Mendi Film jaialdia

Mendi Film, erakusleiho eta bilgune

Etzi hasi eta hilaren 17ra arte mendiko zinemarik onenaz gozatzeko aukera izango da Bilboko BBK Mendi Film zinemaldian. 47 film, nazioarteko 17 estreinaldi, hiru erakusketa eta hainbat hitzaldi izango dira. Edurne Pasabanek WOP Saria jasoko du.

Mendi Film jaialdia
Iazko Mendi Film jaialdiaren irekiera saioa, Euskalduna jauregian. ENRIQUE MORENO ESQUIVEL
ramon olasagasti
2023ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Nazioarteko hamazazpi estreinaldi, 51 film Sail Ofizialean, lau film Zabalandi sailean, 30 zinema saio, hiru erakusketa sendo, mendiko zinemaren industriari begirako jardunaldi bat, lau eskola magistral, mendiko komikigintzari buruzko mahai inguru bat... hori eta askoz gehiago izango da etzi hasi eta abenduaren 17ra bitarte Bilboko XVI. BBK Mendi Film zinemaldian. Jabi Baraiazarra zuzendariak «jaialdi betea eta bete-betekoa» datorrela aurreratu du: «Kalitate handiko filmak ikusi ahal izango dira; gaitegia ere aurrekoetan baino zabalagoa da; inoiz baino zuzendari, alpinista eta protagonista gehiago etorriko da Bilbora; erakusketak ikusgarriak dira...».

Bilgunea. Eskalada batean sokaldiko kidea(k) aseguratzeko eta luzea amaitu ondoren elkartzeko lekua da bilgunea. Esanahi handiko kontzeptua da mendian. Horixe da Mendi Film ere, bilgunea: pelikula bat edo batzuk ikusteko planean aspaldiko lagunekin elkartu, filmak ikusi, han eta hemen bizitakoak gogoratu, etorkizunerako planak egin... «Hori ez da zinemaldi arruntetan gertatzen. Haietan, jendea joaten da filmak ikustera, zinemaz gozatzera, baina kito. Mendi Filmen, berriz, jendea elkartzeko asmoz dator», nabarmendu du Baraiazarrak.

Eta ez ikusleak bakarrik. Alpinistak, zinemagileak, ekoizleak, kamerariak eta mendi giroko jendea elkartzeko bilgunea ere bada Mendi Film. Hainbat proiektu eta film egosi dira zinemaldiaren arragoan. «Atzerrian, Amerikako Estatu Batuetan batez ere, mendiko zinemagintzaren inguruko jendea elkartzen da jaialdi hauetan, eta proiektu ugari sortzen da. Gurean ere ari gara bidea egiten. Falta zaiguna da profesionalizazioaren bidean urrats gehiago egitea. Nolanahi ere, arrasto onean goaz, hainbat proiektu gauzatu dira dagoeneko, eta berandu baino lehen, emaitza asko eta politak ikusiko ditugu», iragarri du Baraiazarrak.

«Falta zaiguna da profesionalizazioaren bidean urrats gehiago egitea. Nolanahi ere, arrasto onean goaz».

JABIER BARAIAZARRAMendi Filmeko zuzendaria

Iazko Mendi Filmen egosi zen, esaterako, aurten ikusminik handiena piztu duten filmetako bat: Kazuya Hiraide alpinistaren Rope. Urrezko hiru piolet irabaziak ditu Hiraidek, eta aurten bertan, Kenro Nakajima sokalagun zuela, Tirich Mir mendiaren ipar aurpegian (7708 m, Hindu Kush, Pakistan) zabaldutako bideari buruzko dokumentala ekarriko du Bilbora. «Joan den urtean Euskaldunan egin zuen hitzaldian azaldu zigun Tirich Mirreko asmoa 2023rako, eta agindu zigun lortuz gero dokumentala prestatuko zuela eta Bilbon estreinatuko zuela. Hitza bete du. Jaialdiarentzat eta Euskal Herriko mendizaleentzat, oro har, ohore handia da nazioarteko estreinaldi hau», dio Baraiazarrak.

