Igone Campos mendiko eskiatzaile eta korrikalaria (Zumarraga, Gipuzkoa, 1989) nutrizionista lanetan ari da egun. Eguneko lanak amaituta, ohikoa duen irribarrearekin azaldu da. Azken bi urteak gogorrak izan diren arren, hori behintzat ez du galdu. Ogibide berriak lagundu dio horretan. Kirolari eta taldeekin ari da lanean. Gainera, lehiatzen jarraitzeko ilusioz segitzen du.
Nolako denboraldia izan duzu aurtengoa?
Uste eta espero baino sentsazio kaskarragoak izan ditut. Bi bertikaletan baino ez naiz lehiatu. Lehenengoan, azken lau urteetako denborarik okerrena egin nuen, eta sentsazio txarra nuela amaitu nuen. Ez nuen espero hain denbora txarra egitea. Bigarrengoan ere antzera ibili nintzen. Koadrizepsean arazoak ditut aspalditik, eta, ondorioz, ezin izan dut nire onena eman. Azken urtean gorabehera asko izan ditut.
Zer-nolako denboraldia egin nahi zenuen?
Sasoi osoan lehiatu nahi nuen. Altitoyrako probarako, adibidez, banuen bikotekidea. Pierra Mentan ere parte hartzekoa nintzen, baita Tour De Rutorren ere. Baina Tignesen [Frantzia] egin nuen egonaldian konturatu nintzen ezingo nuela. Beheraka hastean, ohartu nintzen ez nengoela lehiatzeko moduan. Erortzeko beldur handia daukat, besoko eta ukalondoko lesioengatik. Jokatutako bi bertikalak jokatuta amaitu dut denboraldia. Udari begira nago jada.
Beldur horren ondorioz erabaki duzu denboraldi honetan gehiago ez lehiatzea?
Bai. Medikuak zera gogorarazten dit aldiro: ezin naizela erori. Horrela eskiatzea oso zaila da. Une oro horretan pentsatzen dut.
Iazkoa ahazteko moduko urtea izan zen. Otsailean hasi zitzaizkizun gauzak okertzen. Nola duzu gogoan?
Hala da. Bandres-Karolo proban humeroa apurtu nuen. Pazientzia handiarekin hartu nuen. Izan ere, Nutrizioko Gradua amaitzen ari nintzen. Hala, denbora gehiago nuen ikasteko. Praktikak ere orduan nituen, eta gradu amaierako proiektua ere martxan jartzen ari nintzen. Beste helduleku batzuk bilatu nituen.
«Medikuak zera gogorarazten dit aldiro: ezin naizela erori. Horrela eskiatzea oso zaila da. Une oro horretan pentsatzen dut»
Uztailean jarraitu zuen amesgaiztoak.
Bai, hura gogorragoa izan zen. Viehlan [Lleida, Herrialde Katalanak] jokatutako mendi lasterketa baten biharamunean izan zen. Bizikletan entrenatzen ari nintzela erori egin nintzen, eta besoa zintzilik gelditu zitzaidan. Viehlako ospitalera iritsi, eta larrialdietako medikuak ebakuntza egin beharko zidatela esan zidan. Ezin nuen sinetsi. Sei hilabetean bigarrenez egin behar zidaten ebakuntza bat. Negar malkotan hasi nintzen. Nola nengoen ikusita, bikotekidea ere negarrez hasi zen. Eskerrak ikasketak amaituta neuzkan eta negozioa martxan jartzeko aukera izan nuen. Denbora honetan helduleku nagusia hori izan da.
Buruz nola kudeatu duzu denboraldia hain azkar amaitu behar izatea?
Tignesen barne gatazka handi bat izan nuen neure buruarekin. Oso triste egon nintzen. Izan ere, Ilusio handia neukan denboraldi honetarako. Denbora luzez egon naiz arreta horretan jarrita, eta horrela amaitzea...
Zer izan da gogorrena?
Mendira ziurtasunik gabe joatea. Pistetan ibili behar izan dut une oro, mendira sartu gabe, lurrera erortzeko beldurrez. Sumatu dut mendian ibiltzea falta zitzaidala.
Hamar urte inguru daramatzazu mendiko eskia egiten. Zer eman dizu kirol horrek?
Oso emakume beldurtia nintzen orain dela hamar bat urte. Orain, aldiz, autoestimu handiagoa daukat. Neure buruarengan sinesten erakutsi dit mendiko eskiak. Asko eman dit alde horretatik. Mendiko eskiari esker bizi izan ditudan momentu asko ez ditut inoiz ahaztuko. Ez dago hitzik hori adierazteko.
Eta zer kendu dizu?
Familiarekin eta lagunekin egoteko denbora!
Gaur egun, hasieran bezain gogotsu jarraitzen duzu?
Gero eta gehiago kostatzen zait gogotsu egotea. Tignesko egonaldian horretaz hitz egiten aritu nintzen Jon Ander Aranbururekin eta Axier Alonsorekin. Haiei ere berdin gertatzen zitzaiela esan zidaten. Hasierako zirrara hori desagertuz joaten da urteen poderioz. Hala ere, oraindik ere barruan izango dugu zerbait; bestela, aspaldi utzita izango genuen.
Beldur zara lehengo mailara itzuli ezinik ibiliko ote zaren?
Bai, hori ere pasatu zait burutik. Pentsatu bakarrik ez, gaur-gaurkoz hala baieztatu dezaket. Bizitzak halako gauzak ditut. Lehengo mailara iristen banaiz, asko poztuko naiz, baina ez banaiz iristen ez da ezer gertatuko. Pentsatzeko modua aldatu behar dut. Ez dut frustratuta egon nahi. Ez dut lehia uzteko asmorik, oraindik ere badaukadalako zer eman. Gorputzari oraindik ere probetxua atera diezaiokedala iruditzen zait.
