Kobaz Koba Trail egingo dute otsailaren 8an Zestoan, «lehen gizakiaren bideetatik»

Guztira 495 korrikalari ariko dira Zaldei (30 km) eta Artzei (15 km) ibilbideetan. Herriko ondare aberatsa ezagutzera emateaz bat kirolaz gozatzea da helburua. BERRIA laguntzaile izango da aurten.

Antolatzaileak eta babesleak, proba aurkezteko ekitaldian. KOBAZ KOBA TRAIL
Antolatzaileak eta babesleak, proba aurkezteko ekitaldian. KOBAZ KOBA TRAIL
ramon olasagasti
2026ko urtarrilaren 29a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zestoako Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren hamargarren ekitaldia aurkeztu dute gaur Zestoako Udalean. Otsailaren 8an izango da proba, kobazuloz kobazulo, «lehen gizakiaren bideetatik», antolatzaileek azpimarratu duten moduan. Guztira 495 korrikalarik parte hartuko dute aurten bi ibilbideetan, eta «iraganean murgiltzeko esperientzia paregabea bizi ahal izango dute». Bost partaidetatik bat emakumezkoa izango da aurten, 103 guztira.

«Mendi lasterkariek oso barneratua dute Kobaz Koba Trail urteko egutegian, eta aurten ere eskari asko jaso ditugu Artzei eta Zaldei ibilbideetan parte hartzeko», azaldu dute Zestoako Udaleko, Agiro mendi klubeko eta Arazi IKT taldeko kideek. Aurten, Zestoako herritarrei eman diete lehentasuna izena emateko orduan, eta ondoren, geratzen ziren lekuak betetzeko, zozketa egin dute. «Aurreikusi bezala, itxaron-zerrenda luzea osatu zen. Pena handiz, muga jarri behar izan dugu beste behin, eta nahi baino korrikalari gehiago geratu dira itxaron-zerrendan. Datorren urtean geurean nahi zaituztegu! », adierazi dute lasterketaren aurkezpenean.

Ohiko moduan, bi ibilbide izango dira: Artzei (15 km) eta Zaldei (30 km). Artzei «ohi bezain ikusgarria» izango da aurten ere, eta Aizarnatik, Ertxiñtika eta beste hainbat gune esanguratsutatik igaroko da. Zaldei ibilbidea, berriz, «aurreko urteetan baino luzeagoa izango da», antolatzaileek azaldu dutenez. Akua eta Aizarna, Santa Engrazia eta Ertxiña lotu ondoren, Erdoizta eta Altzolaratseraino iritsiko da ibilbidea, Granada errekaraino. «Hori izango da aurtengo berrikuntza. Beraz, Endoiarako igoerarik ez da izango 2026an».

Zestoako Kobaz Koba Trail lasterketaren 9. ekitaldia
Kobaz Koba Trail lasterketako iazko argazki bat. KOBAZ KOBA TRAIL

Zestoa ingurua «izugarri aberatsa da historiaurreko ondareari eta aztarnategiei dagokienez», eta trailaren ibilbideetan ere gune eta altxor horiek lotzen dira: Ekain, Danbolinzulo, Astigarraga, Amalda, Praileaitz, Astuigaña, Erraila, Urtiaga, Ermitia eta Erlaitz, baita Irikaitzeko aztarnategia eta Arluze monolitoa ere. Hori dela eta, «lur jabe guztiei esker ona» adierazi diete antolatzaileek, «agertu duten lankidetzagatik».

Zaldei ibilbidekoak 08:30ean abiatuko dira, eta Artzei ibilbidekoak, 10:00etan. Bi ibilbideak Zestoako plazan hasi eta bukatuko dira, eta herrigunea zeharkatu bitartean lasterketa neutralizatua izango da. Behin proba amaituta, helmugan bertan likidoen anoa gunea izango dute lasterkariek, eta Zestoako kiroldegi gunean, hamaiketakoa egiteko aukera. Dortsalen banaketa, dutxak eta jantzitegia ere kiroldegian bertan izango dira. «Hala mendian nola plazan gozatzeko eta natura eta ingurunea errespetatzeko» deia egin dute antolatzaileek.

BERRIA laguntzaile izango da aurten Kobaz Koba Trail proban. Hala, Zaldei ibilbidean eta Artzei ibilbidean 100. postuan sailkatzen diren korrikalariek 150 euroko saria eta BERRIAko produktuen sorta jasoko dute.

Dortsalak aldez aurretik jasotzeko aukera izango da aurten, otsailaren 3tik 7ra, Zestoako Turismo Bulegoan (Portale kalea, 1), 10:00etatik 13:30era eta 14:30etik 17:00etara, baita lasterketa egunean bertan ere.

Probaren ondoren, Udaleko ordezkariek Zestoa herria eta inguruak ezagutzeko gonbidapena egin diete parte hartzaileei, familiei eta lagunei. «Besteak beste, Ekainberri eta Lili jauregia bisitatzeko eta herriko kaleetan, plazetan eta tabernetan barna ibiltzeko aukera izango dute gurera etortzen diren guztiek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.