Kezka eta ezinegona da nagusi Gasherbrum I mendian (8.080 metro). Hidden Peak 2013 espedizioko lau mendizale arriskuan dira, hiru bereziki, galduta baitaude astelehenetik. Alvaro Perez espainiarra, Abel Alonso galiziarra eta Xevi Gomez kataluniarra dira galduta dauden hiru mendizaleak. Hirurak gailurrera igo ziren joan zen igandean, baina, eguraldi aldaketaren ondorioz, galdu egin ziren beherako bidean. Azken hartu-emana 7.400 metrora izan zuten, satelitez. Haizeak gogor jotzen zuela eta babesa hartu beharrean zirela esan zuten, bibak eginez, alegia. Ordutik ez dago haien berririk. «Ez dugu ezer galdutzat ematen. Eskarmentu handikoak dira, eta ondo hornituta daude. Itxaropena dugu», aitortu du Javier Garridok, Aragon Aventura agentziko arduradunak.
Haiekin batera igo ziren gailurrerantz David Lopez eta Alfredo Garcia mendizale espainiarrak, baina ez bata ez bestea ez zen tontorrera iritsi. Ehun metroren faltan, atzera egin behar izan zuten biek. Lopez astelehenean iritsi zen lehen kanpalekura, eta ondo dago. Garcia, ordea, ez da oraindik ailegatu. Elurte batek harrapatu zuen, eta hirugarren kanpalekura iristea lortu zuen. Senitartekoekin hitz egin du, eta «ondo» dagoela esan die. Janaria ere badu, eta gasa berotzeko. Garcia zain dago erreskate taldea harengana irits dadin. Ondo bidean, gaur espero du bigarren kanpalekura iristea, eguraldi hobea espero baita inguruan.
Garcia eta Mendia, erreskatean
Bi euskal mendizale ari dira erreskate lanetan: Pedro Garcia ordiziarra eta Arkaitz Mendia lazkaotarra. Biak Hidden Peak 2013 espedizioko kideak dira, baina urdaileko arazoak direla eta, kanpalekuan geratu ziren, tontorrerantz abiatu gabe. Haien senitartekoek BERRIAren Ibilkari kanalari aitortu diotenez, astelehenean hitz egin zuten azken aldiz haiekin. Izan ere, bi sateliterekin ari dira erreskate lanak koordinatzen, eta lanak ez oztopatzeko harreman gehiago ez izatea erabaki dute senideek. Pedro Garcia bigarren eta hirugarren kanpalekuen artean dago, bi xerparekin batera. Mendia, berriz, hirugarren kanpalekuaren eta japoniarren korridorea-ren artean dago, beste espediziokide batzuekin batera.
Kezka Gasherbrum I-en
Hidden Peak 2013 espedizioko hiru mendizale galduta daude joan zen astelehenetik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu