Mendi korrikalaria eta nutrizionista

Itxaro Zabaleta: «Iruditzen zait kirolariak oso obsesionatuta daudela pisuarekin»

Mendi korrikalarien artean nutrizionista ezaguna da. Bera ere mendi korrikalaria da, eta ondo daki lasterkariek zer arazo dituzten elikatzeko orduan.

Itxaro Zabaleta mendi korrikalaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Unai Ugartemendia.
Tolosa
2025eko ekainaren 25a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Tolosan (Gipuzkoa) dauka bulegoa Itxaro Zabaletak (Leitza, Nafarroa, 1997). Nutrizionista eta mendi korrikalaria da, eta astean hirutan bertan izaten da, beste prestatzaile batzuekin batera. Lanean metodikoa eta zorrotza da, eta gozatu egiten egiten du haren inguruan hitz egiten.

Estreinakoz aritu zinen Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan (66 kilometro,+3.600 metro), Leitzan. Nolako lasterketa izan zen?

Oso gustura aritu nintzen, eta asko gozatu nuen. Hasieran, behetik gora iritsi nahi nuen lasterketa horretara, eta asko gozatu. Ez nuen arrastaka edo estu ibilita amaitu nahi. Aurretik aritua nintzen lasterketa horretan, baina erreleboka. Distantzia luzeko nire lehen lasterketa izan da. 

Nolako esperientzia izan da ultra distantziako lehen lasterketa?

Lasterketa hori betidanik gustatu zait. Ez dago zati oso gogorrik, eta parajeez gozatzeko eta beste korrikalariekin hitz egiteko aukera ematen du. Tolosaldeko hiru tontorretakoa [42 kilometro, +2890) zen ordu arte arte egina nuen lasterketarik luzeena.

Maratoi distantziatik ultra distantziara alde handia nabaritu duzu?

Entrenatzeko garaian nabaritu dut alderik handiena. Ordu gehiago entrenatu beharra dago. Maratoi distantziarekin alderatuta, lasterketan ez neukan askoz gehiago emateko. Iaz Leitzako ultra maratoia korritzeko asmoa izan nuen, baina entrenatzaileak maratoi distantzia probatzea aholkatu zidan. Maratoia korritu ondoren, aurten ultra bat egiteko garaia zela iruditu zitzaidan. Erabakia hartzeko garaian asko lagundu zidan herrian izateak.

«Entrenatzeko garaian nabaritu dut alderik handiena. Ordu gehiago entrenatu beharra dago. Maratoi distantziarekin alderatuta, lasterketan ez neukan askoz gehiago emateko»

Nola entrenatu zara distantzia luzean lehiatzeko?

Iazko irailean hasi nintzen, pixkanaka. Hasieran errepidean aritu nintzen. 10 kilometroko saioak egiten nituen.  Asteburuetan saio luzeak egiten aritu naiz, askotan anaiarekin, eta zenbaitetan lagunekin. Astean zehar, gainera, bizikleta eta indarra lantzeko ariketak egin ditut aldi berean. Lasterketa batzuk ere korritu ditut.

Lasterketarako egin al zenuen plangintzarik?

Lasai atera nahi nuen, arnasa kontrolatuta eramanez. Ez nion erlojuari begiratu nahi. Done Mikel Aralarkora [31. kilometroa] ondo iritsi nahi nuen, eta bertan indartsu egonez gero estutzeko asmoa neukan. Halere, asmo hutsean gelditu zen! Ondo nindoan, baina nire asmoak ez ziren bete. Iazko denbora berean iritsi nintzen. Agian, azkarregi nindoala pentsatu nuen. Oihana Azkorbebeitiaren erritmoari eutsi nion Lekunberriraino [45. kilometroa], baina handik helmugarakoa ezinezko egin zitzaidan. Helmuga zeharkatzeko irrikaz iritsi nintzen amaierara. Ez dakit datorren urtean berriro ere osoa egingo dudan, baina itzultzeko asmoa daukat.

Aurten estreinakoz aritu zara euskal selekzioarekin. Espainiako Txapelketan izan zen. Zer moduz?

Bi urte daramatzat jada Euskadiko Federazioan federatuta, eta Nafarroako selekzioarekin estreinatu aurretik izan dut aukera hau. Oso esperientzia aberasgarria izan da. Asteburua bikaina izan zen: beste korrikalariekin gauza batzuei buruz aritu, besteen esperientziak entzun, bakoitzaren ohiturak ezagutu… Amets bat bete nuen, baina jabetzen naiz nola joan nintzen. Handik egun batzuetara Zegama-Aizkorri jokatu zen, eta onenak han atera ziren.

Nutrizionista zara. Nondik datorkizu interesa?

Betidanik izan dut gustuko, baina ez zen nire lehen aukera izan. Gizarte Hezkuntza ikasten hasi nintzen, baina ez zitzaidan batere gustatu. Konturatu nintzen nutrizioa oso gustuko nuela, eta aldatzea erabaki nuen. Huescan [Espainia] egin nituen nutrizio ikasketak. Horrekin batera, nire kabuz gauza berriak ikertzen hasi nintzen. Egunero gauzak berriak ikasten dituzu.

Nutrizioari merezi duen garrantzia ematen al zaio?

