Mendia. Espedizioak

Karakorum ezohikoa, ate-joka

Himalayako udaberriak Karakorumeko udako denboraldiari egingo dio tarte datozen asteetan; espedizio kopuruak behera egin du, baina mendizaleen asmo eta erronken mailak gora.

2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berezia dator udako denboraldia Karakorumen, ezohikoa. Zortzimila metrotik gora zutitzen diren hamalau mendietatik bost biltzen ditu mendikateak, eta mendi horietako bide arruntak izaten dira mendizale eta espedizio gehienen jomuga. Aurten, hein handi batean, ez da halakorik gertatuko. Asko dira mendi apalagoetara joango diren espedizio txiki eta arinak, eta zortzimilakoak helburu jarri dituzten hainbat talde ere bide arruntetatik kanpoko erronkak osatzen saiatuko dira.

Azken urteetan behera egin du Karakorumera joaten den espedizio kopuruak, eta aurtengoa ez da salbuespena. Arrazoi bat baino gehiago dago jaitsiera hori azaltzeko. Bazterrak nahasten ari den krisialdi ekonomikoak zaildu egiten du espedizio gehienek diru iturri dituzten babesleak bilatzea. Baina badira beste bi faktore ere: Pakistan astintzen duen ezegonkortasun politikoa eta azken urteetako eguraldi trakets eta ezegonkorrak. Mendietara hurbiltzeko azpiegiturak zerikusi gutxi du Nepalgoarekin, eta beheko kanpalekuetara iristeko zeharkaldiak abentura dira Pakistanen.

Euskal Herriko hainbat mendizalek jarri dituzte begiak Karakorumen. Hara bidean abentura berezian abiatu zen Alex Txikon ipurterrea; furgonetan lotu asmo dituzte Txikonek, Ernesto Ezpeleta Bihurri-k, Xabier Errok eta haiekin joandako Bideografik ekoiztetxeko bi kidek Gernika eta Pakistango Skardu herriak, bidean aizkora erakustaldiak eginda. Ekimen bitxi eta berezia. Atzo iritsi nahi zuten Islamabad hiriburura, eta han atseden hartu ondoren jarraituko dute Skardura.

Bigarren urratsa izango du aurretik han Txikonek. Helburu handia, handiegia, akaso: K2 mendia (8.611) ekialdeko horman beste bide irekita igotzea. Neguan Gasherbrum I-era joandako mendizaleak izango dira orain ere elkarrekin: Txikon, Gerfried Goschl eta Louis Rousseau, ABC Taldea deitu dutena (Austria, Basque Country, Canada). Estilo alpinoan eta talde txikian doaz erronka handiaren bila.

K2ra joan aurretik, G-I mendian (8.068) girotuko dira altuerara. Horretan, Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo izango dituzte sokalagun. Tamayok G-I falta du, hain zuzen, Karakorumeko bost zortzimilakoak igotzeko, eta Tamayok hori lortzea pizgarri dute mendizaleek.

K2 mendiaren ipar aurpegian eskarmentu handiko mendizaleak elkartuko dira. Gerlinde Kaltenbrunner eta Ralf Dujmovits senar-emazteak Maxut Zhumayev eta Vassiliy Pivtsov kazakhstandarrekin joango dira, esaterako. Hegoaldeko Abruzzos bide arruntetik bi espedizio saiatuko dira, eta haietako bateko kide da Christian Stangl. Austriako mendizalea ezagun egin zen iaz K2 igo zuela esan eta gezurretan aritu zelako. Stanglek berak onartu zuen egiari bizkar eman izana, eta irudia garbitzeko asmoz itzuliko da orain.

Gasherbrum mendi bikiak izaten dira jendetsuenak, G-IIa batez ere. Azken urteetan mendi haietan izandako baldintza txarrek eraginda akaso, aurten ez da aparteko mugimendurik izango.

Nanga Parbatek (8.126) hartuko du aurten espedizio gehien, bederatzi guztira —baimena dutenak aintzat hartuta—. Mendi biluztua esaten diote Nangari, inguruan ez baitu itzal egingo dionbeste mendirik. Aurtengo udan nekez ezkutatuko dizkie mendizaleei bere barrenak. Hara joango dira, besteak beste, Alberto Zerain, Juan Carlos Arrieta Txingu eta Miguel Angel Vicente. Baimena partekatu dute hirurek, eta mendebaldeko horma gainditzen duen Kinshofer bidetik igotzeko saioa egin asmo dute, mendiaren ohiko bidetik. Zerainek eta Txinguk badute, ordea, bigarren asmo bat bolo-bolo, asmo potoloa inondik ere: Mazeno ertzaren zeharkaldia bukatzea.

Mendi horretara joateko baimen zerrendan dago Juanito Oiarzabal ere, baina ikuskizun dago Lhotsek utzi dizkion arrastoetatik osatu eta zer erabakitzen duen.

Broad Peakera (8.047) ere joango da euskal mendizalerik. Iñaki Barrio eta Uxue Murolas estreinakoz joango dira zortzimilako mendi batera, eta haiekin aspaldiko urteetan Iruñean bizi den Javier Camacho mendizale eta argazkilariak osatuko du taldea.

Altuera apalagoan zalaparta

Zortzimila metrora iritsi ez arren, zailtasun maila handiagoko eta gerturatze bihurri eta nekeza duten mendi apalagoetan ere izango da zalaparta. Spantik izaten da jomuga ohikoetako bat uztailean eta abuztuan, baina hara joango direnez gain badira beste espedizio interesgarri batzuk. Ekialdeko Pumari Chhis mendian beste bide bat irekitzeko asmoa dute Doug Chabot, Steven Su eta Bruce Miller estatubatuarrek, eta asmo berarekin joango dira Muchu Chhish mendira Peter Thompson, Jason Lee Bailey, Timothy Oates eta Philip de Beger britainiarrak.

Latok-I mendi dotorean izango da zalaparta. Ezaugarri desberdinak dituzten mendizaleen bilgunea izango da Karakorumeko zazpimilako mendi dotorea. Fabricio Zangrilli eta Kinga Baranowska, Eli Revol, Dodo Kopold eta Ermanno Salvaterra elkartuko dira, besteak beste, Latok-I mendian. Alexander Odintsov eta haren jirabiran hauspotutako Errusiako Horma Handietako taldea, berriz, Latok-III mendian beste bide bat irekitzen saiatuko dira, berriz ere. Errusiako alpinistek ohitura dutenez, talde handi eta astuna osatuko dute, eta azken bi urteetan egindako ahalegin hutsalen arantza ateratzen saiatuko dira; elur-jausi batek hiru eskalatzaile zauritu zituen lehenengo ekinaldian, eta, bigarrenean, mendizale bat hil zen, istripuan. Hirugarrena ote balekoa?

Ogro mendiak ere izango du bisitari sonaturik; Colin Haley eta Bjorn-Eivind Artun G-IV edo Ogroan gora saiatzekoak dira. Japoniako mendizale talde bat, berriz, Utar II edo Rainer Treppte mendira abiatuko da. Guztiak saiatuko dira Karakorumen arrastoa uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.