Juan Mari Feliu Dord (Iruñea, 1942-2026) mendizale, idazle, dibulgatzaile eta politikaria hil da, Nafarroako mendizaletasun modernoaren aitzindarietako bat. Nafarroako Mendizale Federazioaren buru izan zen bi alditan —1985etik 1989ra eta 1998tik 2001era—, eta gaur egun Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarreko kidea zen. Pirinioen bi aldeetako federazio eta mendi taldeak koordinatu zituen 1987 eta 2004 artean, eta bere denboran lan eskerga egin zuen Euskal Herriko mendi federazioei eta mendizaletasunari baturik eusteko.
Aita kataluniarra zuen, Manresan ERCko zinegotzi izandakoa. Feliuren aitak Frantziako kontzentrazio esparru batean zegoela ezagutu zuen emaztea izango zuena, Andorrako igarobidean. Beraz, feliutarrei familiatik zetorkien politikarako kezka.
Feliu oso gazterik hasi zen mendian, Oberena mendi taldean hain zuzen, Marcos anaia nagusiarekin batera, eta, gero, Nafarroa kirol elkartera bildu zen. 1950eko hamarkadarako Pirinioetako mendietan zebilen, Pirinioetara joatea hain erraza ez zen garaietan. 1966an, San Martingo leizeko munduko sakontasun errekorrean parte hartu zuen. 1967an, berriz, euskal mendizaleek Andeetara eginiko espedizio entzutetsuan izan zen, Juan Ignacio Lorente, Pako Lusarreta, Angel Vallejo Rosen, Rodolfo Kirch, Angel Landa eta Luis Mari Saenz de Olazagoitiarekin batera. Aurrez inork igo gabeko hiru gailur zapaldu zituzten Peruko Andeetako Condor mendigunean, besteak beste, Atunraju (5.987 m), garai hartan bi Ameriketan igo gabe geratzen ziren mendietan altuena. Mendizaleak Andeetatik itzuli zirenean, ordea, Peruko tontorretan ikurrina haizatu zutelako berria zabaldu, eta atxilotu egin zituzten espedizioko kideetako batzuk, Feliu bera tartean.

Politikan, EAJko militantea izan zen, eta Napar Buru Batzarreko kidea klandestinitatean. Militantzia politikoagatik kartzelatu ere egin zuten; 1970ean, Ipar Euskal Herrira jo zuen, eta sei urte egin zituen han bizitzen. 1980ko hamarkadan Nafarroara itzuli, eta mendizaletasunari eta dibulgazioari ekin zien berriro. Azken urteetan Uharten bizi zen, eta hango zinegotzi izan zen hainbat legealditan, EAJren izenean hasieran, EArekin gero, eta EH Bilduko ordezkari gisa azken agintaldietan.
Ipar Euskal Herrian zaletu zen mendi ibilaldiak egitera, eta, handik bueltan, lan handia egin zuen Nafarroako zidor eta bideak berreskuratzen eta liburu eta giden bidez haien berri ematen. 1992tik 2005era bitarte, trekking edo mendi ibilaldien arloaren zuzendari izan zen Espainiako Mendi Kiroletako eta Eskaladako Federazioan, eta 2004tik 2011ra, berriz, Europako Trekking Elkarteko presidenteorde.
Mendiko liburuak ere ugari idatzi eta eman zituen argitara, ia 50 titulu guztira. 2019ko ekainean, Nafarroako Artxibo Garaikidearen esku utzi zituen bere hainbat liburu, argazki eta dokumentu. Dohaintza hori beste bi fasetan osatu zuen, 2020an eta 2021ean. 2010eko hamarkadatik gaurdaino ere, memoria historikoari, Pirinioetako bizimoduari eta bizipen pertsonalei buruzko testuak eta hitzaldiak egiten ibili da, eta arrasto sakona utzi du Euskal Herriko mendizaletasunean, kulturan eta politikan.