Mendeurreneko ibiltarien jaia ospatu dute Elgetan

Euskal Mendizale Federazioaren Ibiltarien Jaia ospatu zuten atzo Elgetan, 2023ko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituko diplomak eta sariak eman eta 2024ko egutegia aurkezteko. Kizkitza Arbelaitz oiartzuarrak jaso du Shebe Peña saria.

Kizkitza Arbelaitz Aranburu 'Shebe Peña' Saria jasotzen
Kizkitza Arbelaitz Aranburuk jaso du 2023ko Shebe Peña saria. Argazkian, Gotzon Larrea Iraupen Luzeko Ibilaldien Batzordeko buruaren eta Iñaki Garai EMFko teknikariaren artean.
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 11
12:00
Entzun

Urteroko ohiturari jarraituz, iraupen luzeko mendi martxen egutegia abiatzeko bezperetan, Ibiltarien Jaia egin zuen atzo Euskal Mendizale Federazioak Elgetan (Gipuzkoa). Goizean goiz, ezin bestela, mendi ibilaldi batekin ekin zioten jaiari, eta ibiltariek Elgeta, Asentzio, Intxorta, Erdella-Egoarbitza eta Elgeta ibilbidea osatu zuten.

Ibilaldiaren ondoren, 2023ko iraupen luzeko mendi martxetan parte hartu zutenei aitortza egin zieten, eta diplomak banatu zizkieten ibiltariei —zirkuituko gutxienez zortzi martxa eta herrialde bakoitzean bat osatu behar dira horretarako—. Ibiltari horien guztien artean, urtero bat nabarmentzen du EMFk, Shebe Peña sariaren bidez, eta aurten Kizkitza Arbelaitz Aranburu Oiartzungo Girizia mendi taldeko kideak jaso du aitorpen hori. Bestalde, Iraupen Luzeko Ibilaldien Batzordeak irizpide jakin batzuen arabera eginiko balorazioaren arabera, 2023ko martxa hauek saritu ditu EMFk: antolaketa onenaren saria, XVIII. Karrantza Mendi Ibilaldia; ibilbidearen, paisaien eta bideen egoeraren saria, Orozko Harana XXXIII. Ibilaldia; seinaleztapen onenaren saria, Hiru Gurutzetako XIII. Ibilaldia; kontrol gune eta anoa postuen saria, Zuiako XXIII. Bira; eta, azkenik, ingurumenarekiko errespetuaren saria, Ondarroako Boga mendi martxa.

Urteroko moduan Elgetan egin zuten jaia, aurten are arrazoi handiagoz, han sortu baitzen Euskal Herriko Mendi Federazioa, duela ehun urte. Horren harira, Zigor Egia EMFren lehendakariak mendeurreneko ekitaldien berri eman zuen, eta oinarriko mendizaleen eta ibiltarien ekarpena goraipatu zuen. Haren hitzetan, Shebe Peñak «mendizaletasunaren eta federazioaren beraren arima islatzen du; gaur egun ditugun balioak jarri zituen Shebe Peñak».

Hain zuzen, Mikel Garaikoetxea mendizaleak Nomada espiritua: Shebe Peñari Albizuren irudirik gizatiarrena ikus-entzunezkoa eman zuen bazkariaren aurretik, mendizale tolosarraren ibilbidea eta izaera azaltzeko.

2024ko zirkuitua martxoaren 24an abiatuko da, Aizkardiren Ibilaldiaren 55. aldiarekin, eta azaroan amaituko da, Gorobel ibilaldiarekin. Guztira 23 ibilaldi izango dira. Zirkuituaren webgunean dago egutegi osoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.