Filmez gain, Harri, Orri, Arkatz eskaladako krokisei buruzko erakusketa da aurtengo Mendi Filmeko begietako ninia. Bilboko Berreginen Museoko aztarnategian dago ikusgai azaroaren 25etik. «Amestutako proiektua izan da. CVCko Rafa [Elorza], Eli [Azurmendi] eta Juancar [Sanz] oso eskuzabalak izan dira beren proiektua Mendi Filmekin partekatzeko. Hasieratik ikusi genuen nazioarteko hedadura izan zezakeela, neurriz eta mamiz. Askotan esaten diet: ezin duzue imajinatu zer egin duzuen. Mugarri bat izan da eta izango da krokisen erakusketa hau. Haiek bidea zabaldu dute eta orain beren bidearen krokisa egiten ari dira. CVCrekin jorratu dugun bidea ezin emankorragoa izan da, eta elkarlan horrek nazioartean jarri gaitu bai Mendi Film eta bai CVC. Batzuetan ez dakigu oso ondo neurtzen non gauden: askotan hitz egin izan dugu euskal mendizaleek nazioartean duten mailari buruz, baina mendiko kulturan ere Euskal Herria erreferente handia da».

Beste bi erakusketa ere izango dira: CVCephoto mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituen erakusketa BBK aretoan —abenduaren 9tik 14ra— eta Yhabril. Luz, montaña, ¡acción! Yhabril outdoor argazkilari bilbotarraren tamaina handiko hogei lan onenen erakusketa Bilboko metroko geltokietan —azaroaren 15etik abenduaren 30era—.

Aitortza Edurne Pasabani

Bi ekitaldi seinalatu ere izango dira: batetik, Edurne Pasaban alpinistak WOP Mendi Film 2023 Saria jasoko du etzi, jaialdiaren hasiera ekitaldian, mendiko balio sozialak zabaltzen egindako lanagatik. Bestetik, Eliza Kubarska zuzendari poloniarrari ere aitortza egingo zaio, bera baita aurten IAMF Sari Nagusia jaso duena —Mendiko Zinemaren alde diharduen nazioarteko elkargoaren sari gorena-— eta hark zuzendutako K2 touching the sky —zuzendari onenaren saria 2015eko Mendi Filmen— programatu da Sala BBK aretoan abenduaren 12ko gaueko saioan.

Pelikulez eta erakusketez gain, mendiko zinemagintzaren industriaren inguruko jardunaldi sendo bat ere antolatu da aurten, sektorean lan egiten duten profesionalei eta industria honetan murgildu nahi duten zaleentzat. Jardunaldi horretan, Eliza Kubarska, Dani Salas eta Heather Mosher zuzendariek eskola magistral bana eskainiko dute. Hainbat hitzaldi ere izango dira: besteak beste, larunbatean, Harri, Orri, Arkatz erakusketarekin lotuta argitaratu den Artea eskalada krokisetan liburuaren aurkezpena izango da eta hilaren 16an, Gailurra! Komikia eta mendia mahai ingurua izango da Kike Infame komikizale ezagunak gidatuta.

Hamaseigarrena du aurten Mendi Filmek. Ibilbide bat egin du, eta gorputz hartu du. Jaialdiak orain abenduan ditu ekitaldi nagusiak, baina gero urte osoan eusten dio sugarrari: «Mendi Tourra zutabe oso garrantzitsua da jaialdiarentzat, leiho aparta Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo jaialdiaren sugar horri eusteko. Mendi Film gizarte osoaren ahotan dago urte osoan, eta hori marka da, baita ardura handia ere», nabarmendu du Baraiazarrak.

Emanaldien sarrerak, bonuak eta programazio osoa, Mendi Film jaialdiaren webgunean.

 

 

Hamalau euskal produkzio

 

Euskal produkzioak hamalau dira, zortzimilakoak bezala, eta horietatik bederatzi Sail Ofizialean izango dira. Bostetik bat, beraz. Sail Ofizialetik kanpo, Zabalandi sekzioan, berriz, beste lau euskal produkzio estreinatuko dira, eta Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren bidez ondutako Oinez lana ere proiektatuko da. Hamalau horietatik sei dira euskaraz filmatutakoak; nabarmentzekoa da datua. Urterik urte «kopuruan eta kalitatean gora doa mendiko euskal zinemagintzaren maila», Baraiazarraren esanetan, eta horretan ere bilgune da Mendi Film: «Alde batetik, hor dago beka, eta, bestetik, saiatzen gara urte osoan aurkezten dizkiguten lanen jarraipena egiten eta egileekin hartu-emanean egoten; ahal den neurrian, ekoizleak eta sortzaileak kontaktuan jartzen ditugu... Alde horretatik, komunitate oso polita sortzen ari da».

