Lau euskal herritar Urrezko Pioleta lortzeko hautagai

Euskal alpinistek 2022an osatutako hiru lan daude alpinismoko sari nagusirako hautagaien artean: Tasio Martin urduñarra, Aritza Monasterio elgoibartarra eta Iker eta Eneko Pou gasteiztarrak dira saria irabazteko hautagaiak. «Hor egote hutsa aitortza handia da», esan dute.

Marc Toralles kataluniarra eta Tasio Martin Txoria txori bidean. TASIO MARTIN.
ramon olasagasti
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun

Alpinismoaren munduan sari nagusia da Urrezko Pioleta: urte bakoitzean osatutako lanik nabarmenen artean nabarmenena, mundu zabaleko mendiguneetan osaturiko lan eta igoera aparten artean apartena saritzen da. Oraindik orain ezagutarazi dute 2022ko jarduerarik onenen lehen zerrenda edo big list delakoa, eta euskal eskalatzaileek osaturiko hiru lan daude tartean. Hasierako zerrenda horretan 53 lan daude. Beraz, munduko 50 lan aipagarrienen artean hautatua izatea jada bada zerbait: eskaladan goi mailan aritu izanaren aitortza. Azaroaren 14tik 16ra Briançonen (Frantzia) jakinaraziko dute nor den irabazlea.

 

HUALCAN (6.125 M), EKIALDEKO AURPEGIA:'FANGO FESTA'
Euskaldun zaharra esloveniar gaztetxoekin

Aritza Monasteriok (Elgoibar, Gipuzkoa, 1965) 58 urte bete ditu aurten, ez da gazte-gaztea, baina gutxi izango dira Mendilerro Zurian (Peru) hark adinako eskarmentua dutenak. 1993tik bizi da Huarazen; duela 30 urte, beraz, eta berealdikoak dira mendi haietan egin dituen igoerak: Piramide de Garcilason, Siula Granden, Chacrarrajun... Ibilbide ikusgarri horren adierazle, 2018an ere izendatu zuten Monasterio Urrezko Pioleta sarirako, Alik Berg kanadarrarekin Hualcan mendian (6.125 metro) irekitako bide bategatik. Eta iaz, berriro ere Hualcan mendira jo zuen, Esloveniako Alpinista Gazteen Taldeko bi kide, Anja Petek eta Andrej Jez, lagun zituela, aspaldi begiz jotako asmoa buruan: mendiaren ekialdeko aurpegian lehen bidea zabaltzea. Aurrez ere eskaladako hainbat lan gogor egina zen Monasterio bere adintsuko alpinista esloveniarrekin, eta ,orduko hartan, adinez haren seme izan zitezkeenekin joan zen. Hala adierazi zion BERRIAri iazko abuztuan eginiko elkarrizketan: «Beste katebegi bat da, esloveniar beteranoak nire mentore modukoak izan dira, eta, orain, belaunaldi gazteek neure ahalak zukutzera naramate. Gure filosofia da gutxirekin ahalik eta gehien egitea».

Fango fiesta bidea, Hualcan mendiaren ekialdeko aurpegian. Aritza Monasterio

Eta zinez halaxe egin zuten joan den urtean Hualcan mendian. Uztailaren 8an ekin zioten igoerari, 02:00etan. Serac kaosaren artean, Monasteriok berak aurkitu zuen zirrikitua gorantz egiteko. Serac handi baten azpian harkaitz handi bat hautsi zitzaien, eta Aritzaren kaskoak hartu zuen kolperik handiena. Jarraitzeko moduan izan zen, hala ere. Gorago, beste serac handi baten azpian zulo bat aurkitu, eta hantxe egin zuten bibaka. Biharamunean, uztailaren 9an, eguzkiak ez zuen bururik agertu; behe-lainoak bilduta eta elur maluta herabeen artean jarraitu zuten gora, elur ustelean. Egun osoko jardunaren ondotik, ilunpetan, gailurreko ertzean egin zuten bigarren bibaka, eta uztailaren 10ean jo zuten tontorra, lehen argi printzak agertu ahala. Fango Fiesta (1.150 m, ED M5 60°-85°) izena jarri zioten bideari. Fango (lohia) esaten diote andinistek, argotean, elur hautsari; izan ere, Monasteriok azaldutakoaren arabera, «belaunetik ondo gora» izan zuten hainbat tartetan.

