez ditut buru-belarri prestatzen. Zorionez, azken urteotan mendia bihurtu dut bizibide, eta denbora asko daukat mendian jarduera askotarikoak egiteko: eskalatu, eskiatu edo mendian ibili. Horretan aritzen naiz urte osoan. Hala ere, helburuaren arabera jokatzen dut. Hilabete lehenago, mendia nolakoa den ikusita, korrika gehiago egitea, besteetan gehiago eskalatzea…

23 urterekin egin zenuen lehen espedizioa, Everestera. Ordutik zenbat aldatu da espedizioen mundua?

Asko aldatu da, baina ez hainbeste. Garai haietan ere hiru mendik asetzen zuten jendearen grina, eta orduan ere masifikazio handiak izaten ziren. Gai horretan, okerrera egin dugu, hala ere. Bestalde, bai orduan eta bai gaur egun, aukera daukazu beheko kanpalekuetan bakarrik egoteko, mendi edota bide ezezagunetan. Everesten edo Cho Oyun, esaterako, bakarrik egon zaitezke oraindik ere, bide arruntetan ibiltzen ez bazara.

Nolakoa da Juan Vallejoren egun arrunt bat Gasteizen dagoenean?

Goiz jaikitzen naiz eta umeak ikastolara eraman eta gero, hor amaitzen ditut betebeharrak, kar-kar. Eguraldia ona bada, askotan eskalatzera joaten naiz; neguan, berriz, Pirinioetara edo Alpeetara. Nire bizimodua mendiari lotuta dago. Egunero egiten dut zerbait: eskalatu, korrika, bizikleta... Nire lana entrenatzea da.

BAT Basque Team-eko kideak al zarete? Zer-nolako laguntza jasotzen duzue haiengandik?

Bertan dauden kirolarien moduan, beka bat jasotzen dugu. Urtero proiektu bat aurkezten dugu,eta horren arabera onartzen digute diru laguntza. Oraindik hor jarraitzen dugu, ea beste urte batzuetan ere jarraitzeko aukera dugun!

Non ikusten du Juan Vallejok bere burua hemendik hamar urtera?

Niri ere gustatuko litzaidake jakitea. Suhiltzaile lanetara itzuliko naiz, ziurrenik. Horrela segitzea gustatuko litzaidake, baina oso zaila da. Batetik eta bestetik aurrera goaz, baina hau ez da betiko. Hala ere, beti jarraituko dut mendira joaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.