SAIL OFIZIALA

212 MOUNTAINS
Zuzendaria: Luis Arrieta Etxeberria
Abenduaren 16an, 12:00etan, Euskaldunan

212 Mountains filma
 

Xabier Zarranzek (Barañain 1981), 20 urtez mendi lasterketetan lehiatu ondoren, euskal selekzioa utzi eta eliteko txapelketatik aldentzea erabaki du. Erabakia hartu duen urte berean, ustekabean, estatuko zirkuituko ultra garrantzitsuenetako bi irabazi ditu: Gran Trail Aneto-Posets eta Canfranc-Canfranc. Horrek bere etorkizunari buruz hausnartzera bultzatuko du berriro, eta bidean, zeharkaldi bat osatuko du Pirinioetan, 3.000 metrotik gorako 212 tontorretako batzuetan barrena.

 

UDALATX URA ETA ATXA
Zuzendaria: Eñaut Iturbe Anduaga eta Iban Aiesa Azkoaga

Abenduaren 16an, 12:00etan, Euskaldunan

Udalatx, Ura eta Atxa filma
 

Udalatx mendia (1.117 m.), bizidunen bizitokia izan da garai kontaezinetatik. Harrezkero harriek, mineralek, altzairuak eta burdinak estali dute Udalatx. Mendetan ustiatu dira mendiak eskaintzen dituen baliabide ugariak. Betierekoa dela iruditu arren, ordea, iragankorra da, eta Udalatx ere agortuz doa. Hala ere, bere erraietan bizi-bizirik jarraitzen du. Haizea da, harria, habia, gaua, magala, kobazuloa, basoa, bidexka, harkaitza, amildegia da. Bizi izandakoak, bizi direnak eta biziko direnak gogoan, Udalatx babesteko deiadarra luzatzen zaio gizarteari.

 

NOIZKO BASOA
Zuzendaria: Mikele Landa Eiguren

Abenduaren 14an, 17:30ean, BBK aretoan

Berriz hasiko den baso bat. Inoiz ikusi ez duen paisaia oroitzen ari den herri bat. Eskuekin eta aitzurrekin, lur idorrari eraginez, gainazalera atera nahi ditu noizbait Ullan hazitako zuhaitzak. Hemen etengabe jaiotzen ari da erreka, orain ere bai, eta jada ahaztu duen hizkuntza batean mintzo da. Basoa bilakatzean nork biziko ote du? Non du hasiera herri batek?

 

ZERBAIT ALDATU DA
Zuzendaria: Mikel Sarasola
Abenduaren 15ean, 17:30ean, Euskaldunan

'Zerbait aldatu da' filmeko irudia
 

Pirinioak muturreko kayakean aritzeko paradisua bihurtzen dira udaberrian, urtzaroan. Eta mendikateko ibai guztien artean, hegoaldeko isurialdean, bat nabarmentzen da: Ara ibaia. Jan Larrue eta Mikel Sarasola batu egin dira ibai hori iturburutik jaisten saiatzeko. Han goian aurkituko dutenak liluratuta utziko ditu, baina jaitsierak hain atseginak ez diren sorpresak ere ekarriko dizkie. Zerbait aldatzen ari da Pirinioetan.

 

CANTO RODADO
Zuzendaria: Ekhi Alde

Abenduaren 11n, 17:30ean, BBK aretoan
Abenduaren 12an, 20:00etan, Golem-en

Uraren higadura geldoa da. Ez du zerikusirik maiz ibaiko korrontea bezala amiltzen den gure bizimoduarekin. Gure aitona-amonek bota zituzten errekarriak aldatu egiten dira, oharkabean. Horregatik, beharbada, ibaiaren denborak agorrezina dirudi. Fabiok ibaira hurbildu nahi du, berehalakotasuna saritzen duen gaur egungo kadentziatik urruntzeko.

 

LA GARA
Zuzendaria: Julen Elorza
Abenduaren 15ean, 17:30ean, Euskaldunan

Kima, La Gara, munduko mendi lasterketarik gogorrenetarikoa da. Italiako Alpeetan egiten da, eta nazioartean oso ezaguna ez den arren, nortasun handia dauka. Lasterketa ikoniko horren istorioa da hau, eta bide batez, baita Hillary Gerardi korrikalariarena ere, paisaia liluragarrietan barrena korrika eginez amets bat gauzatu nahian: Kima lasterketako emakumezkoen marka berria ezarri nahi du.

