Mendi bideetan, 4x4=2 metro

Auto, motor edo 'quad'-ekin mendi eta baso bideetan ibiltzeko araudia zorroztea proposatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, mendizaleen eta baserritarren kexak direla eta. Neurriak arazoa konponduko duen zalantzak daude, eta jarduera ezinezko bihurtu dela salatu dute motorzaleek.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2015eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kexa asko jasotzen ditugu», dio Roke Akizu Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Ingurune zuzendariak. Gauza arrunta da mendiko bide zidor batean mendizaleak eta txirrindulariak elkartzea. «Horiez gain, ibilgailu motordunak sartzen badira, kristoa segurua da». Aldundiak proposamen bat egin du autoak, 4x4 ibilgailuak, motoak eta quad-ak baso eta mendiko bideetan ibiltzea zailtzeko. Araua onartuz gero, ezingo dituzte erabili bi metro baino gutxiagoko zabalera duten bideak, eta baimen berezia beharko dute zortzi motor edo lau gurpileko lau ibilgailu baino gehiagoko taldeek. Zale talde batzuek ere euren jarduera bertan behera uztea erabaki dute, eta zuzenean atzerrira joan dira jarraitzeko.

«Herritarrek galdetzen digute nola ote den posible halakorik», dio Akizuk. «Natur parkeetan oso arau zorrotza dago, baina hortik kanpo zer? Hutsune nabarmena ikusten genuen hor».

Foru araudiko 62. artikuluari aldaketa txiki bat egin diote aldundiko arduradunek, baina eragina handia izango delakoan dira. «Mugatu nahi dugu, ez debekatu. Pista gehienak bi metro baino gehiagokoak dira, eta horietan ibiltzera behartu nahi ditugu, jabearekin baimenarekin, noski».

Arazo nagusia quad-ak eta motorrak direla dio aldundiko arduradunak. Batez ere, horiek galarazten dute mendizaleak lasai ibiltzea bideetan, «edozein tokitatik agertzen zaizkizulako bat-batean». Horrez gain, baserritarrak eta nekazariak babesteko neurria dela dio Akizuk. Izan ere, askotan geratzen dira langak zabalik, motordunak pasatu ondoren, eta abereak izutu egiten dira zaratarekin.

Kontrakoa zabaldu bada ere, bizikletentzako araudietan ez dakar aldaketarik proposamenak. Bideak edo baserrietarako sarbideak edozein ibilgailurekin oztopatzea debekatzen du, besterik gabe.

Arrakastaren biktima

«Guk txangoak antolatzen genituen, baina utzi egin diogu, jende gehiegi etortzen zelako», dio Orio (Gipuzkoa) aldeko Sorginak 4x4 taldeko Jesus Carnicerrek. Noranahikoekin ibiltzen ziren pistetan, eta ibilbideak antolatzen zituzten. «Jende gehiegi etortzea ez da ona», dio, eta «gehiegi» horrekin 25 auto esan nahi du, adibidez. Gero eta zailagoa zitzaien udalen baimenak lortzea, nahiz eta babesturiko guneak ibilbideetan ez sartu.

Ibilgailu motordunei bi metro baino gutxiago dituzten bideak galaraztea de facto-ko debekua da Carnicerrentzat. «Horrek esan nahi du ezingo dela inongo bidetatik ibili», ondorioztatu du, Gipuzkoan halako biderik ia ez dagoela argudiatuta.

Debekuaren bidea barik, «arau sinpleak eta heziketa» lehenetsiko lituzke, jende «zintzoari» bidea emateko. «Ez da arazorik sortzen hamar auto arteko taldea joaten bada, baina 25 badira, ezin duzu kontrolatu denek arauak errespetatzea».

Arau sinple horiek honako hauek lirateke Carnicerrentzat: ezin da azkar joan; oinezkoak topatzen dituzunean errespetatu behar dituzu, eta ezin zara bideetatik atera. «Errespetua irakatsi behar diozu jendeari». Agiri berderen bat ateratzea proposatzen dute zaleek, azterketa bat eginaraztea gidariei, eta «beste ezertarako erabiltzen ez diren eremuetan» ibiltzeko baimena ematea. «Hein batean, bere arrakastaren biktima da zaletasun hau», dio Carnicerrek. «Baina pena da denei kentzea aukera, lau ardurabakorengatik».

Heziketa sustatzea ez dela aski deritzo aldundiko Akizuk: «Orain arte ez dute inoiz halakorik planteatu, arautu nahi izan dugunean bakarrik».

Ardiak abortatzen

Gipuzkoako beste erakunde batzuek aspaldi jarri dituzte mugak euren eremuetan. Duela bi urte, mendi motorrei eta quad-ei Madarixa auzoan ibiltzea debekatu zien Azkoitiko (Gipuzkoa) Udalak. Aurten, eskaera eginda daukate Martitzen zein Urrategi auzoetan gauza bera egiteko. Baserritarren kexari erantzunez jokatu zuten. «Pistari berari sekulako kaltea egiten diote», dio Mokoroa baserriko Inaxio Gorosabelek. «Motorzaleek lurrezko pistak dituzte gogoko, eta hemengo aldapetan egiten duten ildo sakonetan behera ura etortzen da gero». Lurrezko bideok pribatuak izaten dira normalean, eta konpontzea jabeen kontua da. «Metroko zuloa egiten dute, eta gero, pasatu ezin direnean, aldameneko sorotik ibiltzen dira». Baserritarra izateaz gain, zinegotzia da Gorosabel. Udalaren debekuari esker, %90 murriztu dute dabilen motorzale kopurua, berak dioenez.