«Lehengo mailara iristen banaiz, asko poztuko naiz, baina ez banaiz iristen ez da ezer gertatuko. Pentsatzeko modua aldatu behar dut. Ez dut frustratuta egon nahi»
Lehiatzen jarraitzeko gogoa duzu, beraz?
Oraindik bai! Baditut helburu batzuk buruan, nahiz eta, azken bi urteetan izan ditudan gorabeherak kontuan hartuta, ez dakidan egiteko moduan egongo naizen. Izan ere, lesioez gain, mononukleosia ere izan nuen, eta horrek arazo batzuk eragin zizkidan. Buruan ditudan erronketako bat Aconcagua igotzen denborarik onena egitea da. Garai batean, buruan izan nuen, eta gustatuko litzaidake etorkizunean probatzea.
Minez lehiatzea normalizatu egin al da?
Baliteke. Iruditzen zait kirolariok mina barneratuago dugula. Pertsona arrunt batentzako mina izan daitekeena, kirolari batentzat, ez da ia ezer izaten. Gorputzak gelditzera behartzen gaituen arte ez gara geratzen. Inguruko denok egin izan dugu hori. Agian, horrela ibiltzeak etorkizunean zer ondorio ekarriko dizkigun ez dakigulako jarraitzen dugu horrela. Oraindik ere nahiko kirol berriak dira mendiko eskia eta mendiko lasterketak, eta ez dakigu zer ondorio izango dituzten. Auskalo nola amaituko dugun!
Zenbaterainoko garrantzia izan dute ingurukoek bi urteko bolada txar honetan?
Oso inguru ona daukat. Azken urteetan, denbora asko pasatu dut etxetik kanpo, eta oso gutxi etxekoekin, kuadrillakoekin eta lagunekin. Askotan zera galdetzen diot neure buruari: «Itzultzen naizenean, zer gertatuko da? Onartuko naute? Bizkarra emango didate?». Horren beldurra izan dut. Alde horretatik, iruditzen zait lagunak ez ditudala zaindu azken urte hauetan guztietan. Zorionez, etxera itzuli izan naizenetan, haien babesa sentitu dut. Harro egoteko moduko ingurua daukat. Oso eskertua nago.
Zer ikasi duzu lesioetatik?
Gauza asko ikasi ditut. Zulo beltz batean sartuta zaudenean, bizitzako beste gauza batzuk gehiago estimatzen ikasten duzu. Lehen normaltzat jotzen nituen gauza asko, osasuna izatea adibidez, orain askoz gehiago estimatzen ditut. Beste ikuspuntu bat eman didate. Gauzak askoz gehiago eskertzen ditut orain.
Eskiko denboraldia lehenago amaitu duzunez, lehenago hasiko al zara mendi lasterketetan lehiatzen?
Bai, hala izango da. Barneratuta daukat dagoeneko. Beste urte batzuetan, apirilean amaitzen nuen eski denboraldia. Aurten, ordea, denbora gehiago emango dut mendi lasterketetan. Martxoan Tenerifera [Kanaria uharteak, Espainia] joango naiz. Tenerife Bluetrail lasterketan lehiatzera [47 kilometro, +2.600 metro].
Gaur egun nutrizionista ari zara lanean. Nolatan hasi zinen?
2019an ni hasi nintzen nutrizionista batekin, eta, aldi berean, gaia gustuko nuela ikusi nuen. Gauzak zergatik gertatzen ziren jakin nahi nuen. COVID-19aren garaia beste gradu bat ikasteko aprobetxatu nahi nuen, nahiz eta irakasle lanetan ari nintzen ordurako. Ez neukan inongo presarik bigarren gradua amaitzeko. Jakin-minagatik izan zen gehiago, ez baineukan pentsatuta langintza horretan aritzea. Gutxinaka ikasgaiak gaindituz joan nintzen, eta orain horretan nabil lanean.
Denbora gutxi daramazu lanean, baina astakeria asko ikusi dituzu?
Bai, batzuk bai. Denetik ikusten da. Batzuek ondo egiten dituzte gauzak; beste batzuek, berriz, oso gaizki. Baina orokorrean gaizki egiten dira gauzak. Gaur egun, kirolari batzuekin ari naiz lanean, eta polita da haien errendimendua goraka nola joan den ikustea. Oso gustura nabil lan horretan, eta pasioz bizi dut. Irakaskuntzan ez nenbilen gustura. Kirolaren munduari lotuta jarraitu nahiko nuke etorkizunean.
Gorenean ari diren kirolariek asko dute oraindik ikasteko nutrizioaren inguruan, ezta?
Bai, asko. Kirolari asko entrenatzaileak emandako lau aholkurekin etortzen zaizu. Gehienetan txarrak izaten dira. Izan ere, nutrizioa egunetik egunera berrituz doan gauza bat da. Lehen balio zuenak gaur egun ez du balio. Azken hamar urteetan asko aldatu da kirolarien nutrizioa.
MOTZEAN
Mendiko eskian egin duzun lagunik onena?
Nahia Quincoces.Lasterketa bat?
Mezzalama saria [Italia, Alpeak].Jokatzeko duzun bat? T
our de Rutor [Italia, Alpeak].
Mendi bat? Pic de Peguera [2.982 metro, Kataluniako Pirinioak].
Entrenatzeko leku bat?
Tignes [Frantzia, Alpeak].Sareetan gehien jarraitzen diozun kirolaria?
Emilie Forsberg.
Kirolari bat?
Malen Osa.Beste kirol bat? Saskibaloia.
Abesti bat?
Berri Txarrak taldearen Oreka.
Musika talde bat?
Berri Txarrak.