 

LA SENDA NO MARCADA
Zuzendaria: Igor Bellido Molina
Abenduaren 16an, 19:30ean, Euskaldunan

Markatutako xendatik aldentzen garenean aurkitu ohi ditugu gauzarik liluragarrienak.

 

ICEWATERFALLS
Zuzendaria: David Arnau
Abenduaren 16an, 19:30ean, Euskaldunan

'Icewaterfalls' filmeko irudia
 

Munduko ibai azkarrenak eta ur-jauzi garaienak desafiatuz naturan murgildu eta galtzen ohitua dago Aniol Serrasolses kayakerra. Norvegiako Svalvard-era joko du oraingoan, lurreko lekurik ezkutuenetako bat esploratzera, biztanleria duen munduko lurralderik iparraldekoena. Mikel Sarasola da filmaren ekoizlea.

 

HERMELINDA Y DIANDRA
Zuzendariak: Aner Etxebarria eta Pablo Vidal
Abenduaren 12an, 17:30ean, BBK aretoan

XXI. mendearen hasieran, mendiko zaldi galiziarra galzorian zegoen. Gaur egun, A Rapa das Bestas tradizioari esker, behor eta zaldi basatiek Galiziako basoetan bazkatzen jarraitzen dute. Perun, kitxuek bikuinaren Chaccua ospatzen dute urtero, antzeko jaia, inken inperioaren garaikoa. 50eko hamarkadan, azkentzeko zorian egon ziren bikuinak, bereizi gabeko ehizaren eraginez. Chaccutarrei esker, ordea, gaur egun milaka dabiltza Andeetako mendikatean libre.

 

ZABALANDI

KONFIANTZA ITSUA
Zuzendaria: Ana Zamorano
Abenduaren 14an, 17:30ean, BBK aretoan

'Konfiantza itsua' filma
 

Begoña eta Ridouane gaixotasun arraro batek lotzen ditu: erretinosi pigmentarioak. Ondarroarra da Begoña; berberea Ridouane. Biek gainditu beharreko bideak eta doluak partekatzen dituzte, ikusmen urria dutelako. Kolektibo baztertuetako pertsonei eta ezindu fisiko eta psikikoei mendira joateko laguntza ematen dien Ibilki elkarteari esker, Gorbeia eta Toubkal (Marokon) gailurretara iristea lortuko dute.

 

LEIZETA
Zuzendaria: Ion Fontenla
Abenduaren 12an, 17:30ean, BBK aretoan

'Leizeta' filmeko irudia
 

Ataungo artadiaren erdian dago Leizeta barrunbea. Haitzuloetako egiturak nola sortzen diren azalduko digute Garazik, Naiarak eta Alaitzek, eta saguzarrak babestearen garrantziaz ere hitz egingo digute.

 

OINEZ
Zuzendaria: Leire Egaña
Mendi Film Bizkaia Ternua Beka
Abenduaren 16an, 12:00etan, Euskaldunan

'Oinez' filmeko irudia
 

Hiru txango etxeko parajeetan barrena. Bakoitzean, elkarrizketa bat, egia txiki bat errebelatzen duena. Mendia, pausuz pausu, elkarri egiak aitortzea ere badelako. Finean, oinez, mendizaletasun pausatuaren xendara itzuliz, bidea partekatuz.

 

EL FIN DE LA ETERNA PRIMAVERA
Zuzendaria: Migueltxo Molina
Abenduarean 10ean, 12:00etan, BBK aretoan

Edurne Pasaban Guatemalako Korridore Lehorreko gunerik kaltetuenetan barneratu da. Bertan, klima aldaketaren ondorioei eta gero eta ugariagoak diren lehorteei, uholdeei eta hondamendi naturalei aurre egiteko herritarrek sortutako egitasmoen berri jasoko du. Etengabe jokamolde berrietara egokituz beren bizitokian iraun ahal izateko borrokatu den jendea da betiereko udaberriaren herrialdekoa.

 

CORPÓREA
Zuzendaria: Itxaso Díaz
Abenduaren 11n, 17:30ean, BBK aretoan

Gorputz eta arima piraguismoan aritu diren eta aritzen diren hamar emakume. Espainiako kirolaren historian garrantzitsuak eta nazioartean erreferenteak diren piraguista hauek emakume begietatik azalduko dute zer zailtasun dituzten kirola eta familia-bizitza uztartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.