Nik uste dut ezetz. Halere, gauzak aldatzen ari dira; dezente, gainera. Jendea merezi duen garrantzia ematen ari zaio nutrizioari. Lehen, jendea argaltzeko asmoz joaten zen nutrizionistarengana, eta orain hori aldatzen ari da. Gaur egun, ondo jaten ikasteko ere joaten da, eta aldi berean elikaduran oreka izateko. Gainera, jende asko dago digestioa egiteko arazoak dituena, edo errendimendua hobetzeko zailtasunak dituena. Beste batzuek produktuen etiketak ondo irakurtzen ikasi nahi dute.

Kirolariekin aritzen zara lanean batez ere. Erraza al da haiekin lan egitea?

Bai. Kirolari gehienak metodikoak dira, eta oso helburu zehatzak izaten dituzte. Kirolariekin egiten dugun lanak lanketa zehatza eskatzen du egunerokoan. Baina esandakoa betetzen duten horietakoak dira. Alde horretatik oso erraza da haiekin lan egitea. Hartu-emana ere erraza da.

Mendiko korrikalariei erreparatuta, zerk harritu zaitu gehien?

Batetik, zein ur gutxi edaten duten! Lasterketek eskatzen dutena baino askoz gutxiago edaten dute. Bestalde, gehien harritu nauena zera da: korrikalari askok zer-nolako errendimendua lortzen duten hain gutxi janda. Askok karbohidratoak kendu dituzte egunerokotik, baina halere emaitza onak lortzen dituzte. Egia da askotan bide motza izaten duela ohitura horrek. Askori galdetzen diet zer jaten duten, eta zur eta lur gelditzen naiz haien errendimendua ikusita.

Askok jateari uzten diote errendimendu hobea lortzeko. Horren inguruan ere arazo bat al dago gaur egun?

Bai, eta kontrolatu egin behar da. Askotan ez dago arazoari etiketa bat jarri beharrik: anorexia, bulimia... Elikadurarekin harreman ez-osasuntsu bat dago horren atzean. Gaur egun informazio eta korronte asko daude. Gauzak izugarri aldatu dira kirolarien elikaduran. Informazio iturri asko dago, baina askotan kontrajarriak direla konturatu naiz. Jendea oso galduta ikusten dut askotan.

Kirolariak oso itsututa al daude elikadurarekin?

Bai, eta gehienbat pisuarekin. Esaterako, lasterketa baterako pisu bat irudikatzen dute, eta egunean bertan hori lortzen badute, ondo ibiltzen dira. Ez badute lortzen, berriz, ez dira hain ondo aritzen. Imajinaezina da pisuak zenbateko eragina duen kirolariengan.

Elikadura aldatuz gero, zenbat denbora behar du kirolari batek eragina ikusteko?

Errendimenduari begira, lau bat aste-edo nahikoa izaten dira.

Gaur egun, txirrindularitzan, taldeek dena neurtua izaten dute. Mendiko lasterketetan hori lortzea zailagoa al da?

Ez da hain erraza. Mendi lasterketa batean beste aldagai asko hartu behar dira kontuan. Adibidez, eguraldiak eragin handia du, baita zailtasunak ere. Alde horretatik, nik nahiago dut denborarekin lan egin, kilometroekin baino gehiago. Nahiago dut haien aurreikuspenen arabera ibili. Zer jan eta edan behar duten kontrolatzea errazagoa dela iruditzen zait. Nire lanaren parte da, gainera, lasterketek dituzten zailtasunak ikastea eta ikustea. Oso gustuko dut, gainera.

Kirolariek gero eta gehiago zaintzen al dute elikadura?

Bai, zalantzarik gabe! Nire bezeroek, behintzat, bai. Gero eta garrantzi handiagoa ematen diote nutrizioari. Ondo aritzeko erregai hori ezinbestekoa dela konturatu dira.  Ziurrenik izango dira garrantzirik ematen ez diotenak, baina orokorrean baietz uste dut.

«Neure buruarekin ez naiz hain zorrotza. Lasterketetara ez dut dena neurtuta eramaten»

Besteei aholkuak ematea norberak bere buruari ematea baino errazagoa izaten da askotan. Zuri ere hori gertatzen zaizu?

Neure buruarekin asko esperimentatzen dut. Gainera, lasterketa bakoitza diferentea da. Orain, esaterako, badakit ultra batean zer gertatzen den gorputzean. Hala ere, neure buruarekin ez naiz hain zorrotza. Lasterketetara ez dut dena neurtuta eramaten. Eguneroko entrenamenduaren arabera, gehiago kontrolatzen dut zer jan eta edan behar dudan. Nire lanarengatik ezinbestean ikasi dut hori.

Atsedena prestakuntzaren parte dela uste duzu?

Zalantzarik gabe! Ni atsedenaren oso aldekoa naiz. Atsedenik gabe ez dago errendimendurik, eta nik, behintzat, lan egiten dudan prestatzaileekin ondo adostua izaten dut atsedena.

Motzean

Mendi lasterketetan egin duzun lagunik onena?

Josu Zabaleta.

Lasterketa bat? Euskal Herria Mendi Erronka.

 

Egiteko duzun bat? Zegama-Aizkorri.

Beste kirol bat? Eskalada eta alpinismoa.

 

Kirolari bat? Oihana Azkorbebeitia. Erreferente bat da niretzat.

Mendi lasterketetako talde bat osatzeko lau korrikalari?
Oihana Azkorbebeitia, Oihana Kortazar, Onditz Iturbe eta Ainara Urrutia.

 

Sareetan gehien jarraitzen diozun kirolaria?
Mendiko euskal korrikalariak.

Arraina edo haragia? Arraina.

Jateko? Arroza eta izokina.

 

Edateko? Ura gasarekin.

Oporretarako leku bat? Alpeak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.