INDIAKO HIMALAIA. GUILLEM APARICIO (5.700 M). 'TXORIA TXORI'
Ikasketa 'magistrala'

Indiako Himalaia, Shafat ibarra, inork igo gabeko ia 6.000 metroko orratz bat, artesi lerro ikusgarri bat, bidean zer topatuko duzun ez jakitea... Horra alpinismoko lan eder baten osagaiak. Tasio Martin (Urduña, Bizkaia, 2000) hiru urtez aritu zen Alpinismoko Teknifikaziorako Kataluniako Zentroan (CTAC) ikasten, eta hiru urteko etapari amaiera emateko, Indiarako espedizio bat antolatu zuten iazko abuztuan. «Pakistanekin mugan dago Shafat ibarra. Duela dozena bat urte zabaldu zuten turismorako, eta oso gutxi esploratuta dago. Bagenekien, Oriol Baroren bitartez, horma pila bat zegoela eskalatzeko, eta jomuga egokia izan zitekeela pentsatu genuen», azaldu du Tasio Martinek. CTACeko hamar ikasle eta Marc Toralles teknikaria joan ziren Indiara.

Oriol Barok pasatutako argazkiei behako bat emanda, orratz bat izugarri erakargarria iruditu zitzaien, baina, han bertan, kosta egin zitzaien aurkitzea. «Azkenean, Google Earth-en bitartez topatu genuen. Ikusgarria zen, eta gainera, inork igo gabe zegoen artean. Ondoan beste orratz polit bat zegoen, Koba Peak, eta hortaz, haietan saiatzea erabaki genuen: Marc eta biok batean, eta beste kideak Koba Peak horretan».

Google Earth-en bitartez, beheko partean arrakala sistema bat ikusi, eta hari jarraitzea erabaki zuten. «Gorago, lerro horrek ez zuen jarraipenik, eta pendulu bat egin ondoren, beste arrakala sistema bati jarraitu genion». Hormaren erdi paretik gora, bibaka egiteko moduko erlaitz batzuk ikusi zituzten, eta lehen saiakeran, pare bat egunerako planteamenduarekin sartu ziren. «Egun osoko jardunean hamar luze zabaldu eta gero, erlaitz horietara iritsi ginen, eta han geratu ginen gaua pasatzen. Kristoren ekaitzak harrapatu gintuen gauean. Gainera, bata bestearengatik hamabost metrora ginen, eta ez genuen elkarren berri. Euria, elurra, txingorra, tximistak... Tapaki termiko fin batekin, lorik egin gabe, bustita... Gogorra izan zen». Biharamunean, jaistea erabaki zuten.

Marc Toralles eta Tasio Martin, Guillem Aparicio orratzeko eskaladan. Tasio Martin

Handik astebetera jo zuten gailurra, bigarren saiakeran eta egun bakarreko planteamenduarekin, ilunbistan. Jaitsiera gauez egin zuten, tentu handiz. «Hor erakutsi zuen Torallesek bere eskarmentua eta zer alpinista puska den». Hamazazpi luze izan ziren, guztira, 740 metroko lerroa gainditzeko, eta hogei orduko jardun bizia. Zailtasunak, 7a+ artekoak librean. Martinek eta Torallesek pozik hartu dute izendapena: «Egia esan, aitortza polita da. Marc, hasieran, gure teknikaria zen, baina lagun mina bihurtu da azkenerako. Hainbat asmo ditugu buruan elkarrekin egiteko, eta, orain, izendapen honek beste indar bat eman dio bion arteko konexio horri».

Mendiak ez zuen izenik, eta hasieran ez zuten asmorik izenik jartzeko. «Nor gara gu hemen mendi bati izena jartzeko, baina, gero, Marcek hildako lagun baten izena jartzea proposatu zuen, Guillem Aparicio, eta polita iruditu zitzaigun. Bideari, berriz, Txoria txori jarri genion, mezuagatik, oroitzapenengatik, kantu berezia delako familian».

PUMAHUACANCA (5.563 M): 'ONE PUSH'
Pou anaien bosgarren izendapena

Peruko Mendilerro Zuriko Pumahuacanca mendian (5.563 m), One push (1.000 m, UIAAA V, M7, 85º) bidea zabaldu zuten Iker eta Eneko anaiek eta Micher Quito lagun perutarrak, Andeetan zabaldutako laugarrena. «Zailtasun aldetik, teknikoki, Andeetan osatu dugun lanik zailena izan da. Oso bide tentea da», azaldu du Eneko Pouk.

Bideak Pumahuacanca mendiaren hego-mendebaldeko aurpegia zeharkatzen du. Poutarrek eta Quitok ekinaldi bakarrean zabaldu zuten bidea —hortik izena, sokarik batere finkatu gabe, hasi eta buka hamabi orduko ahalegin jarraituan, ohikoa duten estilo alpinoari jarraituz. Pasarte oso zailak aurkitu zituzten horman: M7 gradukoak mistoan, 85 gradukoak izotzean eta V-koak harkaitzean, luzeetako asko 5.000 metrotik gora.

Bi anaiek bosgarren izendapena dute Urrezko Pioleterako. «Guretzat, izendapen hauek pozgarriak dira. Azken batean, alpinismoan ematen den sari garrantzitsuena da, eta izendatuak izate hutsak adierazten du hor jarraitzen dugula. Bultzada bat da, eta eskertzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.