Kirola maite dutenen azoka

Hitzaldiak, proiekzioak, ekintzak eta bigarren eskuko gauzen azoka izango dira Mendiexpo eta Sportjam azoketan

Hainbat ekintzatan parte hartzeko aukeraz gain, mendiko materiala eta arropa eskuratzeko aukera izango da asteburuan Ficoban  . JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Irun
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kirola atsegin dutenek badute zer egina asteburuan. Mendiexpo eta Sportjam outdoor kirolen eta ekintza kirolen azokak izango dira Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa): hitzaldiak, proiekzioak eta bestelako jarduerak egingo dituzte. Bi egunetan, bigarren eskuko mendiko materialen azoka ere izango da.

Orain arte, bakoitza bere aldetik antolatu izan dituzte bi azoka horiek, Ficoban bertan. Aurten, berriz, biak batera egitea erabaki dute, duten izaeragatik. Horrela, eskaintza zabalagoa eta osatuagoa eskaini nahi dute. Hala ere, bakoitzak bere lekua izango du, bakoitzak bere pabiloia.

Ohi bezala, erakusmahaiak egongo dira bi espazioetan. Mendiexporenean, batez ere, naturarekin lotutako jarduerak bultzatzen dituzten turismo agentzienak izango dira: besteak beste, Pirinioetako eski estazio, mendi giden eta abentura jarduerenak.

Autokarabanei buruzko eremua ere prestatu dute. Sorbeltz autokarabana erabiltzaileen euskal klubak hitzaldi bat emango du, autokarabanan bidaia bat planifikatzeko orduan jakin beharrekoak azaltzeko. Larunbatean izango da, 12:00etan.

Carlos Suarez BASE jauzilariak Morir por la cima liburua aurkeztuko du larunbatean, auditoriumean, 16:30ean.

Ibilbideak egitasmoko kideek ere hitzaldi bat emango dute, igandean, 15:30ean. Motordunak ez diren kirol ibiltariak sustatzeko asmoz sortutako egitasmoa da Ibilbideak. Pertsonek eta kolektiboek osatzen dute, eta helburua komunitate bat sortzea da; Internet eta sakelako gailuak erabiltzen dituzte norberaren esperientziak banatzeko.

Sportjamgo espazioan, berriz, surf, skate, snowboard eta mikropatinen ingurukoak jarriko dituzte. Hala ere, ekintzak izango dira nagusi eremu horretan. Bi igerileku izango ditu: batean, urpean igeri egiten ikasteko aukera izango da, eta, bestean, arraun baten laguntzaz surfeko taula gainean zutik kirola praktikatzeko aukera izango da. Igerileku txikiagoan, skatefingers kirolaren uretako moldalitatea probatzeko aukera egongo da. Horrez gain, patinatzaile guztientzako skate parke bat ere erabilgarri izango da.

Banff Mendi Zinemaldia

Iaz bezala, aurten ere Banff Mendi Zinemaldia egingo dute. Igandean izango da, goizeko eta arratsaldeko bi saiotan banatuta.

Banff hirian (Kanada) 1976az geroztik urtero antolatzen dute Banffeko Mendi Zinemaldia. Urtero, jaialdian parte hartu duten film labur onenak aukeratu, eta munduan zehar ematen dituzte —gaur egun, guztira, 32 herrialdetara iristen da—.

Guztira, hamahiru film labur izango dira; jatorrizko bertsioan emango dituzte, gaztelaniazko azpidatziekin. Besteak beste, mendizaletasuna, eskalada eta piraguismoari buruzko filmak izango dira. Horietako bat Grand libre au grand cap izango da, Arnaud Petit eta Stephanie Bodet protagonista dituena. Biek aurkeztuko dute filma, eta emanaldiaren ostean, publikoaren galderei erantzungo diete.

Mendietako Herrien Kulturen jaialdia da MendiART, eta aurten lehenengo aldiz antolatu dute. Izenak dioen bezala, helburua mendietan dauden herrien kulturak ezagutaraztea da. Aurtengo gonbidatua Aragoiko Pirinioak dira.

Fernando Blasco TuHuesca elkarteko zuzendari nagusiak hitzaldia eskainiko du Aragoiko Pirinioen ondarea, kultura, aisia eta abentura aukerei buruz; larunbatean izango da, 17:30ean. Horrez gain, Olga y los Ministriles Aragoiko herri musika jotzen duen taldearen musika eta dantza ikuskizuna izango da auditoriumean, 18:30ean.

Azokari dagokionez, 10:00etatik 20:00etara bitartean egongo da zabalik, bai larunbatean, baita igandean ere. Sarrerak 4 euroren truke eskuratu ahal izango dira, eta horrekin jarduera guztietan parte hartu daiteke —zortzi urtetik beherako haurrek, doan—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.