Kontrola ezinezkoa delakoan dago Gorosabel, Azkoitian bakarrik 300 bat kilometro pista daudelako. Kontatu duenez, motorzale batzuek sistema bat eramaten dute «kable batetik tiratu eta matrikula estaltzeko». Dezibel aldetik ere legea urratzen dutela adierazi du baserritarrak. «Artaldeen artean ziztu bizian pasatzen dira, eta gertatu izan da ardiek abortatzea estresarengatik». Gorosabelen ustez, bi metroko muga ezartzeak ez du konponduko arazoa, edonola ere. «Hori bakarrik mendizaleen bide zidorretarako balio du; gaurko pistek gutxienez hiru metro dituzte». Debekua pista denetara zabaltzea proposatzen du berak: «Kaltea berdin egiten dute pista zabala edo estua izan, eta ganadua berdin izutzen dute».

Neurriak arrakasta izan dezakeen jakiteko, Nafarroara begiratzea dago. Duela hamabost urte debekatu zuten han bi metro baino gutxiagoko bideetan ibiltzea. Harrezkeroztik, amaitu egin ziren, esaterako, Etxarri Aranatz inguruko Sakana 4x4 taldekoek basoetan egiten zituzten zeharkaldiak. «Salaketa bakoitzarekin 3.000 euroko isuna jartzen zizuten; beraz, ezinezkoa ibiltzea», dio Jose Luis Lakuntza taldeko kideak. 4x4 entzun bezain pronto jendeak «lau ero saltoka» irudikatzen dituela dio, baina errealitatea bestelakoa dela: familiarekin joaten zirela, beti bideetatik, eta neguan zuhaitzak bidean eroriz gero, garbitu egiten zituztela. «Ahalik eta txukunena ibili, eta besteen zaborra ere bildu». Hilean bi zeharkaldi antolatzen zituzten sakandarrek, eta kanpoko lagunak ekartzen zituzten. Lakuntzak onartzen du gehiegikeriak egin izan direla: belardiak gurutzatu eta gauez ibili, esaterako. Baina, azkenean, gutxi batzuk eginikoa denek ordaindu dutela dio. «Hilda dago dagoeneko 4x4ena hemen».

Estrategia aldatu dute zaleek: Maroko, Tunisia eta Mauritania aldeko «basamortuetara» joaten dira urtean bitan-edo, familiarekin, hango pistetan ibiltzera. Portugalen ere ibiltzen dira. Horrez gain, proba bat egiten da azken hamabi urteotan Arbizun (Nafarroa), horretarako prestaturiko eremu batean, Aste Santu aldera.«Herriarentzat aberastasun handia da, dagoeneko 7.000 pertsona etorri baitira ikustera; herrian bazkaldu eta lo egiten dute». Hasieran ETB proba grabatzera joaten zela dio Lakuntzak, eta gero utzi egin ziotela, telebistan kirol hori ematea egokia ez dela esan zietelako. 4x4a «tabu» bihurtu dela dio zaleak.

«Txarrena, motorzaleak»

Azaroan, egoera salatu zuen Eibarko (Gipuzkoa) Kalamuaren Aldekoak mendizale taldeak. Idazki baten bidez, dei egin zieten erakundeei gaiaren «ardura hartu eta behingoz» aisialdiko ibilgailu horien erabilera «erregula» zezaten.

«Txarrena motorzaleak dira», dio Ernesto Igartua Kalamuaren Aldekoak taldeko kideak. Azaldu duenez, autoak bideetatik ibiltzen dira, eta motorrak non-nahi. «Begira zein finak diren: bide bat suntsitzen dutenean, beste bat bilatzen dute, garbiagoa, eta hura suntsitzen hasten dira». Azken hamar urteotan, mendi ingurua asko hondatzen ari dela dio: «Dena lokatz bidez betetzen ari da». Batez ere, Kalamua-Akondia inguruarekin dago kezkatuta, baina arazoa orokorra dela dio. «Okerrena da kaltea ez dela gertatzen jende asko biltzen duen jarduera batengatik, baizik eta oso jende gutxik egiten duen gauza batengatik».

Igartuak zehaztu duenez, beraiek ez dute debekurik nahi, baizik eta arautzea. Ulertzen du halako zaletasuna duen jendea badagoela, baina hori «horretarako lekuetan» egin beharko luketela, ez eta «nonahi» ibili. «Hondartzetan ere, guneak daude surf egiten dutenentzat. Mendian berdin».

Arauaren inguruan adostasun handia dagoela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiko Akizuk. Asteazkenean amaitu zen zuzenketak jartzeko epea. Halere, proposamenak beste lauzpabost puntu ditu, eta horien inguruan gerta daitezke ika-mikak. Izan ere, onartuz gero, mendian pistak egiteko, aldundiari baimena eskatu beharko diete lur jabeek, eta hark aztertu egingo du bideak zoruan, habitatean, urean, paisaian edo ondasun historikoan zelako eragina izango duen. «Hauteskunde aurreko garaian gaudenez, susmoa dugu ezezkoa emango digutela, planteamendu politiko hutsetik, gaiaren funtsa kontuan hartu gabe», dio Akizuk. Ibilgailuok gidatzen kirol moduan dabiltzanekin harremanetan jarri da aldundia. Trebatzeko gune edo zirkuitu bat non jarriko luketen galdetu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.